agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Konpainia eta denbora, agurraren gakoak

Bilbo-Basurtuko ESIan gida bat sortu dute Pediatria-Neonatologia, Obstetrizia-Ginekologia, Psikiatria eta Lehen Mailako Arreta zerbitzuetako langileek elkarlanean; jaiotzaren inguruko doluari buruzkoa da, eta saria jaso berri du komunikaziorik onenagatik. Gai konplexu horretan, osasun-sistema gizartea baino pauso bat atzerago doala azpimarratu dute, eta osasun-langileen funtzioa dela familien denborak errespetatzea eta uneoro haiei lagun egitea.

Familia batek haurra galtzen badu jaio ostean zein aurretik, estres handia jasan ohi du. Hain zuzen, bederatzi hilabetez seme edo alaba baten zain egon ostean heriotza bat gertatzean edo haurdunaldiko edozein momentutan gertatzen diren galeretan inguruko guztiak markatzen du doluaren bilakaera. Eva Sesma haur eta gazteen psikiatrak dioenez, heriotza horren inguruan jasotako arretak adieraziko du pronostiko aldetik eboluzioa erraztu edo psikopatologiaren bat ager daitekeen. Beraz, osasun-inguruneak berebiziko garrantzia du jaiotzen inguruko doluan, normalean heriotza horiek inguru horretan gertatzen direlako. Hain zuzen, hori izan zen Bilbo-Basurtuko ESIko talde baten abiapuntua. Jaiotzaren inguruko doluan gertatzen denari osasun-alorretik modu integralean erantzuteko premia ikusi zuen, eta, Sesmarekin batera, diziplina anitzeko gida bat ondu dute Tania Arribak eta Irene Romerok (obstreta-ginekologoak), Ana Agirrek (neonatologoa), Lorea Garciak (emagina) eta Irene Carrerak (Lehen Mailako Arretako emagina). Komunikaziorik onenaren saria lortu berri dute Ospitaleen eta Kudeaketaren Espainiako 23. Biltzarrean..

«NORBAIT HILTZEN DENEAN ESATEN DENA ETA ESATEN EZ DENA, EGITEN DENA ETA EGITEN EZ DENA OINARRIZKOAK DIRA DOLUAREN EBOLUZIO DIAGNOSTIKOAN»

Ingurua da dolu perinatalean garrantzitsuena. Hiru zutabe nabarmendu dituzte adituek: konpainia, informazioa eta erabakiak familiek hartzea. Alde horretatik, ezinbestekoa da hori guztia garaiz egitea. «Laguntzeko denbora behar da; denbora behar da informazioa emateko, familia bati jakinarazten diozunean bere haurra hilda dagoela; berehala hasten bazara prozesu osoa azaltzen, ez dute informazio hori jasoko, eta, informazioa jasotzen ez badute, ez dira gai izango erabakiak hartzeko», azaldu du Garciak. Horregatik, denbora ematea funtsezkoa da prozesuaz jabetu eta erabakiak hartzeko. «Profesionalok ezin dugu presaka tratatu; denbora nahikoa eman behar zaie familiei shock-egoeratik ateratzeko eta ematen diegun informazioa barneratzeko». Hain zuzen, beren prozesuaren protagonistak izan behar dute dolua hobeto eramateko.

Jaiotzaren inguruko dolua haurdunaldikoa zein jaioberritakoa izan daiteke. Horren arabera, profesional batzuek edo beste batzuek parte hartzen dute. «Jaioberri bat hiltzen bada neonatologiako unitatean, adibidez, emaginak ez ginateke egongo, bertako erizain, neonatologo eta psikiatrak egongo lirateke», azaldu du Garciak. Haurdunaldiko heriotzak eta galerak (abortuak, kasu) tabu handiagokoak dira, oraindik ere haurtxotzat ez hartzeko balio erantsi hori dutelako. Kasu guztietan, familiei lasaitasuna eta denbora eman behar zaie, eta gauzak nahi bezala egiten utzi agurra egiteko orduan, hori lagungarria izango baitzaie gerora.

