agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

“Garrantzitsua da haurdun dauden emakumeei txertoa jartzea, bi hilabete izan aurretik ezin baitzaie haurrei jarri”

Pedro Gorrotxategi • Pediatra

Pedro Gorrotxategi Pasai San Pedroko Anbulatorioko pediatrak ondo ezagutzen du tosferinaren eragina umeengan. Bere esanetan, gaur-gaurkoz txertoa da prebentzio modu bakarra.

Tosferina gaitzak agerraldiren bat izaten du aldian behin, eta aurtengoa eragin handikoa izan da Donostialdean, 70 haur inguru kutsatu baitira. Pedro Gorrotxategik, Pasai San Pedroko Anbulatorioko doktoreak, gaitz horren nondik norakoak aletu ditu. Arreta prebentzioan ipini behar dela dio.

Tosferinak hizpidea eman du berriz. Zer gaitz mota da?
Arnasbideetako gaixotasuna da, bakterio batek sortua eta oso kutsakorra. Bi fase ditu: lehendabizikoan, hotzeri gisa agertzen da; bigarrenean, haurrek eztul handia izaten dute, baita arnasteko zailtasunak ere zenbaitetan. Gaixotasunaren ondorioak ez dira berdinak adin guztietan. Sei hilabete baino gutxiagoko haur txikien kasuan, adibidez, arriskua handiagoa da. Batzuetan, haur horiek ospitaleratu egin behar dira, batez ere hiru hilabete baino gutxiagokoak.

«BEHIN GAIXOTASUNA IGAROTA, INOR EZ DA GELDITZEN BETIRAKO BABESTUTA»

Nola prebeni daiteke tosferina?
Txertoa emanez. Haurtzaroan jartzen dira txerto horiek, baina ezin da jarri bizitzako lehenengo bi hilabeteetan. Horregatik komeni da haurdun dauden amei txertoa jartzea. Haurdunaldiko 26. eta 37. asteetan jartzen zaie, eta helburu jakin bat du: amaren bitartez txertoak ematen dituen defentsak fetuari helaraztea. Horrela, haurra babestuta geratzen da arriskurik handieneko lehen hilabete horietarako. Gero, haurtzaroan zehar, zenbait txerto ematen dira, umeak edozein agerralditan babestuta jarraitzeko; izan ere, hiru, lau edo bost urtean behin jazo ohi da agerraldi bat.

Orain dago agerraldi bat, ezta?
Bai, baina ez da oso handia kopuruetan. Epidemiologoek agerraldiaren berri eman zutenean, 50 kasu inguru zeuden zenbatuta. Gero, 70 bat izan ziren. Egunean kasu bat diagnostikatzen da, gutxi gorabehera. Gaitz kutsakorra da, eta, noski, haurrak kutsatu egiten dira. Oraingo agerraldiak 12 eta 15 urte bitarteko umeei eragin die gehienbat, eta, kasu batzuetan, haien guraso eta anai-arreba txikiagoei ere bai. Horrelakoetan, familiari jartzen zaio tratamendua, ez eskolako gelakideei. Epidemiologia batzordeak jarraipena egiten du. Guk kasu bat diagnostikatzean, haurraren eta familiaren berri ez ezik, ikastetxearen berri ere ematen dugu: zein gela eta ikastaldetan dagoen, etab. Hori jakinda, erabakiak hartzen dituzte, baina, haur bat gaixotzeagatik, oro har ez dute ikasgela ixten.

Agerraldia oso lokalizatua izan da?
Oraingoa Gipuzkoan azaldu da, Donostialdean. Eusko Jaurlaritzako Epidemiologia Batzordearen arabera, Bizkaian ez da kasurik izan, eta Araban bakarra. Kasuen % 98 Donostialdean jazo dira, agerraldiaren osteko kontaktuen ondorioz.

Zeintzuk dira tosferinaren sintomak?
Sintoma nagusia eztula da, eztul iraunkorra, baina, haur txikienen kasuan, apneak ere izaten dira (arnasa egin gabe geratzen dira tarte batez), baita konbultsioak ere noizbait. Gehienetan, apneengatik ospitaleratu egin behar dira haurrak, eta ospitalean zaintzan edukitzen dituzte, ondorio larriak saihesteko. Horra zergatik den komenigarria haurdun dauden emakumeei txertoa jartzea, bi hilabete izan arte jaioberriak babesik gabe egoten direlako. Gero, lau hilabeterekin jartzen zaie lehenengo dosia; ondoren, 11 hilabeterekin, bigarrena, eta sei urterekin azkena. Beraz, garrantzizkoa da haurdunaldiko txertoa, haurdunaldi bakoitzean jarri beharrekoa, haurra babesten baitu.

«ORAINGO AGERRALDIA GIPUZKOAN GERTATU DA, DONOSTIALDEAN. 70 BAT KASU IZAN DIRA. 12 ETA 15 URTE BITARTEKO UMEEI ERAGIN DIE GEHIENBAT»

Arnasbideko gaixotasuna izanik, nola bereizten da beste gaitzetatik?
Eztula iraunkorra denean, proba bat egiten da. Eztarritik lagin bat hartu eta PCRa egiten da. Egia esan, bi lagin aztertzen dira, lehena test azkarra egiteko eta bigarrena kultiboa egiteko, hau da, zein germen den zehatz-mehatz ezagutzeko eta epidemia nolakoa den jakiteko. Hori mikrobiologia da.

Aurrez adierazi duzu kasu batzuetan kutsatutako haurren gurasoak ere gaixotzen direla. Zergatik gertatzen da hori?
Urte asko daramatza txertoak gure artean, baina ez du erabateko eraginkortasunik. Hori gutxi ez eta, behin gaixotasuna igarota, inor ez da gelditzen betirako babestuta. Gaitz batzuen tratamenduek bizi osorako immunitatea ematen dute, barizelaren kontrako txertoak esaterako, baina, ez da tosferinaren kasua. Horregatik kutsatzen dira gurasoak eta horregatik jarri behar zaizkie lauzpabost txerto haurrei, sei urte bete arte. Gainera, 12 edo 16 urterekin berriz txertatzea aholkatzen du Euskadiko Txertatze Batzordeak.

Nolako tratamendua ematen zaie gaixoei?
Normalean antibiotikoa ematen diegu. Bost eguneko tratamendua izaten da, baina egun horietan gaixoak bakarturik egon behar du. Detekzio bat dagoenean, aldiz, umea bakartzeaz gain, tratamendua familiara zabaldu behar da.

Eta nola saihets daiteke agerraldi bat?
Prebentzioarekin. Aurreko urteetan ez dugu tosferina kasurik eduki, musukoen erabileragatik. Koronabirusaren pandemiak eraginda, musukoen erabilera handitu zen, eta, ondorioz, arnasbideko gaixotasunak urritu. Gripearekin ere berdin gertatu da. Baina oraingo egoeran, txertoa funtsezkoa da tosferinari aurre egiteko.

 

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other