agenda » maiatza | HARPIDETU BULETINERA

Gurpil-aulkia burutik kendu eta plazerari bide eman

Agurtzane Ormatza Imatz • SEXOLOGIA

Lesio larriek eta arazo fisikoek baldintzaturik bizi diren pertsonek ere sexualitatea eta erotika gara ditzakete, muga psikologikoak gaindituz.

Orain dela gutxi, erotikari buruzko ikastaroak ematen ibili gara. Horrelako tailerretan jardutea ez da oso ohikoa izaten, geure beharrizanari bidea ematea asko kostatzen zaigulako, baina are arraroagoa izaten da ezintasun fisikoek baldintzaturik dauden andreen talde bat gure jomuga izatea. Taldekide batzuek muineko lesioa dute aspalditik, eta beste batzuek gaixotasun degeneratiboa. Beraz, haietako asko gurpil aulkietan jesarrita dabiltza, eta beste batzuk makuluak lagun.

Emandako tailerrean, parte-hartzaileek gauza komun ugari zituzten: batetik, emakumeak izatea eta ageriko muga fisiko bana edukitzea; bestetik, euren gorputza, erotika eta sexualitatea jorratzeko grina. Beste behin ere, irakasten ikastea tokatu zitzaigun.

Denon gurariak, lotsak, beldurrak, larritasunak, algarak eta beste gorpuzten joan ziren emakume bakoitzaren biografiak gure belarrietan lekua aurkitu ahala. Norberaren ezkutuko desioak, etengabeko fantasia erotikoak, gaixotasunak ekarritako ikasbidaiak, isiltasunak gordetzen dituen debekuak, besteen begiradak…, dena bakoitzaren azalean memorizatua, ezin ahaztua, ezin bideratua. Eta hemendik eskerrak eman nahi dizkiet denei, haien bidaidea izatea uzteagatik.

Plazera, sarritan esan dugun moduan, ez da egun bateko kontua, ezta urtebetekoa ere, bizitza osoan gorpuztuz doakigun sentsazioa edo bizipena baino. Gainera, gure gorputz osoa errezeptorez jantzita dago, gure burmuinarekin batera plazera ekarraraziko digutenak. Beraz, lesio batek edo gaixotasun batek jotzen gaituenerako, gure gorputzak jada biografia bat dauka. Aurretik izandako bizipenek lagunduko digute aurrerakoa eraikitzen, baita gure sexualitatea eta gure erotika ere. Gure gorputzaren sentsazio batzuk galduak izan arren, beste batzuk gara ditzakegu, plazera bide-gozagarria egiteko. Dena da posible.

Lesioak edo gaixotasunak gaztaroan gertatuz gero, gurasoen jarrera erabakigarria izango da. Kasu honetan, eurek lagundu beharko diete seme-alabei haien sexualitatea eta erotika garatzen eta bultzatzen, beldurrarengatik ekidin edo ezkutatu ordez. Nahi eta nahi ez, sexuatuak, sexualak eta erotikoak gara.
Bertako andreei galdetuz gero egindako bidaietan zer nahiko luketen gehien, «lotsarik ez sentitzea» litzateke erantzun nagusi eta nabarmena, beste emakume askorenak bezala. Baita eskatzeari eta ezetza jasotzeari beldurrik ez izatea ere. Eta nork ez du hori nahi, ezta? Fantasiek eurei ere zabaltzen dizkiete lotsak eta beldurrak itxitako ateak, fantasiaren eremuan dena delako posible. Beraz, erotika garatzeko ezinbestekoa da norberari eta imajinazioari baimenaren ateak zabaltzea.

SINESMEN OKERRAK
Nork esan du ipurdi azpian aulkia behar dutenek ez dutela sexualitaterik edo inolako erarik erotikaren alorra garatzeko? Beharbada ez dugu aspaldian horrelakorik entzun, baina seguruenik gehienok uste dugu aukera gutxi dituztela edota ez dela hain aberasgarria izango. Are gehiago, ziur nago eurei ere horrelakoak sinetsarazi dizkietela.

Baina zelako muturrekoa hartzen dugun, ordea, euren alboan gai hau jorratzen eta sentitzen dugunean. Azalaren hizkuntza amaiezina da. Fantasiaren bidez askatzen dute plazera, bikotekide batzuek aulkia ez izan arren. Lesioak mugatutako bideei aurre egiten diete eta beste batzuk arakatu.
Hona hemen zenbait bide:
– Emakume askoren baginaren muskuluen displasia dela eta, euren bikotekideari izugarrizko gozamena sentiarazten diete koitoa praktikatzean. Emakume horien baginak inolako sentsaziorik eduki ez arren, lagunari asko gustatzen zaiola jakitea kitzikagarria iruditzen zaie, eta goxo-goxo jartzen dira.
– Titiak eta titiburuak oso leku aproposak dira plazera garatzeko, eta, horrelako kasuetan, plazeraren gailurrean bueltatxo batzuk emateko prest daude.
– Zakila beharbada ez dute sentitzen, baina, eskua zakilean jarriz gero, ziur nago sentituko dutela tentetasuna. Kitzikagarria izan liteke, ezta?
– Aulkiaren gainean bikotekidearekin jolasteko aukerak zabalak dira. Horrez gain, ohe gainean etzanda jar zaitezke, begiak itxita, eta zure lagunak, zuk ezertxo ere egin gabe, zure gorputz osoa laztan dezake hainbat modutan.
– Biok aulkietan egonez gero, etxea egokituta edukiko duzue ziurrenik, inoren laguntza behar ez izateko. Baina horrela ez bada ere, lagun bati eskatu ahal diozue zuek gura duzuen moduan ohean jartzeko. Lotsa baztertuta eta zeuon imajinazioa erabilita, oso une erotiko bihur daiteke, betiere fantasia bidaide izanez eta aulkia burutik kenduz, fantasiaren bidez edonork gara dezakegulako plazera mugarik gabe!

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other