agenda » urria | HARPIDETU BULETINERA

“Etxeko arretak arriskuak detektatzen eta pazienteen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen du”

Aintzane Telleria • Erizainburua

Irungo Erdialdeko Anbulatorioko erizainburua da Aintzane Telleria Echeveste. Iaz, balorazio integral bat egin zieten etxean artatzen dituzten paziente kronikoei. Azterlan horren helburua izan zen deskribatzea erizainek nolako jarduerak egiten dituzten paziente horiek bisitatzen dituztenean. Gainera, azterlanak agerian utzi du erizainen lana ezinbestekoa dela alor horretan, are kontuan izanda urtetik urtera gero eta paziente kroniko gehiago direla etxeetan.

Zertan datza zehazki azterlana?
Zeharkako azterketa deskribatzaile bat da. Lehen Mailako Arretako Unitatean «etxeko paziente kroniko»bezala sailkatzen ditugun guztiei balorazio integral bat egin genien; haien baimena eskatu genuen lehenengo azterlana egiteko. Lan horretan, lau dimentsio baloratu genituen: fisikoa, funtzionala, mentala eta soziala. Hala, azterlanaren helburu nagusia izan da, batetik, deskribatzea nolako ezaugarriak dituzten unitatean kroniko gisa sailkatutako etxeko pazienteek, eta, bestetik, deskribatzea erizainek nolako jarduerak egiten dituzten etxez etxeko bisitetan. Beste helburu batzuk ere ezarri genituen, hala nola zehaztea zenbatek jasotzen duten zerbitzu hori, eta adostea nolako baldintzak behar diren paziente bat etxeko kroniko gisa sailkatzeko.

Zer-nolako gabeziak ikusten dituzue horrelako azterlan bat martxan jarri behar izateko? Zein izan zen abiapuntua?
Lehen Mailako Arretan, arreta etxean emateko programa bat dago. Programa horren barruan, erizaina pazienteen etxera joaten da, eta pazientearekin eta haren familiarekin hainbat ariketa egiten ditu; besteak beste, pazientea hobetzeko ariketak, jarraipena egiteko ariketak, zainketak egiteko… Paziente horiek etxetik atera eta zentro batera joateko gai izango balira, jarduera horiek zentroko kontsulta batean egingo lituzkete, baina, ezin dutenez, erizainak etxera joaten dira. Horri esker, pazientea modu integralean artatu daiteke gaixotasunaren fase eta une jakinetan, eta, gainera, familiaren ohiturak ezagutzen, arriskuak detektatzen eta pazienteen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen du; horregatik, beharrezko eta funtsezko baliabidea da paziente batzuentzat.

«EMAITZEN ARABERA, % 92,7K MENDEKOTASUNA DUTE EGUNEROKO OINARRIZKO JARDUERAK GAUZATZEKO»

Eta erizainek nolako lan karga dute?
Zentroko erizainon ustez, pazienteak errazago joaten dira kontsultara profesional medikoaren arreta behar dutenean, baina erizaintzako profesional baten arreta behar dutenean, etxez etxeko laguntza eskatzen dute, oro har. Gainera, Lehen Mailako Arretako gure unitatean erizainek egiten dituzten etxeko zerbitzuak mediku profesionalek egiten dituzten zerbitzuak halako sei dira, eta kopurua handituz doa. Gainkarga horren ondorioz, beharrezko zaintzak aplikatzen dira, baina, denbora nahikorik ez dugunez, ezin ditugu, adibidez, hobekuntza-jarduerak egin, eta hori ere bada Lehen Mailako Arretako erizainaren eginkizunetako bat.

Etxeko laguntza sanitarioa emateko, osasun-arloko profesionalak zentrotik kanpo jardun behar du. Joan-etorriengatik eta aparkatzeko sor daitezkeen arazoen ondorioz, denbora gehiago eskatzen du laguntza mota horrek. Gaur egun, eskaera handia dago, eta horrek gainkarga ekarri du. Hori dela eta, denbora-falta are handiagoa da, eta, etxeko arreta paziente batzuentzat beharrezko eta funtsezko baliabidea denez, etxeko kroniko gisa etiketatutako pazienteak ebaluatzea planteatu genuen.

Erizainek pazienteei egindako bisitetako osasun-jarduerak deskribatzea izan da helburuetako bat. Zein dira jarduera horiek?
Bisiten % 74,5 programatuta daude. Erizainak egin beharreko jardueren artean daude txertoak jartzea, odola ateratzea, gaixotasun kronikoak kontrolatzea, sendaketak egitea, ahoko antikoagulazioa kontrolatzea, medikazioa ematea, zainketa aringarriak egitea…

Nolakoak dira azterlanaren ondorio nagusiak?
Lortutako datuen arabera, profil hau ondorioztatu ahal izan da Lehen Mailako Arretako gure unitatean etxean artatzen diren paziente kronikoentzat: emakume oso helduak dira, alargunak edo ezkongabeak, familian bizi direnak eta mendekotasun handia dutenak. Beste ondorioetako bat izan da programatutako bisita bakoitza ordubete ingurukoa izaten dela, joan-etorriak kontuan hartuta.

