agenda » maiatza | HARPIDETU BULETINERA

“Emakumezkoen kirola gero eta osasuntsuago dago, eta asko pozten nau garapen horren parte izateak”

Ziortza Villa • Fisioterapeuta

Lanbidez fisioterapeuta da Ziortza Villa (Bilbo, 1983), baina txirrindularitzan lortu duen palmaresa izugarria da. Ultrairaupeneko probetan lehiatzen da, Espainian nahiz nazioartean, eta azaroan AEBetan jokatuko den 24 Orduko Munduko Txapelketari begira dago orain. Aitortu du zaila dela bere bi pasioak uztartzea, fisioterapia eta kirola, baina zorionekoa sentitzen da dituen aukerengatik.

Ultrairaupeneko probetan lehiatzen zara txirrindulari gisa, eta palmares itzela daukazu. Noiz eta nola hasi zen dena?
Betidanik izan naiz kirolaria, eta. jakina denez, ultrairaupeneko modalitate honetan urteen poderioz lortzen dira emaitzarik onenak. Hasieran, gazteagoa nintzenean, kirol bat baino gehiago egiten nuen, eta distantzia txikiagotan lehiatzen nintzen. 25 urte bete ondoren ikusi nuen distantzia luzeetan —batez ere txirrindularitzan— erosoago nenbilela eta emaitzak horrekin bat zetozela. Orduan, Espainiako 24 Orduko Txapelketa irabazi ondoren, nazioartean lehiatzeari ekin nion. Hainbat txapelketatan izan naiz garaile. 2017an, esaterako, Espainiako 24 Orduko Txapelketako errekorra hautsi nuen: 740 kilometro egin nituen, Valentzian. Nazioartean ere, gero eta hobeto joan nintzen lehiatzen, harik eta 2019an Europako Txapelketa irabazi arte. Munduko 24 Orduko Txapelketan ere lau aldiz hartu dut parte: lehenengoan, 6.a izan nintzen emakumeetan; ondoren, 4. postua lortu nuen; eta azken urtean, berriz, 5. bukatu nuen. Urteak igaro ahala, gero eta maila handiagoa dago modalitate honetan, eta nabaria da emakumezkoen maila hobetuz doala urtez urte. Alabaina, emakumeon progresio horretan txirrindularitza ez da kasu isolatua, beste kiroletan ere antzekoa gertatzen ari da eta.

Zein beste kiroletan aritzen zinen gaztetan?
Txikitan igeriketan lehiatzen nintzen, urte askoan, baita makina bat kiroletan ere, lehiatuz zein gozatuz. Oso kirolzalea izan naiz beti. Dena den, lehiatzen igeriketan hasi nintzen. Horrez gain, betidanik ibili izan naiz bizikletan, beti maite izan baitut txirrindularitza. Dena den, nagusi izan arte ez diot ekin ultrairaupenean parte hartu eta irabazteari; izan ere, heldutasuna behar da modalitate horretan emaitza onak lortzeko.

Heldutasuna diozu eskarmentua ezinbestekoa delako?
Pentsa, nik egiten ditudan probak 12-24 ordu ingurukoak dira, edota herrialde oso bat zeharkatu beharrekoak. 500, 600, 700 eta 800 kilometro egiten ditut jarraian bizikletaren gainean, eta horretarako oso garrantzitsua da nork bere burua ezagutzea, esperientzia handia izatea, ez bakarrik kirolaren arloan, gorputzaren seinaleei ere adi egon behar da, eta hori adinarekin lortzen da, esperientzia handiarekin. Gaztetan emaitza onak lortzen dira distantzia txikiko lasterketetan, izan igeriketan, triatloian edo mendiko lasterketetan. Helduagoa zarenean, berriz, ez da horrelako emaitzarik lortzen, baina errendimendu horri eusteko gaitasuna garatzen da. Horri esker izan ditut garaipenik handienak azken hamar urteetan ultrairaupeneko modalitatean.

Urteekin emakumezkoen maila igotzen ari dela aipatu duzu. Uste duzu emakumeak beren lekua lortzen ari direla mundu honetan?
Gero eta emakume gehiagok egiten dute kirola, eta haien emaitzak gero eta hobeak eta oihartzun zabalagokoak dira. Izan ditugun aurrerapenek babes eta laguntza handiagoa dakarkigute, laguntza ez ezik babesletza ere bai. Horri esker, prestakuntza hobea daukagu, eta emaitza hobeak lortzen ditugu, edozein kiroletan eta edozein herrialdetan. Horrek esan nahi du emakumezkoen kirola gero eta osasuntsuago dagoela, eta baikortasunez eta ziurtasunez begiratzen diogula etorkizunari. Hori, niretzat, oso itxaropentsua da. Emakumezkoen kirola asko ari da garatzen, eta harro nago prozesuaren parte izateaz. Hori guztia orain dela hamar edo hogei urte pentsaezina zen, eta aurrerapena oso urte gutxitan gertatu da. Gogoan dut gaztetan haur batzuek egiten genuela kirola, baina ez denek, eta gaur egun asko aritzen dira. Aurreiritzi asko amaitzear daude, datozen belaunaldien mesedetan.

