agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Bizitza aktiboa eta osasuntsua izateko bidea

Paziente Bizia programak autozainketarako eta bizitza aktiboa edukitzeko tresnak ematen dizkie pazienteei, ongizate emozionala nola landu esaterako. Gaitz kronikoren bat dutenentzat eta haien zaintzaileentzat sortu zuten 2010ean. Egun, ordea, herritar guztientzako saioak egiten dituzte. Antzeko gaitzak dituzten pertsonen arteko saioak dira, eta monitoreak egoera bera bizi izandakoak dira. Saioak aurrez aurre, online edo bideo-deien bidez egiten dituzte.

Gaixotasun kroniko bat pairatzen dutenek errotik aldatu behar izaten dituzte beren eguneroko ohiturak eta jokabideak, modu horretan lortzen baitute osasuntsuago egotea eta bizimodu aktiboagoa izatea. Alabaina, ez da erraza aldaketa horiek bakoitzak bere kabuz egitea, inoren laguntzarik eta sostengurik gabe, aldaketarako tresnak eskura izan gabe. Osakidetzan bada horretarako bidezidor bat, prozesu horretan laguntzeko prest dauden bidelagunak: Paziente Bizia programa. Izan ere, nork bere burua zaintzen ikasteko programa da Paziente Bizia, gaixotasun kronikoren bat dutenentzat nahiz pertsona horiek zaintzeaz arduratzen direnentzat sortua. Autozainketa eta prozesuaren autokudeaketa ikastean eta praktikan jartzean datza batik bat, eta, horretarako, motibazioa, konfiantza eta gaitasun pertsonalak lantzen dituzte, besteak beste. 2010. urtean martxan jarri zutenetik hona, 8.700 pertsonari baino gehiagori lagundu diete ekinbide horren bitartez. Gaur egun, herritar guztientzako programak dituzte abian, gaitz kronikoren bat izan ala ez; adibidez, diabetesa, bihotz-gutxiegitasuna edo gaitz kronikoren bat dutenentzako programez gain, bestelakoak ere badituzte: minbizia pasatu dutenentzat eta haien zaintzaileentzat, entrenamendu aktiboa eta ongizate emozionala landu nahi dutenentzat, edota gizarteko arlo jakin batzuei zuzendutakoak ere, hala nola ijitoen komunitateentzako lanketa egiten duena. Guztira, zazpi tailer daude aktibo gaur egun.

SAIOETAN GAITZA PAIRATU EDO GERTUTIK EZAGUTU DUTENAK DIRA GIDARIAK

Lourdes Ochoa de Retana eta Irene Duo profesionalek kudeatzen dute Paziente Bizia programa. Ochoa de Retana programako arduraduna da Osakidetzan, eta Duo, berriz, Donostialdeko ESIko koordinaziorako erreferentea. Bulego barruan egiten duten lanaz gainera, monitore eta parte-hartzaile ere izan dira Paziente Bizia programaren barruko ekintzetan. Horixe baita programa horren muina, pareen arteko prozesu bat. Profesionalek zein pazienteek maila berean ekiten dute, elkarri informazioa emanez eta elkarri lagunduz egiten dute aurrera. Ur-jauzi baten modura deskribatu dute prestakuntza, helburua baita pazienteei tresnak ematea arazoei aurre egiteko eta ohiturak aldatzeko. Astean behin elkartu ohi dira, bi ordu eta erdi inguruko saioak egiten dituzte, eta teknikak garatzen dituzte familiarekin eta osasun-arloko profesional taldearekin komunikatzeko, erlaxatzeko eta emozioak kudeatzeko. Gainera, bizimodua eraldatzeko eta ohitura osasungarriak izateko informazioa ere jasotzen dute parte-hartzaileek: ariketa fisikoari buruzkoa, elikadura osasuntsua izateko argibideak, medikazioaren erabilera egokia eta gaixotasunaren inguruko oinarrizko ezagutzak.

