agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Intentsitate handiko kirolak gernu-inkontinentzia sor dezake

Adituen arabera, gernu-inkontinentziak erlazio zuzena du crossfit-a bezalako kirol bortitzekin. Oro har, gehiago eragiten die emakumeei, erditu eta gero zoru pelbikoaren inguruko muskuluak ahuldu egiten direlako. Dena den, ohikoa da gernu-inkontinentzia pairatzea, eta normalizatu egin beharko litzateke.

Orain dela gutxi arte inork ez zekien zer zen crossfit-a. Azken bost-sei urteotan, ordea, oso ezagun egin da zenbait kirol-diziplina batzen dituen entrenamendu-metodo hori. Adin guztietako jendea ikus daiteke korrika, gimnastika-ariketak egiten, bizikletan, pisua altxatzen nahiz saltoka, han-hemenka zabaldu diren crossfit zentroetan. Kirol konpletoa den heinean, mesedegarria da osasunarentzat. Hala ere, inpaktu handiko beste kirol batzuekin gertatzen den bezala, crossfit-ean aritzen diren kirolari batzuek gernu-inkontinentzia pairatzen dute. Gainera, azterlan batzuen arabera, emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago izaten dituzte gernu-ihesak, erditzeen ondorioz batik bat.

Oskar Estrade Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko urologoa Crossfit-ean ere entrenatzen da. Ondo baino hobeto daki zertan datzan kirol-modalitate hori; horregatik ez da harritu azterketa batzuen ondorioekin, alegia, crossfit-a praktikatzeak gernu-inkontinentzia sor dezakeela. Estradek dioenez, gernu-ihesak erlazio zuzena du crossfit-arekin. Norberaren eginahalarekin dago lotuta gertaera hori: «Ahaleginaren ondorioz, inkontinentzia gerta daiteke, hau da, pertsona batek (batez ere emakumea) gernu-inkontinentzia izan dezake egiten duen ahaleginagatik, gernua kontrolatu ezin duelako» Azaldu duenez, abdominalaren barneko presioa igotzen denean gertatzen da hori, kirol-ariketan sortzen den intentsitatea dela-eta: salto egitean, pisu hileko ariketak egitean…

«NORMALA DA PERTSONA BATEK GERNU-INKONTINENTZIAREN SINTOMAK IZATEA KIROLA EGITEN DUENEAN»

Dena den, gernu-inkontinentzia ez da kasu guztietan gertatzen. Norbanakoaren osasunari lotuta dago inkontinentziarako joera handiagoa edo txikiagoa izatea. Gainera, Estradek erantsi duenez, badira inkontinentzia sor dezaketen beste faktore batzuk ere, obesitatea eta zoru pelbikoaren muskuluak ahulduta egotea, besteak beste. Muskuluak ahulduta edukitzea haurdunaldiarekin izan dezake zerikusia, erditze naturalekin, hots, alutik egindako erditzeekin. Horregatik, oro har, emakumeek gizonek baino gernu-inkontinentzia gehiago izan ohi dituzte, nahiz eta, Estradek nabarmendu bezala, gizonezkoek ere pairatzen duten.

EMAKUMEEN IA ERDIEK
Gernu-inkontinentzia izatea uste baino ohikoagoa da, Estraderen esanetan: «Ikerketen arabera, emakumeen % 25ek-% 50ek pairatzen dute momenturen batean,. Ohiko patologia da, eta argi utzi nahiko nuke normala dela pertsona batek gernu-inkontinentziaren sintomak izatea kirola egiten duenean»

Gurutzetako Ospitalean urologia funtzionalerako unitate espezifikoa daukate. Marcos Acha medikua da unitate horretan esperientziarik handiena duena, Estradak adierazi duenez. «Paziente asko artatzen dituzte, bai emakumeak bai gizonak, baina batzuei beldurra eta lotsa ematen die kontsultara joateak» Horregatik, herritarrak animatu nahi ditu Estradek, gernuari lotutako arazoren bat baldin badute haiengana laguntza-eske jo dezaten. Izan ere, arazoa ohikoa da, eta badu irtenbidea. Estradek xehatu du zergatik kostatzen zaion jendeari kontsultara joatea: «Lotsa handia ematen die, eta askok, emakumeek batez ere, kirola egitean gernuak ihes egiten diela ikusten dutenean, kirola egiteari uzten diote. Baina hori ez da irtenbide zuzena. Gernu-inkontinentzia normaltasunez ikusi behar da; ohikoa dela eta tratamendua duela eman behar da aditzera, eta jendea animatu behar dugu kontsultara etortzera» Kasu horietan, urologoak lehendabizi azterketa txikia egiten dio pazienteari, zergatiak bilatzeko, eta askotan lortzen dute arazoa konpontzea. Batzuetan, nahikoa da zoru pelbikoa indartzeko ariketa batzuk egitea, eta, inkontinentzia handiagoa denean, ebakuntza bat egitea proposa daiteke, arazoa konpondu eta egunerokoa errotik aldatzeko.

«DENOK DAKIGU KIROLA EZINBESTEKOA DELA OSASUNTSU EGOTEKO; BERAZ, INKONTINENTZIA TRATATUTA, BIZIMODU GUZTIZ NORMALA EGIN DEZAKEGU, KIROLA UTZI BEHARRIK GABE»

Gernu-inkontinentziaren arazoa «normalizatu»egin behar dela azpimarratu nahi du Gurutzetako urologoak: «Arazo hau normalizatzea gomendatuko nuke, irtenbidea daukalako. Dituen estigmak kendu behar zaizkio. Egia da jendea lotsaraz dezakeela kirola egin bitartean kideen aurrean aldean pixa egiteak, baina hori tratatu eta konpon daiteke. Denok dakigu kirola ezinbestekoa dela osasuntsu egoteko; beraz, inkontinentzia tratatuta, bizimodu guztiz normala egin dezakegu, kirola utzi beharrik gabe» Prostatarekin lotutako patologiak dituzten gizonezkoei ere kontsultara joateko dei egiten die Estradek, haiek ere inkontinentziak izaten baitituzte batzuetan: «Zoru pelbikorako ariketak eginez senda daiteke»

 

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other