 

ZER ETA NOLA EGIN
Norbait hiltzen denean esaten dena eta esaten ez dena, egiten dena eta egiten ez dena oinarrizkoak dira doluaren eboluzio diagnostikoan. Horretan saiatzen da Bilbo-Basurtuko ESIko taldea. «Profesional orok jakin behar du zenbat balio duen bere jardunak une horietan, bere osasun-jarduerak eta ekintzek eragin zuzena dutela pronostiko baten bilakaeran», dio Sesmak. Nabarmendu du haurra galdu berri duen familiaren arreta ez duela psikiatrak edo psikologoak soilik ematen, horrekin kontaktuan dagoen edonork lagun egiten duela doluan.

«Neurrira egindako jantzi bat egitea» da kontua. Aintzat hartu behar da mundu guztiak ez duela gauza bera eta une berean behar. Jaiotzaren inguruko doluen kasuetan, beti jarduten da modu batera edo bestera; esaterako, hurbiltasunetik lagundu dakioke norbaiti. Dena den, Garciak dioenez, baliteke beldurra dela medio distantzia bat hartzea edo eskurik ez hartzea, eta hoztasun horrek gero familiei modu okerragoan erasan diezaieke. «Azkenean, haurraren agurraren oroitzapen guztiak sortzen ari gara gu ere».

«FAMILIEI LASAITASUNA ETA DENBORA EMAN BEHAR ZAIE, ETA GAUZAK NAHI BEZALA EGITEN UTZI AGURRA EGITEKO ORDUAN, HORI LAGUNGARRIA IZANGO BAITZAIE GERORA»

Oraindik asko dago egiteko profesionalen sentsibilizazioan: «Gaur egun, gai honetan, gizartea eta bereziki esperientzia hori izatea egokitu zaion jendartea aurrerago doa osasun-arloarekin alderatuta; gu atzetik goaz, baina pazienteengandik ikasten ari gara, eta behar dutena eskaintzen saiatzen gara», dio Arribak. Ikuspegiak osatu nahian sortu zen taldea, hain zuzen. Zer egiten ari ziren, eta zerekin ez ziren eroso eta konforme sentitzen aztertu zuten, eta era berean ebidentzia zientifikoan zegoena berrikusi zuten. Hala, gida horren bidez, adostasunezko dokumentu bat sortu nahi izan dute, gauzak adierazteko euskarri bat izateko. Dokumentua sortuta, helburua litzateke zabaltzea. Hala ere, argi dute gauzak idatzita geratzen badira eta jendeak ez baditu aplikatzen ez dutela balio.
Helburu nagusia da etorkizunean dolu perinatal baten konplikazioagatik entitate psikopatologiko bat saihestea. «Osasun mentala zaindu behar da, ez bakarrik galeretan, baizik eta haurdunaldi guztian. Gure eguneroko kezka da, ikuspuntu askotatik begiratuta, eta doluan jarri dugu arreta, ikusarazi behar delako eta ondorio gehiegi jasotzen genituelako», esan du Agirrek.
Berrikuntza-proiektuen alorrean jaso dute komunikaziorik onenaren saria ospitaleen kongresu batean, ospitaleetako kudeaketa hobetzea helburu duen kongresu batean, zehazki. Diotenez, kudeaketa ona ez da diru gutxirekin tratatzeko gaitasuna izatea, baizik eta prebentzio-tresna erabilgarriak edukitzea. «Jaiotzaren inguruko dolu-programa bat martxan jarri, eta, urteen buruan pertsona horiek ez badira laguntza eske joaten osasun mentaleko zentro batera, benetan ondo kudeatzen ari garen seinale izango da». Hala, prebentziorako neurri gisa prestatu dute programa. Jaiotzaren inguruko doluaren aurretik, bitartean zein ondoren laguntzeko, eta dolu hori zailtzearen ondorioz entitate psikiatriko edo psikopatologiko bat agertzea saihesteko. Ospitalean aurrera egitea gustatuko litzaieke, errekonozimendutik harago. «Asmoa familiengana iristea da, gida baliabideekin martxan jartzea».

 

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other