agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Mundu neurotipikoan onartuak izateko, kamuflajea

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Lindy Lab ikerketa-taldeak ‘kamuflajea’ deritzon fenomenoa aztertu du; autismoaren espektroko nahasmendua (AEN) duten pertsonen artean gerta daitekeena. Berezkoak dituzten portaerak ezkutatzean eta beste batzuk imitatzean datza, oro har. Aurrerantzean, kamuflatzen diren pertsonak testuinguru desberdinetan behatu nahiko lituzkete, beste kamuflaje-kasu batzuk ikertzeko.

Orain arte, autismoaren alorrean eta ikuspuntu akademikotik aztertu izan da batik bat kamuflajea, eta, oraingoz, ez dago ebidentzia handirik. Hala, ikerketa-taldea ere orain arte proposamenak egiten jardun da, eta fenomenoa bera zabalago azaltzen, baina, aurrerago, landutakoa praktikan jarri nahiko lukete, eta, behaketaren bidez, kamuflatu egiten direnak ikertu, bidea urratzen jarraitzeko.

Valentina Petrolini italiarra da ikerketa-taldeko kideetako bat. Psikologiaren filosofia ikasi zuen, eta doktoratu-osteko ikertzaile-lanetan dabil orain EHUn, Gasteizen. Harekin batera, Agustin Vicente filosofoak eta Ekaine Rodriguez terapeuta okupazionalak osatzen dute ikerketa-taldea. Honela azaldu du Petrolinik taldearen helbururik behinena: «Hizkuntzaren garapena aztertu nahi dugu populazio atipikoetan. Orain, autismoaren nahasmendua eta hizkuntzaren nahasmendu espezifikoa lantzen ari gara, proiektua hizkuntzan oinarritzen baita, kamuflajean, zehazki: elementuak identifikatu nahi ditugu autismoaren diagnostikoetan lagundu dezaketen hizkuntza tipiko eta atipikoaren garapenean».

Izan ere, AENa duten batzuk kamuflatu egiten dira borondatez nahasmendu horrekin lotutako portaerak ezkutatzeko, eta estrategia batzuk garatzen dituzte horretarako. Jakitun dira beren jarrera batzuk arraroak direla gainerakoentzat, eta horregatik nahi izaten dituzte ezkutatu berezkoak dituzten jokabideak. Horiek kamuflatzeko edo ezkutatzeko, beste portaera batzuk entrenatzen dituzte; esate baterako, begietara begiratzea, elkarrizketak, zer galdetu eta zer erantzun pentsatzea… Lindy Lab ikerketa-taldeak argitaratutako lanean azaltzen duenez, pertsonek bi helburu nagusi dituzte kamuflatzekoan: batetik, jokabide batzuk ezkutatzea, diagnostikoa bera ezkutatzea edo arrarotzat hartzen diren portaerak ezkutatzea; eta, bestetik, mundu neurotipikoan onartuak izatea.

«PROIEKTUAREN HELBURU NAGUSIA DA HIZKUNTZAREN GARAPENA AZTERTZEA POPULAZIO ATIPIKOETAN»

Hori guztia egiteko, baina, ahalegin bat egin behar dute, ez baitzaie modu naturalean ateratzen horrela jokatzea, modu espontaneoan. Nekea sortzen die ahalegin horrek, besteak beste, eta zenbait kasutan baita antsietatea eta depresioa ere, luzaroan egin behar duten ahalegina baita. «Luzaroan horrela jokatzea zaila denez, horrek zenbait arazo psikologiko sortu ahal dizkie», azaldu du Petrolinik.

PERTSONA NEUROTIPIKOEK ERE BAI
Pertsona atipikoen kasuan, hizkuntzaren garapena nola gertatzen den azaltzea da ikerketa-taldearen xedea, baina, horrez gain, jakin nahi dute pertsona neurotipikoen kasuan ere gertatzen ote den kamuflajea; alegia, autismorik ez dutenek ere ba ote duten kamuflatzeko joera, portaerak ezkutatzekoa edota estrategia bereziak lantzekoa zenbait egoerari aurre egiteko. Zenbait adibide eman ditu Petrolinik: «Ikerketa-lanean egin dugun beste galdera bat da, teorikoagoa, ea pertsona neurotipikoak ere kamuflatu egiten diren; adibidez, lanerako elkarrizketa bat daukatenean, beste herrialde batera bidaiatzen dutenean…».

Dirudienez, horrelako kasuetan ondorioak ez dira autistek pairatzen dituzten ondorio berak. Dena den, fenomeno nahiko berria denez, modu oso esplizituan ikertu izan da orain arte, eta ez dituzte ikertu zenbait talde, hala nola umeak eta hizkuntzarako gaitasun desberdinak dituzten pertsonak. Horregatik, ikertzaileek uste dute posible dela inkontzienteki ere kamuflatzea: «Iradokitzen dugu kamuflajeaz kontziente ez direnek ere jo dezaketela estrategia horretara, konturatu gabe».

EMAKUMEZKO GEHIAGO, GIZONEZKOAK BAINO
Autismoaren ikerketan, oro har, alde handia dago genero aldetik diagnostikoak egiteko orduan. Izan ere, atzematen dituzten kasuen artean, gehiago izaten dira emakumezkoak gizonezkoak baino, bai haurren kasuan eta bai helduen kasuan. Hainbat ikertzaileren arabera, kamuflajearen ondorioz gertatzen da generoen arteko desberdintasun hori: «Neskek eta emakumeek gehiago ezkutatzen dituzte portaerak gizonezkoek eta mutilek baino, eta, horregatik, zailagoa da emakumeengan eta neskengan autismoa atzematea» dio Petrolinik. Hori hala, uste dute emakumeak direla gehienbat kamuflatzen direnak. Haatik, behin-behineko hipotesi bat baino ez da, oraindik asko baitute ikertzeko kamuflatzen direnen inguruan.

«IRADOKITZEN DUGU KAMUFLAJEAZ KONTZIENTE EZ DIRENEK ERE JO DEZAKETELA ESTRATEGIA HORRETARA, NAHI GABE»

Autismoaren barruan dagoen heterogeneotasunak ere asko zailtzen du hipotesi hori, eta ez da bakarrik generoaren kontu bat: «Generoa alde batera utzita, oso trebetasun linguistiko-kognitibo desberdinak daude. Beraz, autismoari dagokion guztiari buruz hitz egiten dugunean, beti kontuan hartu behar dugu hori, baita kamuflajeari buruz dihardugunean ere, argi eta garbi».

Ikerketa-taldeak argitaratu duen lana lehen pauso bat baino ez da, lan teoriko bat. Aurrerantzean, ikertzen jarraitu nahi dute, eta behaketa izango dute horretarako lanabes: «Jendeak egoera desberdinetan duen portaerari erreparatu nahi diogu, testuingurua ere interesgarria baita: badirudi neska batzuk eskolan asko kamuflatzen direla, baina etxean ez. Testuinguru desberdinetan pertsonen jokabideak behatzea lagungarria izan daiteke beste kamuflaje kasu batzuk detektatzeko. Gure ustez, dagoeneko ezagutzen ditugun neurriak erabiltzen jarraitu behar dugu, hala nola galdetegiak, baina oraindik existitzen ez diren beste neurri batzuk gehitu beharko ditugu. Eta horretan dabil gure taldea».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other