agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

“Guztion eskubidea da osasuntsu elikatzea, eta ez dugu horren kontzientziarik”

Karmele Felipe eta Irune Intxausti

Irune Intxausti eta Karmele Felipe nutrizionistek Elikhezi proiektua abiatu dute, nutrizio-hezkuntzan urratsak egiteko. Besteak beste, ikasleekin eta adinekoekin ari dira. Elikadura egokia osasun onaren akuilu izan daitekeela uste dute biek.

Elikadurari behar duen arreta ematea garrantzizkotzat jotzen dute Irune Intxaustik eta Karmele Felipek. Elkarren alboan egin zuten Giza Nutrizioaren eta Dietetikaren gradua, eta elkarrekin ari dira biek abiatutako Elikhezi proiektuan. Elikaduraren inguruko kontzientzia eza iraultzeko beharra du oinarri, eta tailerrak egiten dituzte adin-talde askotarikoentzat. Haien esanetan, elikaduraren inguruko jakintza ezinbestekoa da osasuntsu egoteko. Besteak beste, elikadura nahasmenduak saihesteko eta gaixotasunei aurrea hartzeko. Jolasa, teoria eta praktika biltzen dituzte Intxaustiren eta Feliperen tailerrek.

Elikhezi proiektua abiatu duzue. Zertan datza?
Irune Intxausti: Orain urtebete hasi ginen, gutxi gorabehera. Ikusi genuen gizartean beharra dagoela elikaduraren gainean kontzientzia eta ezagutza zabaltzeko. Hasieran, eskoletarako formakuntza moduan bideratu genuen, baina, gero, edozein adineko pertsonentzat prestatu ditugu saioak. Elikaduraren gutxieneko ezagutza lortzeko modu dinamiko bat da, tailerren eta jolasen bitartez.

Zergatik da garrantzitsua nutrizioaren heziketan sakontzea?
Karmele Felipe: Gure ustez, guztion eskubidea da osasuntsu elikatzea, eta ez dugu horren kontzientziarik. Denok egiten dugun zerbait da, eta ez dugu horren gaineko gutxieneko ezagutzarik. Ikastetxeetan ez dugu inoiz gaia lantzen. Pentsatzen dugu txikitatik jakin behar dela zer jan eta nola elikatu modu osasuntsuan. Osasun-prebentzioa nola landu elikaduraren bidez.
Irune Intxausti: Gero bakoitzak erabakiko du nola nahi duen elikatu, baina jakin behar da nola egiten den modu osasuntsuan. Inork ez digu hori erakutsi. Gauza batzuk erakusten dizkigute, baina jakintzen erdiak gezurrak izaten dira, mitoak.

Osasuntsu elikatzearen garrantzia azpimarratu duzue. Zer da, ordea, eta nola ikas daiteke haren inguruan?
Karmele Felipe: Jakin behar da bakoitzaren beharrak zein diren. Oro har, barazkiak eta frutak oinarrizkoak dira gure dietan, eta uztartu behar dira proteina osasuntsuekin eta karbohidratoekin, zereal integralekin eta. Oinarrizko ideia edukita, egunero dieta osasuntsua eramaten jakin behar genuke. Hori, azkar batean esanda.
Irune: Dena den, beste faktore asko ere hartu behar dira kontuan. Bakoitzaren egoera ekonomikoa zer-nolakoa den, erosketetarako zenbat denbora duen, patologiarik duen… Mila gauza hartu behar dira kontuan, baina, oro har, elikagai osasungarriak aukeratzean datza.

Arrigorriagako eta Portugaleteko ikastetxeetan izan zarete, esaterako, eta adinekoekin ere egon zarete. Nola egituratzen dira zuen saioak?
Karmele: Erakunde bakoitzak eskatzen digun tailerrak moldatzen ditugu. Bakoitzak helburu batzuk nahi izaten ditu landu, eta gu haietara moldatzen gara. Esaterako, institutuetako gaztetxoekin gehiago landu dugu dieta egoki bat nola osatu, eta adinekoekin, berriz, adinari dagozkion beharrak eta patologien prebentzioa. Haiekin sukaldaritza-tailerrak ere egin ditugu; esperientzia gehiago dutenez, gaztetxoekin baino errazagoa da. Hori da gure metodologia: teoria jolasekin lantzea, eta gero praktikara eramatea, baliabideak emanez.

Gazteen kasuan, sare sozialek eragindako idealizazioak ere lantzen dituzue?
Irune: Bai. Gai delikatua da, arazotsua, ikusi baita elikadura-nahasmenduak asko areagotu direla pandemiatik gaurdaino. Ikusgaitasuna eman behar zaio gaiari, baina kontuz ibili behar da helarazten diren mezuekin.
Karmele: Kontuan eduki behar dugu tailerretan ematen ditugun datuak edo informazioa nola transmititzen ditugun.
Irune: Hau da, demagun ikasgela batean batek elikadura-nahasmendua duela. Informazio horrek ezin du bere gaixotasuna elikatu. Uste dugu gauza garrantzitsua dela, baina delikatua.
Karmele: Gazteak oso zaurgarriak dira, eta adin horiek arriskutsuak dira. Gure tailerretan horrelako mezuak ez zabaltzen saiatzen gara, dituzten mitoak apurtzen… Horretan indar egiten dugu, informazio erreala emanez. Bestalde, ikusi dugu DBHko hirugarren mailako biologia-liburuetan elikadura lantzen dutela eta kalorien gaia lantzen dutela. Uste dugu hori ez dela bidea, oso zaurgarriak direlako. Saiatzen gara eskolako liburuen gaiak pixka bat apurtzen, eta Biologiako irakasleari gure mezua helarazten.

Badago nutrizioaz jarduteko behar beste profesional?
Irune: Alde batetik, profesionalak egon, badaude. EHUn nutrizio eta dietetikako gradu bat dago, eta urtero 50 nutrizionista berri ateratzen dira handik. Zer gertatzen da? Alde batetik, intrusismo asko dagoela. Instagram eta halako sare sozialetan, batez ere, edonork ematen ditu aholkuak. Beste alde batetik, profesionalak badaude, baina ez eskuragarri.

Elikadurak zer-nolako pisua du osasungintzan?
Irune: Nire ustez, gure lanak espazio asko har ditzake Osakidetzan. Duda barik, gaixotasunen prebentzioa da horietako bat. Tratamenduko zati ere izan gaitezke; uste dugu nutrizionisten beharra dagoela. Sendagileek eta erizainek egiten dute lan horren zati bat, baina agian behar besteko formakuntzarik eduki gabe, nire ustez.
Karmele: Gure proiektuaren barruko aukera bat izan daiteke sendagileei gutxieneko formakuntza bat ematea. Edo herri batera joan, diabetesa duten pazienteak hartu, eta formakuntza tailer bat egitea haiekin. Elikadurarekin lotura duen lanketa egitea Osakidetzarekin, eta abar. Bizi-estiloa aldatuta, aurrea har diezaiokegu osasun-arazo askori.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other