agenda » urria | HARPIDETU BULETINERA

Ongizatearen alde bat eginda

Osakidetzak abian du 2023-2027 legealdirako Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoa. Pazientea erdigunean jartzen du planak, eta haren beharrak asetzeko lan jarraitua zein koordinatua dakar.

Gaixotasun aurreratuari eta sendaezinari heltzeko erreminta/laguntza dira zainketa aringarriak. Horien beharra duten pazienteei eta ingurukoei arreta jarraitua eta osoa ematea dute xede. Hura praktikan jartzen dute Nagore Lejarzak Emergentziak erakundeko Osasun Aholkuko erizainak eta Uxue Errastik Donostialdeko ESIko Barne Medikuntzako sendagileak.
«Zainketa aringarriek bizi-kalitatea hobetzen laguntzen dute», esan du Errastik. Besteak beste, gaixotasuna hobeto eramaten, sintomak kontrolatzen eta balorazio orokorra egiten laguntzen dute, baita pazientearen egoera fisikoan, psikologikoan, emozionalean nahiz sozialean eragin ere. Alde horretatik, egitasmo integratua da Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoa, pazientea ez ezik haren ingurukoak ere biltzen baititu: «Pazientearen zaintzaileei eta familiari ere eragiten die», azpimarratu du Lejarzak.

Zainketa aringarrietako prozedurak bost fase ditu, eta profesionalen koordinazioa da katebegietako bat. Arreta orokor hori lortzeko, garrantzitsua da profesionalek koordinazio maila egokia izatea, espezialitate ezberdinetako sendagilek zein erizainek hartzen baitute parte. Lejarzak dioenez: «Espezialistak, Emergentzietakoak, Lehen Mailako Arretakoak… Diziplina anitzeko lana da, eta arlo ezberdinetako profesionalak daude inguruan. Guztion artean ematen ditugu zainketa aringarriak».

Zainketa aringarrien beharra identifikatzea da lehen urratsa arreta-prozesua abiatzeko: «Askotan, urrats horrekiko beldurra agertzen da. Ez jakintasuna dela medio, pentsatzen baita etiketa bat jartzea dela: ‘Pertsona hori laster ez da mundu honetan izango’. Identifikazio hori egitea, ordea, oso garrantzitsua da, paziente horren arreta hobea izango dela bermatzen delako. Gaixoaren beharretara adi-adi egongo garela esan nahi du».

Halaber, Errastik gaineratu du garrantzitsua dela beharrak garaiz identifikatzea: «Zailtasun horregatik, askotan kosta egiten da identifikazioa eta lanketa egitea. Zenbat eta lehenago egin, orduan eta aukera gehiago izango ditugu arreta berezi hori eskaintzeko». Izan ere, Lejarzak ohartarazi du identifikazioak ahalbidetzen duela atentzio egokia: «Horri esker, aurrea har diezaiekegu zailtasunei; pazienteen eta familiakoen beldurrak landu ditzakegu; hitz egin dezakegu nola dagoen bai arlo fisikoan baita emozionalean ere».

«ESPEZIALISTAK, EMERGENTZIETAKOAK, LEHEN MAILAKO ARRETAKOAK… DIZIPLINA ANITZEKO LANA DA, ETA ARLO EZBERDINETAKO PROFESIONALAK DAUDE INGURUAN. GUZTION ARTEAN EMATEN DITUGU ZAINKETA ARINGARRIAK»

Identifikazioa egin ondotik ZAPa [Zainketa Aringarrien Plana] zertan datzan komunikatzen zaio pazienteari abian jartzeko. Bizi-kalitatea hobetzea da helburua, eta «esku-hartze globala» du oinarrian: «Hori egiten denean, arretan hobekuntza sumatzen dute gaixoek eta ingurukoek».

Lanketa hori egiteko, profesionalek plan estrategikoaren «kontzientzia» har dezatela funtsezkoa iruditzen zaio Lejarzari, lan egiteko moduaren oinarri izan daitekeelako: «Gero eta paziente gehiago daude zainketa aringarrietan, eta maila guztietan bermatu behar zaie arreta, ospitalean, etxeko ospitaleratzean, beste arreta-maila guztietan. Profesionala kontzientziatuta baldin badago, errazago izango da gizartea ere hala egotea».

Errastik, berriz, uste du 2023-2027 aldirako Plan Estrategikoa aurrekoen segida dela. «Lehengoaren jarraipena da. Zainketa aringarrien arloko zailtasunak aztertu zirenean, elkarrizketa asko egin ziren gaixoekin eta profesionalekin lanketa moduan. Ikusi zen zailtasun handiko une batzuk zeudela: identifikazioan, profesionalen arteko harremanean, plangintzan… Behar horiek lantzen jarraitzeko eta aberasteko ere bada plan berria».

Izan ere, proiektua abiatzeko askotariko profesionalek hartu dute parte. Lejarzak azaldu du nork bere esperientziatik egin duela hori, «norbere lana pazientearen eta familiaren alde jartzeko».

Gogoeta horien bidetik taxutu da plan estrategikoa, eta hortik sortu da «24×7 arreta aringarria». Hau da, modu integralean emandako zainketa aringarriak behar dituztenen une oroko arreta, asko hobetu baitezakete pazienteen egunerokoa. Lejarzak nabarmendu duenez: «Ongizate integrala ematea da, laguntza jarraitua. Helburua da paziente horiek jabetzea 24 ordutan norbait dutela beren inguruan. Erreferentziazko espezialistak ez daudenean, Osasun Aholkuaren bidez».

Pazientearen iritzia, kontuan
Osasun-langileak, pazienteak eta haren ingurukoak elkar hartuta aritzen dira arreta integralean. Errastik azaldu ditu horren xehetasunak: «Lortu nahi duguna eta lortu beharko genukeena da pazientea erdigunean egotea. Egoera ulertzeko behar duen informazioa jasotzea, pronostikoaz, aukerez nahiz konplikazioez hitz egitea, eta berarentzat egokienak diren erabakiak hartzen laguntzea. Eta ez guk, Osakidetzako profesionalok, komenigarriena dena geure kabuz erabaki. Gu laguntzeko gaude, informazioa emateko, baina erabakia haiei hartzen lagundu behar diegu».

«IDENTIFIKAZIOARI ESKER, AURREA HAR DIEZAIEKEGU ZAILTASUNEI; PAZIENTEEN ETA FAMILIAKOEN BELDURRAK LANDU DITZAKEGU; HITZ EGIN DEZAKEGU NOLA DAGOEN BAI ARLO FISIKOAN BAITA EMOZIONALEAN ERE»

Nolanahi ere, Errastik zehaztu du ez dagoela paziente berdinik, bakoitzak bere balioak eta izaera dituela, eta hori kontuan hartu behar dela komenentziaz jarduteko garaian: «Horretarako gaude, laguntzeko».

Oro har, pazienteek begi onez hartu dute plan estrategikoaren prozedura: «Oso ondo jasotzen dute erdigunean egotea, eta hari entzuteko aukera ematea. Konturatzea gai dela erabakiak hartzeko eta bide egokiena hartzeko. Oso eskertuta egoten dira».

Antzeko iritzia du Lejarzak ere: «Nire lanean ere beti eskertzen dute laguntza ematea. Garrantzitsua da osasun-arloko paradigma alda dadin. Batez ere pazienteak, baina baita haren familiak ere, eskubidea izan dezaten aukeren artean erabakitzeko».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other