Saioetan gaitz hori pairatu edo gertutik ezagutu dutenak dira gidariak, parte-hartzaileen egoera eta sentimenak inork baino hobeto ezagutzen dituztenak. Pertsona horiek trebakuntza berezia jasotzen dute Osakidetzako profesionalen eskutik, beraiek saioak gidatu aurretik. Prestakuntzari esker ikasten dute zer-nola landu, bidelagun nola bihurtu, parte-hartzaileei behar duten guztia nola eskaini…

Standford Unibertsitateko metodologia
2009. urtean erabaki zuten Osakidetzako profesionalek gaitz kronikoren bat zuten pazienteak beste nolabait artatu behar zituztela. Ochoa de Retanak emandako datuen arabera, 65 urtetik beherakoen % 45ek edo gehiagok zeukaten gaixotasun kroniko bat garai hartan, eta 64 urtetik gorakoen artean, berriz, % 87k. Gainera, ohartu ziren gaitz kronikoak lantzeko heziketa indibiduala baino ez zegoela, eta hori irauli nahi izan zuten: «Kontsultan ikusten genuen paziente kronikoei heziketa indibiduala ematen geniela bai medikuek bai erizainek, eta ia ez zegoela aukerarik talde-saioak egiteko. Horregatik, hemendik kanpo zeuden ereduak aztertzen hasi ginen, pazientearengana errazago iristeko». Europako herrialde askotan erabilitako metodologia aurkitu zuten hala, emaitza onak lortu zituena, Standford Unibertsitateko Paziente Aditua programa hain zuzen. Ondorioz, hango bi profesional Osakidetzara etorri ziren, eta hemezortzi profesionali eta hiru pazienteri metodologia horren inguruko prestakuntza eman zieten. Oinarri horrekin hasi ziren ikasitakoa pazienteei helarazten, 2010ean, eta diabetesa zein gaixotasun kronikoren bat zutenentzako tailerrak sortu zituzten Paziente Bizia programaren barruan. 2014tik aurrera, kontseilaritzak proposatu zien Stanfordeko metodologia haien beharretara egokitzea, eta hala egin zuten: oinarrian hasieran ikasitakoari eutsita, beste tailer batzuk sortuz joan ziren, ahalik eta paziente gehien erakartzeko.

Paziente Bizia programaren barruan egindako tailer bat. Arg: Osakidetza

Pandemiak ere beste inflexio-puntu bat ekarri zion programari, aurrez aurreko saioak bertan behera geratu baitziren. Hala ere, programaren sustatzaileek, parte-hartzaileek eta monitoreek lanean jarraitzeko gogoa zutenez, bideo-dei bidezko tailerrak antolatzen hasi ziren. Gainera, bide horrek aukera eman die pertsona gehiagorengana iristeko, aurrez aurreko saioetara joaterik ez dutenentzako aukera ona baita. Hala, tailerretan parte hartzeko hiru aukera daude gaur egun: aurrez aurrekoa, bideo-deia eta plataforma asinkronoa.

BIZIMODUA ERALDATZEKO ETA OHITURA OSASUNGARRIAK IZATEKO INFORMAZIOA JASOTZEAZ GAIN, TEKNIKAK GARATZEN DITUZTE FAMILIAREKIN ETA OSASUN-ARLOKO PROFESIONALEKIN KOMUNIKATZEKO EDO EMOZIOAK KUDEATZEKO

Sariak eta aitortzak
Parte-hartzaileen balorazioa oso ona izaten da, asko eskertzen baitituzte monitorearen lana, egiten dituzten ariketak, ematen dizkieten tresnak… Programatik kanpo ere aitortzak jaso ditu Paziente Biziak. Duela gutxi, esaterako, minbiziaren inguruko tailerretako parte-hartzaileekin egindako ikerketa kualitatiboa argitaratu dute Plos One aldizkarian. Iaz Erizaintza Elkargoak programa hori goraipatu zuen. Horrez gain, NAOS estrategia sarietan ere izan ziren sarituak 2020an, Erizaintza Garatzen sariketan 2014an, baita finalistak 2018an ere. Urte horretan Francisco Garces Roca saria jaso zuten, ijitoen komunitatearekin egindako programagatik.

Arduradunak lanean jarraitu eta programa garatzeko gogoz daude: «Hazten jarraitu nahi dugu profesional gisa. Sarean lan egiten duten profesional guztiek ezagutu beharko lukete Paziente Bizia, eta barrutik gainera», adierazi du Ochoa de Retanak. Duok ere bide beretik jo du: «Nire ibilbide profesionaleko helburua beti izan da pazientearekin lan egitea, eta Paziente Biziak horretarako aukera eman dit». Badakite lasterketa luzea dela, ohiturak aldatzea zaila da-eta, baina itxaropentsu daude datorkienarekin.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other