agenda » maiatza | HARPIDETU BULETINERA

Erizaintza, arlo klinikoan gehiago ikertzeko bidea

Nursing Research Challenge proiektuari esker, erizaintzako ikerketa sustatuko dute erakunde sanitario eta soziosanitarioen barruan. Izan ere, mota horretako ekintzak koordinatzeko eta estrategiak garatzeko aukera ematen die. Orain dela urtebete martxan jarri zutenetik, oso emaitza onak ematen ari da, eta nazioartearen interesa ere piztu du.

Zainketarik eta artarik onena emateko, ezinbestean bilatu behar dira baliabiderik puntakoenak, emaitzarik eraginkorrenak ematen dutenak, eta, alde horretatik, berrikuntzaren arlotik jo behar izaten da horiek eskuratzeko. Alabaina, beti ez da erraza helmuga horretara iristea: besteak beste, erizaintzaren kasua da hori. Begien bistakoa izan arren erizaintzaren esparrua premiazkoa dela osasun-sisteman, erizainek eta kudeatzaileek zailtasun ugari izan ohi dituzte berrikuntzaren atea topatzeko, denbora-faltagatik, inbertsio-eskasiagatik, ezjakintasun hutsagatik… Gabezia hori ekiditeko garatu dute Osakidetzako zenbait profesionalek Nursing Research Challenge proiektua. Veronica Tiscar Bilbo-Basurtuko ESI-IIS Biobizkaiako Ikerketako eta Berrikuntzako koordinatzaileak zuzendu du egitasmoa, eta bidelagun izan ditu, besteak beste, Jesus Larrañaga zuzendari-gerentea, Inmaculada Moro Erizaintzako zuzendariordea eta Marian Cidoncha Erizaintzako Irakaskuntzako eta Ikerketako arduraduna.

Ekimena dela medio, jarraibideak, prozedurak eta estrategiak gara ditzakete langileek, eta erizaintza arloko ikerketari bultzada eman eremu klinikoan. Era berean, ebaluazio objektiboak egiteko adierazleak eskuragarri dituzte. Funtsean, berrikuntza- eta kudeaketa-plana da, eta erakunde sanitario eta soziosanitarioen barruan ikerketa erizaintzaren esparrutik bultzatzea du helburu nagusi. Hortaz, aproposa da zentroetako eta erizaintzako zuzendaritzentzat, eta beren jarduera-eremuko zainketen kalitatean erantzukizuna duten profesionalentzat.

«IKERKETA PRAKTIKA ASISTENTZIALAREKIN UZTARTU DUTE. HORREK ERRAZTU ETA BULTZATU EGINGO DITU IKERKETA ETA BERRIKUNTZA, EKOIZPEN ZIENTIFIKOA, TALENTUA ERAKARTZEA ETA AINTZATESPENA» Veronica Tiscar

2021eko otsailean abiarazi zuten proiektuaren lehen fasea. Tiscarrek azaldu duenez, azterketa hastapenean egin zuten, ahuleziak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak identifikatzeko. Azterlaneko emaitzak kontuan hartuta, erizaintza arloko ikerketa-estrategia diseinatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko, inplikatutako eragile guztiekin koordinatuta (unibertsitatea, ikerketa institutuak eta erakunde sanitarioak). Bigarren fasean, berriz, ikerketa-estrategiarako proposamena garatu zuten, eta El libro blanco de la investigación en Enfermería en Euskadi argitalpenean jaso. Erkidegoan erizaintzako ikerketan lagundu dezaketen proposamenak eta ekintzak daude jasota, zehazki, eta esperientzia propioa eta eremuen ezagutza (asistentzia, kudeaketa, eremu akademikoa eta osasun-ikerketan diharduten institutuak) hartu dituzte oinarri. Aurreko urratsek gidatuta sortu dute Nursing Research Challenge, kudeaketa-arloko berrikuntza-proiektua, osasun-erakundeetan soilik zentratuta. Proiektuan definituta datoz hobekuntza-arloak eta erizaintzako ikerketa sustatzera bideratutako ekintzak, sei ardatz estrategikotan: talentua detektatzea; prestakuntzaren arloa lantzea; ezagutza hedatzea; diziplina eta zentro anitzeko taldeetan erizaintzako ikerketa sustatzea; ikerketa horren eta pazientearen ikuspegia txertatzeko baliabideak jasotzea; eta emaitzen translazioa egitea.