«12-24 ORDUKO PROBETAN LEHIATZEN NAIZ, 500 ETA 800 KILOMETRO ARTEKO LASTERKETETAN»

Zure palmaresa osatzen duten lehietako batzuk aipatu dituzu. Bada bereziki hunkitzen zaituenik?
Egia esan, hainbeste gauza datozkit burura… Zoragarriak izan dira Espainiako zein Europako 24 orduko txapelketak. Gainera, errekorra lortu nuen Esloveniakoan. Hala ere, badira lorpen hunkigarriagoak, eta ez lehiaketetakoak, maila pertsonaleko lorpenak baizik. Adibidez, 2018an Donejakue bidea egin nuen bizikletaz, eta lehenengo emakumea izan nintzen errekorra jartzen. Ilusio handia egin zidan emakumezko batek errekorra idatzita uzteak; 34 ordu eta 20 minutuan burutu nuen, eta esperientzia itzela izan zen.

Tourra ate joka izan dugun honetan, iazkoaren oroitzapen berezirik ere baduzu, ezta?
Aurreko udan, Julian Sanz txirrindulariak eta biok Frantziako Tourreko garaikurra ekarri genuen Paristik Bilbora. Ohorea izan zen. 1.016 kilometro egin genituen jarraian, eta erronka 58 orduan baino gutxiagoan egitea izan zen. Pentsa, ordura arte, 773 kilometro zen distantziarik luzeena, 2019ko Europako Txapelketakoa; Donejakue bidean ere 700 baino gehiago egin nituen, baina iaz arte inoiz ez nintzen iritsi 800era. Gainera, gure modalitatean atzerrian lehiatzen gara beti, eta Euskal Herrira heltzea zoragarria izan zen. Gure kirola ezagutarazteko asko lagundu zigun erronkak, eta bereziki polita izan zen, batez ere familia eta lagunak bertan egon zirelako, atzerrian lehiatzen naizenean ez baita posible izaten. Bestalde, aurten Tourra Bilbotik abiatzea egundoko ekitaldia izan da, ikusgarria. Txirrindulari garenez, poztasunez hartzen dugu dimentsio horretako lasterketak geure herritik igarotzea.

Ziortza Villa 2022ko Munduko Txapelketan, Kalifornian (AEB).

Txirrindulari profesionala zara, baina fisioterapeuta lanbidez.
Haurra nintzenetik nabil hainbat kiroletan, eta horrek bultzatu nau fisioterapia ikastera eta lanbide honetan jardutera. Benetan maite dudan lanbidea da, eta nire ilusioa errealitate bilakatu dut: ospitalean lan egitea. Hasieran, Basurtun ibili nintzen lanean, egun Gurutzetako ospitalean. Asebetetzen nauen lana da, lankideen artean giro zoragarria dugu, eta pazienteekin oso harreman estua. Egia da gaur egun kirolak ez duela bizitzeko haina ematen. Gainera, baditu zenbait alderdi txar, hala nola distantzia luzeko lasterketetan lehiatzeko ordu asko entrenatu behar izatea, etab. Bestalde, lan egiteak gerturatzen nau, bai errealitatera, bai benetako erronkak dituzten pazienteekin enpatizatzera. Ikasi dut bizitza baloratzen, kirolaz gozatzen, herrialdeak ezagutzen, bidaiatzen…

Zaila da, beraz, lana eta txirrindularitza uztartzea?
Oso zaila. Eskertzen dut kirolari izateagatik jaso ditudan babesa eta laguntza, baina ez da aski lana uzteko. Oreka hori lortzea ez da erraza, bizitza pertsonala kaltetzen digulako. Batzuetan konplexua da lagunekin eta familiarekin egoteko unerik aurkitzea, baina zorionekoa sentitzen naiz bizipen horiek uztar ditzakedalako. Maite dut neure lanbidea. Nahiko nuke nire bi munduak gehiagotan bat etor litezen, baina moldatzen naiz. Gaur egun familia zein lana eta nazioarteko lasterketak partekatzeko aukera dut, eta horrek poztasun handia ematen dit, ilusio handia. Gainera, sasoian nago, osasuntsu, eta hori itzelezko saria da.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other