agenda ยป apirila | HARPIDETU BULETINERA

337.000 pazientek baino gehiagok lehenetsi dute euskara Osakidetzarekin komunikatzeko

Osakidetzaren jarduera gehienek giza eta gizarte traszendentzia handia dute, gizakion biziaren alderdi intimo eta garrantzitsu bati lotuta daudelako, eta egoera horietan komunikazio hurbila eta segurua osasun-arrakastaren giltzarria da. Horregatik, funtsezkoa da erabiltzaileei erosoen eta seguruen sentitzen diren hizkuntza ofizialean komunikatzeko aukera ziurtatzea, lotuta baitaude hizkuntza, pazientearen segurtasuna eta zerbitzuaren kalitatea.

Testuinguru horretan ulertu behar dugu Osakidetzako pazienteen lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa sortzeko ekimena. Erregistroa erronka nagusietako bat da II. euskara-planaz geroztik.

Lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa anbizio handiko proiektua da, eta haren helburua da jakitea zenbat pazientek eta zeinek nahiago duten Osakidetzarekin euskaraz komunikatu, eta, horren arabera, kalitate handiagoko zerbitzua eskaini ahal izatea, nori bere hizkuntzan. Horren bitartez, euskarazko zerbitzuen eskaintza aktiboa areagotu nahi du Osakidetzak: herritarrei aurrea hartu eta euskarazko arreta eskaini.

2017. urtean, Osasun Sailak eta Osakidetzak dibulgazio publikoko kanpaina bat abiarazi zuten, herritarren artean proiektuaren berri zabaltzeko, lehentasunezko hizkuntza erregistra zezaten, euskara edo gaztelania. Urteko programa-kontratuetan erregistro horri buruzko adierazle bat sartzea eta aldizkako segimendua egitea ere erabaki zuten.

Hortik aurrera, lehentasunezko hizkuntza erritmo onean erregistratu da.

2020ko martxoan, II. euskara-planaren ebaluazioa hasi aurretik, zerbitzu-erakundeen erdietan lortua zuten pazienteen % 65en lehentasunezko hizkuntza erregistratzearen helburua. Osakidetza bere osotasunean hartuta, 2020ko martxoan 1.534.551 pazienteren (totalaren % 63,63) lehentasunezko hizkuntza zegoen erregistratuta, eta horietatik 291.086k euskara hautatu zuten.

2023an Osakidetzak eta Osasun Sailaren komunikazio-kabineteak kanpaina instituzional bat abiarazi dute, berriz ere, herritarrak animatzeko, adieraz dezaten zein hizkuntzatan izan nahi dituzten harremanak Osakidetzako profesionalekin nahiz gainontzeko komunikazioetan. Erregistroa Osasun Karpetan egin ahal da, baita osasun-zentroetako harrera-unitateen edo osasun-langileen bidez ere.

Euskara lehentasunezko hizkuntza gisa aukeratzen duten pertsonen kasuan, bai aplikazio asistentzialetako datu pertsonaletan, bai bestelako identifikazio-elementuetan, e ikur urdina agertzen da, Osakidetzarekiko harremanean euskara erabiltzea nahiago dela adierazten duena. Horrela, profesionalek erraz identifika ditzakete euskara nahiago duten erabiltzaileak.

Une honetan, Osakidetzako erabiltzaileen % 78 inguruk jakinarazi dute zein hizkuntzatan jaso nahi duten osasun-arreta, eta 337.000 pertsonak baino gehiagok adierazi dute harremanak euskaraz nahi dituztela. Planaren iraunaldia amaitzerakoan, erabiltzaile guztiek Osakidetzarekin duten komunikazio-hizkuntzaren erregistroa egina izatea da helburua.

Ekimen honen bidez Osakidetzak osasun-arloko komunikazio-hizkuntzaren inguruan pazienteek dituzten lehentasunak ezagutu nahi ditu, eta erregistroaren helburua da, eskariaren arabera, asistentzia-maila desberdinetan behar diren osasun-zerbitzuen euskarazko eskaintza integrala artikulatzea, dela Lehen Mailako Arretan, Ospitaleko Arretan edo Osasun Mentalean.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other