agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

“Euskara-planaren garapena zuzendaritzen bitartez bideratuko da, eta erdi mailako agintariek hedatu eta inplementatuko dute erakunde osoan”

Agustin Agirre • Donostialdeko ESIko zuzendari-gerentea

Joan den maiatzaren 31n, Info Donostialdea Donostialdeko ESIaren barne-buletinean erakundearen III. euskara-planari buruzko elkarrizketa egin zioten Agustin Agirre zuzendari-gerenteari. Plan berriaren erronkak eta ESIaren egungo egoera aztertuta, gogotsu azaldu da planaren kudeaketa ondo antolatu eta euskararen normalizazio-prozesuan aurrerapauso irmoak emateko.

Donostialdeko ESIaren III. euskaraplana 2022ko uztailean onartu zen. Zer berrikuntza ditu plan honek?
III. euskara-planak orain artekoek baino eskakizun maila handiagoa planteatzen du. Orain arte lehentasunezko eremu batzuk zeuden, eta haietan lan egiten zen gehienbat, baina orain erakunde osoan landu behar da plana. Horrez gain, kontuan hartu behar da 2005etik, euskara planak hasi zirenetik, euskararen ezagutza eta euskararen praktika nabarmen handitu direla erakundean; lehenengo planaren amaieran, adibidez, ezagutza ez zen % 20ra iristen, eta gaur egun % 65 da ia. Ondorioz, egoera eta eskakizun berri horiei erantzuteko lan egingo dugu erakundean.

«ORAIN PLANAREN APLIKAZIO-EREMUA EGITURA OSORA ZABALDUKO DA. HORREK ESAN NAHI DU ZERBITZU GUZTIETAN EGIN BEHARKO DELA PLANAREN LANKETA»

Zer aldaketa ekarriko du horrek?
Orain planaren aplikazio-eremua egitura osora zabalduko da. Horrek esan nahi du zerbitzu guztietan egin beharko dela planaren lanketa eta, beraz, planak erakundeko pertsona guztiei eragingo diela. Hori egoki kudeatzeko, zuzendaritza guztiak inplikatuko ditugu planaren garapenean, erabateko konpromisoarekin. Zuzendaritza bakoitzak bere gain hartuko ditu bere eremuko ekintzak eta helburuak, eta euskara-planaren kudeaketa hori ESIaren kudeaketa-sisteman egongo da integratuta.

Zeintzuk dira erakundearen indarguneak eta ahulguneak?
Indargune nagusia erakundearen ibilbidea da. Azken urteetan arduraz eta arrakastaz bultzatu eta gauzatu ditugu Osakidetzaren euskara-planak. Ebaluazio guztietan emaitza onak izan ditugu. Integrazio Asistentzialeko Zuzendaritza eta Erizaintzakoa aitzindariak izan dira eginkizun horretan. Halaber, gure erabiltzaileak ere beste indargune bat dira; izan ere, herritar askok euskara dute ohiko hizkuntza, eta horrek motibatu egiten gaitu. Bestalde, ahulgune gisa ESIaren konplexutasuna aipatuko nuke, 5.000 pertsona baino gehiagoko erakunde handia baita gurea, hainbat zentrotan banatuta. Baina, egia esan, asko izateak erraztu egiten du talde batzuen inplikazioa eta laguntza, hizkuntza ondo ezagutzen eta erabiltzen duten profesionalena batez ere. Eta prozesua ondo antolatzen bada, guztien ekarpenak izan daitezke positiboak: euskaraz ondo egiten dutenenak, hain ondo egiten ez dutenenak, baita hizkuntza ikasi eta erabili nahi dutenenak ere. Beraz, dena bilaka daiteke positibo, are gehiago erakundean zein gizartean prozesua egoki garatzeko gogoa dugulako.

«2005ETIK, EUSKARA PLANAK HASI ZIRENETIK, EUSKARAREN EZAGUTZA ETA EUSKARAREN PRAKTIKA NABARMEN HANDITU DIRA ERAKUNDEAN»

Zein izango dira hurrengo urratsak?
Lehenengoa Euskara Planaren Jarraipen Batzordea aktibatzea izango da, eta, ondoren, planaren garapena zuzendaritzen bidez bultzatuko da, ahalik eta eremu gehienetara zabalduz. Erakundearen egituraz baliatuta, zuzendaritza bakoitzak bere esparruko tarteko arduradunak informatu eta formatu beharko ditu, planaren elementurik oinarrizkoenak ezagutu eta haien taldeetan aplika ditzaten. Horrela, planaren hedapena erakunde osora iritsiko da, eta helburuak errazago bete ahalko ditugu.

Iturria: Info Donostialdea

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other