agenda » martxoa | HARPIDETU BULETINERA

Ez da erraza zahartzea

Agurtzane Ormatza • SEXOLOGIA

Azkenengo boladan gure andre nagusiekin lan egitea tokatu zait; lan zoragarria da… Ikusgarria da zelako indarra daukaten, zelako ahalmena euren gainera barre egiteko, zelako gogoa ikasteko, zelako gaitasuna bizitzako garai honetaz gozatzeko…

Ez da erraza, ez, eta haiek aurrera doaz.

Ez da erraza zahartzea, kontuan hartuta gure gizartearen gorputz eredua gaztetasuna dela eta mila ebakuntza, krema, baliabide saltzen dizkigutela zahartzaroa estaltzeko.

Ez da erraza zahartzea; izan ere, gure gizartearen erotikaren eredua arintasuna eta bizkortasuna da, eta mila sendagai saltzen dizkigute andreen benetako desioak alboratuta.

Ez da erraza zahartzea, gure gizartearen bizitzeko eredua bikotearena baita, are gehiago heterosexuala, elkarbizitzarena, monogamikoa eta gaztetasunarena… Beste aukera guztiak baztertuta edo gutxietsita daudenez gero.

Ez da erraza zahartzea, gure gizartean adin batetik aurrera ginekologoarengana joatea ere ezinezko prozesua baita, adin horretan gure aluak (antza denez) ez duelako inolako beharrik jada. Ez da erraza zahartzea, gure gizartean berba horri lotutako guztiak —hirugarren adina, nagusiak, atsoak, agureak…— kutsu ezkorra baitu.

Ez da erraza zahartzea gure gizartean oraindik hazkuntza pertsonalari lotutako ikastaroetan andreak baino ez daudelarik.

Ez da erraza zahartzea andreek badakitelarik edo sentitzen dutelarik printzipioz beste hogei urte dauzkatela aurretik eta aldi berean heriotzaren mamua hurbiltzen ari zaiela.

Ez da erraza zahartzea, kontuan hartuta askok egun batetik bestera lana utzi behar dutela, baina, halere, mundu korapilatsu honetan beste hamar mila gauza eskatzen zaizkiela: amama-ama lanak egitea, etxeko lanetan jardutea, bikotekidea zaintzea, gazte mantentzea, aisialdian murgiltzea…

EZ DA ERRAZA ZAHARTZEA GURE GIZARTEAREN GORPUTZ EREDUA GAZTETASUNARENA IZANIK

Ez da erraza zahartzea gure gizartean kontuan hartzen ez delarik andre horiek familiak eraiki dituztela, umeak hazi eta hezi egin dituztela, bikote harremanak sustatu, familiak gizonarekin edo gizona alboan izan barik aurrera atera.

Horrez gain, lan duin bat etxean zein kanpoan izatea; sex shop batera joateko gogoa eta indarra batu eta lehen aldiz joatea; bikote harremanetan izan diren krisiei aurre egin eta harremana bideratzea, gorputz mugikortasun txikiagoa izan arren, Kama Sutra-n adituak izatera behartuta egotea eta erotikaren bideak erraztea.

Bikotekidearekin txarto egon eta gizarteari aurre eginez banatzea —modan ez zegoenean—, bikotekideari edo seme-alabei ezetz esatea pentsatzea eta 70 urterekin kapaz izatea euren sexualitatea garatu eta eraldatzeko, euren gorputza onartzeko lehen hilekotik azkena izan arte, eta hamar-hogei urte geroago ere maitatzea, behar izan duten guztietan euren lekua aldatu eta berreraikitzea. Alargundu eta tristeziari bidea ematea, baita ere alai jokatzea, bikotekiderik gabe bizi eta gorputz gozagarria lantzea, orgasmoaz gozatzeko grina galdu gabe sexologoarengana joatea nola lortu jakiteko, KZ gunean sarean ibiltzen ikastea eta sareak ematen dituen aukerez gozatzea…

Andre horiek euren akatsekin eta baliabideekin bizitza erdia baino askoz ere gehiago bizi izan dute. Zer edo zer ikasiko zuten, eta zer irakatsi edukiko dute. Horregatik, jada, denon miresmena behar dute.

Gure arbasoen altxorra gure amamen eta gure amen baitan dago. Beraz, entzun dezagun zer daukaten esateko, arreta ipin dezagun haien egiteko moduetan, eskertu diezaiegun egin duten bidea.

Guk, profesionalok, eskaintzeko duguna neurri handi batean andreen bidearen ezagupenetik dator. Adibidez, bide horretan haien indarra azpimarratuz, haien desioaren oihartzuna entzun eta haiei bueltatuz, haien gorputzaren ximurrei argazkia ateraz, begirada berri goxo bat ezarriz, eraiki dutena erakusleihora eramanez…

Sexologian jakitunok, zientziak alor honetan oraindik asko egiteko badauka ere, gure baliabideak, teoria, ezagutzak eskaintzea baino ez daukagu, haien bizipenak ulertzeko eta dauzkaten desioak lortzen laguntzeko.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other