agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

“Garrantzitsua da kontaktu guztiek tratamendua aldi berean egitea, berriz kutsatzea saihesteko”

Laura Blanch Rius • Dermatologoa

Sarna edo eskabiosia azaleko gaixotasuna da, eta haren prebalentziak gora egin du azken urteetan. Laura Blanch Rius Bilbo-Basurtuko ESIko dermatologoak azaldu du zer-nolako gaixotasuna den eta nola aurre egin.

Sarna izena ezaguna da gizartean, baina gaixotasunaren ezaugarriak ez dira horrenbeste ezagutzen. Zertan datza sarnaren edo eskabiosiaren gaixotasuna?
Eskabiosia gaixotasun infekziosoa da, Sarcoptes scabiei deituriko akaro batek eragiten du, hominis barietatekoa. Akaro emea da, 0,4 milimetro ingurukoa. Epidermisean sartzen da, azal azpian tunelak egiten ditu eta bertan erruten ditu arrautzak. Arrautza horietatik larbak sortzen dira eta hamabost egunean heldu egiten dira.

Nola kutsatzen da sarna?
Sarna kutsatzeko, azalak azalarekin egon behar du kontaktu iraunkorrean. Normalean, senideen edo harreman fisiko estua duten pertsonen artean kutsatzen da. Fomite bidezko kutsatze kasuak ere badira, hau da, maindire, sofa, koltxoi, xukadera eta abarren bidez gertatutakoak. Kutsatze horiek, ordea, ez dira ohikoak, sarna arruntean akaro gutxi egoten direnez gero. Nolanahi ere, kutsatze kasuetan, sintomak hiru eta sei asteren buruan agertzen dira. Horregatik, litekeena da kutsatu arren aste batzuetan sintomarik ez edukitzea, eta hori jakitea garrantzitsua da.

Eta zeintzuk dira sintoma nagusiak?
Sintoma nagusia azkura da. Batez ere gauean izaten da; horregatik kontsultan urratuak ikusten dira maiz, eta pazienteak lo dagoen artean bere buruari egindakoak izaten dira. Larruazaleko bestelako lesioak ere ager daitezke, esate baterako, mikropapula deituriko pikortatxoak, gorputzeko zenbait ataletan agertzen direnak, eta batez ere zulotxo sakarinoak aurkitzen ditugu eskuetan eta eskumuturretan. Zulo horiek dira akaroak egiten dituen tunelak, sarnaren beste ezaugarri nagusietako bat.

«ZENBAIT FAKTOREK ERAGIN DUTE KASUEN IGOERA, BATEZ ERE AKAROEN ERRESISTENTZIAK PERMETRINARI ETA SENIDEEN ARTEKO KONTAKTU ESTUAGOAK PANDEMIA GARAIAN»

Halaber, nodulu eskabiotikoak ere izaten dira batzuetan. Pikorta handiagoak dira, eta besazpian eta genitalen inguruan agertzen dira. Bularreko haurren kasuan, lesiorik ohikoenak esku ahurretan eta oinazpietan ere azaltzen diren puslak dira, eta buruan ere agertu daitezke.

Zenbat eskabiosi mota daude?
Bi mota daude: batetik, eskabiosi edo sarna arrunta; bestetik, eskabiosi zarakartsua edo norvegiarra. Zorionez, sarna arrunteko kasuak dira ohikoenak. Sarna arrunta akaro gutxi batzuen agerpenak eragiten du, eta lehen esandako sintomak ditu. Beste eskabiosiak, zarakartsuak, pertsona immunodeprimituei edo adinekoei eragiten die, eta akaro kopuru handi baten agerpenak eragiten du. Hasieran, plaka gorrixka batzuk agertzen dira, eta lesio zarakartsuak eragiten ditu. Psoriasi baten traza har dezakete. Gainera, eskabiosi norvegiarraren diagnostikoa zaila da askotan, ez duelako azkurarik eragiten. Horrek nahasgarri bilakatzen du.

Nolako tratamendua erabiltzen da sarna kasuetan?
Tratamendurik klasikoena kremazko permetrinaren igurtzia izaten da, eta lepotik behera ematen da, gorputz osoan. Tratamendua hurrengo astean errepikatu behar da. Bularreko haurrek eta haurdun dauden emakumeek ere arazorik gabe erabil dezakete. Bi urte baino gutxiagoko haurren kasuan oso garrantzitsua da aurpegia eta buruko larruazala ere tratatzea, adin horietan buruan ere eragiten duelako. Tarteka, ahotik hartzen den ivermectina sendagaia ere erabiltzen da, batzuetan kremarekin batera eta bestetzuetan pilula soilik. Pazientearen araberakoa da. Bestelako sendagaiak ere badaude, tratamendu ezberdinak erabili arren agerraldi gehiago gertatzen diren kasu iraunkorretarako: besteak beste zenbait gautan jarraian ematen den baselina sufreduna. Horrez gain, neurri higienikoak ere tratamenduaren parte garrantzitsua dira: arroparen desinfekzioa egokia, ahal bada 60 gradutan, edo lauzpabost egunean arropak azalarekin kontakturik ez edukitzea. Akaroak ez du denbora hori baino gehiago irauten gorputzetik kanpo. Gainera, akaroen aurkako espraia ere erabil daiteke arropa desinfektatzeko.

Bi eskabiosietan tratamendu berbera erabiltzen da?
Ez. Sarna norvegiarraren kasuan tratamendua luzeagoa izaten da, eta beste pauta bat ematen da, pastillekin eta ukenduekin tratamendu intentsoago bat eginda.

«SINTOMA NAGUSIA AZKURA DA, BATEZ ERE GAUEAN»

Prebentzioa garrantzitsua da gaixotasuna saihesteko. Nola egin daiteke?
Sarna saihesteko, eta, batez ere, kutsatze-katea geratzeko, garrantzitsua da diagnostikatutako pazientearekin kontaktuan dauden pertsona guztiek tratamendu egoki bat egitea, nahiz eta sintomarik eduki ez, eta komeni da guztiek tratamendua aldi berean egitea, berriz kutsatzea saihesteko, zeren, lehen esan dudan eran, inkubazio aldia hiru eta sei asteren artekoa baita, eta, horrela, litekeena da pertsona bat kutsatuta egotea eta sintomarik ez edukitzea. Beraz, garrantzitsua da tratamendua aldi berean egitea.

Sarna kasuen kopurua igo egin da azken urteetan. Zer dela eta?
Bai, sarna kasuek igoera progresiboa izan dute. Nire ustez, itxialdiak larritu du egoera. Zenbait faktorek eragin dute hazkundean. Batzuek diote akaroek erresistentzia egiten diotela permetrinari. Bestalde, kasu askotan diagnostikoak atzeratu egin ziren konfinamenduan, eta, ondorioz, baita tratamenduak ere. Senideen arteko kontaktuak handiagoak eta estuagoak izan ziren, etxean sartuta elkarrekin egon ginelako. Horrek guztiak handitu egin du akaroen eramaile kopurua, eta zaildu egin du sarna agerraldiak kontrolatzea.

Zer-nolako intzidentzia du eskabiosiak mundu mailan?
Mundu mailan, 100 eta 200 milioi arteko gaixo daude. Edozein adinetan eragin dezake, eta edozein eremu sozioekonomikotan, baina gehiago eragiten du jende pilaketak egoten diren nahiz baliabide urriak dituzten lekuetan. Prebalentzia asko aldatzen da tokiaren arabera, % 0,2tik % 70era, alde handia dago. Munduan, eremu kaltetuenak Pazifikoko eskualdeak eta Hego Amerika dira.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other