Eta, hasieran aipatu dituzun lau dimentsioei dagokienez, nolakoak dira datuak?
Dimentsio fisikoari eta funtzionalari dagokionez, % 92,7k mendekotasuna dute eguneroko oinarrizko jarduerak gauzatzeko, Barthelen indizearen arabera, eta 50,4 puntukoa da batez beste; horrek mendekotasun larria adierazten du. Braden eskalaren arabera, % 37,7k ultzerak izateko arrisku handia edo oso handia dute. % 71,7k polimedikazio-irizpideak betetzen dituzte, eta % 74k erabateko laguntza edo gainbegiratzea behar dute medikazioa hartzeko. % 50,9k malnutrizio-arriskua dute, eta % 11,6k malnutrizioa bera, Mini Nutritional Assesment indizearen arabera. % 38,5ek murtxikatzeko zailtasuna dute, eta % 26,6k, irensteko zailtasuna.

Balorazio psikologikoari eta mentalari dagokionez, berriz, % 39,4k narriadura kognitiboa dute, Pfeiffer eskalaren arabera, eta % 49,6k depresio-sintomak, Yesavage eskalaren arabera. Eremu sozialean, % 77, 5 familiarekin edo antzeko adineko pertsonekin bizi dira, eta % 22,4 bakarrik; horietatik % 2,1 familia-ingurunearen babesik gabe. Gainera, % 89,2k zaintzailea dute.

Bottom-up gisa dago onartuta proiektua. Zer esan nahi du horrek?
Osasun-erakundeetatik sortutako ekimen berritzaileak dira bottom-up proiektuak, eta asistentzia-sareko osasun-profesionalek diseinatzen eta garatzen dituzte. Besteak beste, jardunbide egokiak, erabiltzaileei ematen zaizkien zerbitzuen kalitatea hobetzen duten proiektuak, antolaketa-proiektu berritzaileak eta beste erakunde batzuetan dagoeneko garatuta dauden ekimenak. Profesionalen ekimen berritzaileak biltzen eta babesten saiatzen dira, betiere erakundeen helburu estrategikoekin bat badatoz eta diseinu egokia badute. Proiektu horien helburua da osasun-erakundeetan ezagutza sortzea eta berrikuntza sustatzea.

Publikoaren Saria eman zizueten 2022an, Gipuzkoako Erizainen Elkargoak antolatutako Conocer-Nos jardunaldietan…
Lankide batek jaso zuen saria, eta hark aurkeztu zuen lana jardunaldi horretan, ni Euskal Herriko Zainketen II. Jardunaldi Multiprofesionalean nengoelako. Irungo Erdialdeko Zentroan erizaintzan aritzen diren profesional guztiek egindako lanaren aitorpena da, modu aktiboan parte hartu baitute, eta horiek gabe ezinezkoa izango baitzen proiektua gauzatzea. Horrelako aitorpenak beharrezkoak dira, egiten den lana ikusarazten laguntzen dutelako eta gainera aurrera egiten laguntzen dutelako.

Eta zein izango da hurrengo pausoa?
Etxeko paziente kronikoaren profila zehaztu ondoren, hurrengo urratsak honako hauek izango lirateke: batetik, paziente horien narriadura funtzionala errazten duten arazoak edo egoerak detektatzea, eta, bestetik, esku-hartzeak planteatzea, arreta hobetzeko eta paziente horien narriadura funtzionala saihesteko edota atzeratzeko. Lortutako emaitzekin argi geratzen da esku-hartzeak planteatu behar ditugula erorikoak prebenitzeko, % 50 gutxienez behin erori egin baitira; ultzerak prebenitzeko ere bai, % 38k arrisku handia edo oso handia dutelako horiek jasateko; loaren kalitatea hobetzeko ere lan egin behar dugu, % 50ek ez baitute ondo lo egiten, botikak hartu arren; eta elikaduran ere eragin behar dugula ikusi dugu, % 51k malnutrizio-arriskua dutelako eta % 12k malnutrizioa bere horretan.

Horregatik, ildo hauetan lanean jarraituko dugu: gaitasun funtzionala, mentala eta bizi-kalitatea hobetzea —zaintzak planifikatzea kostuak murriztuz (zerbitzuen bikoiztasunak, polifarmazia, berrospitaleratzeak eta abar saihestea)— eta zainketen jarraitutasuna bilatzea.

Beste profesionalei baliagarria zaie azterlanaren berri izatea? Zergatik?
Azterlan honek agerian uzten du erizaintzak arlo horretan duen garrantzia, eta urtez urte handitzen ari dela arlo horretan dagoen lan karga, gero eta paziente gehiago artatu behar baititugu etxeetan. Gainera, informazio espezifikoa ematen du, eta jardueren aldaketa- edo hobekuntza-estrategiak orientatzeko oinarri izan daiteke, behatutako patologien arabera eta egungo zaintza-beharretara egokituta. Horregatik guztiagatik, beharrezkoa ikusten dugu giza baliabide eta baliabide material gehiago izatea zerbitzu hori emateko.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other