Kudeaketaren profesionalizazioa
Nursing Research Challenge proiektua ez da soilik ikerketa eta berrikuntza. Larrañagak nabarmendu duenez, kudeaketa profesionalizatzearen beharra ere erdigunean jartzen du. Izan ere, gaur egun osasun-sistemak dituen erronkak aintzat hartuta, kudeatzaileak gero eta gehiago trebatu beharko dira, eta oso ondo menderatu beharko dituzte bai konpetentziak bai etika. «Horrek guztiak antolamendua eta herritarren osasuna hobetuko ditu», Larrañagaren arabera. Hauek dira, zuzendariak azaldu duenez, osasun-sistemaren erronka nagusiak: berrikuntza txertatzea, osasun-arloko ebaluazioa eta emaitzak ezartzea, giza baliabideak kudeatzea, sistemako beste eragile batzuekin aliantza estrategikoak abian jartzea, eta herritarrek eta pazienteek osasun-sistemaren kudeaketan bertan parte hartzea.

Proiektuak erizaintzari zer ematen dion galdetuta, Morok argi du lehen egitasmoa dela ekintzak koordinatu eta estrategiak garatzeko eta zaintzan eta erizaintzan ikerketa sustatzeko. Proiektu korporatiboa izanik, Erizaintzako zuzendariordeak azpimarratu du Osakidetzako erakunde guztietara iristea duela helburu, eta, gaur egun proiektuarekin bat eginda jada hamar erakunde dauden arren, haien asmoa da hurrengo deialdietan beste erakunde guztiak batzea.

«KUDEAKETA PROFESIONALIZATZEAK ANTOLAMENDUA ETA HERRITARREN OSASUNA HOBETUKO DITU» Jesus Larrañaga

Bat egin duten erakunde horiek koordinazio-zentro propio bat sortu dute. Erizainek zuzentzen dute taldea, eta Zuzendaritzarekin lotuta dago. Horrez gain, erakunde batzuek proiektua beren plan estrategikoan eta prestakuntza-planean txertatu dute. Bestalde, datu-basea ere sortu dute ikerkuntzan trebatutako erizainen eta ikertzeko interesa duten pertsonen mapa osatzeko. Zabalkunde-jarduerak sustatu dituzte, eta lankidetza-estrategiak ezarri dira. Hala ere, lanean jarraitzen dute, eta bottom-up proiektuak dituzte tresna gisa. Cidonchak eman ditu xehetasunak: «Diziplina anitzeko eta zentro anitzeko taldeen barruan, erizaintzako ikerketa sustatzeko lanean ari gara, bottom-up proiektuen bidez. Egitasmo horietan, asistentziaren praktikan dauden ikerketa-beharrak identifikatu dira, eta, zenbait kasutan, hainbat proiekturen ondorio izan daitezkeen ikerketa-ildoak ezarri dira». Bukatzeko, proiektuko kideek azaldu dute ahalegin handia egiten ari direla foro zientifikoetara joatea sustatzeko eta ikerketa praktika asistentzialarekin uztartzeko: «Horrek ikerketa eta berrikuntza, ekoizpen zientifikoa, talentua erakartzea eta aintzatespena erraztu eta bultzatuko ditu», nabarmendu du Cidonchak.

Interesa nazioartean
Proiektuak nazioarteko interesa piztu du, eta gaur egun Latinoamerikako beste herrialde batzuetara hedatzeko lanean ari dira. Albiste pozgarria, dudarik gabe, ekinbidearen sustatzaileentzat: «Guretzat benetan pozgarria da Osakidetzaren «euskal labela» duen proiektu bat, Euskadiko Osasun Ikerketako Institutuek, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, erizaintzako elkargo profesionalek, ACEBek eta EHUk bermatuta egotea eta nazio mailan erreferente izatea; eta espero dezagun nazioartean ere hala izan dadin». Dena den, horren gainetik zera espero dute, proiektu honek lagunduko duela erizaintzako ikerketa eta berrikuntza kudeatzaileen ibilbide-orrian jartzen, etorkizuneko apustu gisa, eta horrek eragin potentziala izango duela herritarren osasun-arretan.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other