agenda » uztaila | HARPIDETU BULETINERA

Jostailuak

Agurtzane Ormatza Imatz • SEXOLOGIA

Gero eta gehiago dira denda espezializatuetan nahiz Interneten eskura daitezkeen sexurako jostailuak eta tresnak. Ondo pasatzeko nahiz ikasteko bidelagun aproposak izan daitezke.

Erotikaren alorra aberasteko eta jolaserako daukan joera jorratzeko, hainbat jostailu eta tramankulu daude gaur egun. Horrelakoak asmatzeko ez dakit zenbateraino pentsatu duten gugan eta zenbateraino poltsikoetan, baina, dena den, jostailuak aukera paregabea dira gu olgetan jartzeko. Are gehiago, uste dut salgai jartzen dizkiguten baliabideek bidea ematen digutela gutaz gehiago jakiteko eta gozatzeko.

Bide batzuk
Gure emozioak, burutazioak, sentsazioak eta sentimenduak. Jostailuak ikusten ditugunean, lotsa, irria, nazka, egonezina, beldurra… Denetarik bilakatzen da geure baitan, ezta? Bide zoragarria dira gure barrenak begiratzeko, aztertzeko eta benetan desiratzen duguna bideratzeko.

Gorputzaren ikerkuntzaren lagun dira. Jostailua aitzakia da, izanez ere, gure gorputza arakatu eta jabetzeko gure barrenak ematen digunarekin: zer dugun gustuko eta zer ez, zelan bai eta zelan ez…

JOSTAILUA AITZAKIA DA, IZANEZ ERE, GURE GORPUTZA ARAKATU ETA JABETZEKO GURE BARRENAK EMATEN DIGUNAREKIN

Lagunarekin intimitatea jorratzeko paregabeak dira. Inolako helbururik gabe, batak bestearen gorputza arakatuz, sentitzen dugunaz berba eginez, adibidez, biluzik, konfiantza eraikitzen da.

Jostailu bakoitzari behar duen lekua eta denbora emanez, gure zirrarari etekin guztia atera diezaiokegu. Tramankulu guztiekin gertatzen den moduan, denbora behar dugu geurera egokitzeko, ikasteko eta menderatzeko, eta gerora gure bidaide izateko.

Jostailuak olgetarako dira, ondo pasatzeko eta ikasteko. Bidaia horretan bidelagunak ditugu; ez dira helburuak, baliabideak baizik.
Dendatan eta Interneten topa daitezkeen jostailuak dira hauek:

Arropak
Bularretakoak, galtzari-eustekoak, kamisetak, zulo biko kuleroak, galtzontzillo tangadunak, mozorroak, zapatak, galtzerdiak, latexezko arropak…

Osagarriak
Zartailuak, zaharoak, lumak, eskuburdinak, kremak, lubrikatzaileak, hautsak, margoak, olioak, kitzikagarriak, titibururako pintzak edo apaingarriak, zakilean ipintzeko eraztunak, karatulak… Eta, euskarriari dagokionez, DVDak, CDak, liburuak, gidak, komikiak, aldizkariak…

Genitalak arakatuz
Zakila masturbatzeko jostailuak, klitoria xurgatzekoak edo kitzikatzekoak, g puntua kitzikatzekoak, baginan sartzekoak edo ipurtzulotik sartzekoak: bibragailuak, dildoak (bibrazio gabeak) zakilaren formakoak nahiz gabekoak, ur azpian erabiltzekoak, bola txinatarrak edo thailandiarrak, zakil formako jostailua ipintzeko arnesak, buru biko dildoak…

Babesa emateko denetariko preserbatiboak —zaporedunak, forma askotakoak, ehundura eta tamainaren araberakoak…—, alua xurgatzeko eta miazkatzeko latexa, gorputza garbitzeko espraiak… Imajinazioa martxan jartzeko moduak dira, ezta?

Etxean ere bai
Aspaldian egun berezi baterako erositako kuleroak edo galtzerdiak atera, gaur martitzena da eta! Non dago aratusteetan erabili duzun mozorroa? Eta ganbaran dauden lumak eta karatulak? Lagunak erositako galtzontzilloak tiraderan polito tolestuta? Hobeto aldean!

Non dauzkazu gordeta aldizkariak eta filmak? Interneten begiratu zenuen artikulu hura? Non da aspaldian erositako sexu gida? Lagun baten despedidarako erositako jostailutxoren bat gordeta al daukazu? Atera eta begiratu zertarako den!

Amak erositako masaje emailea atera, eta begiratu masajea eman dezakezun bizkarrean ez ezik beste lekuren batean ere!

Sukaldeko tresneria atera: aluminioak hotza eta zirrara sor dezake gorputz biluzian; sardexkaren puntak sentsazio asko sortzen ditu; egurrezko paleta bero-beroak; janaria babesteko filma babesle ona da alua ahoaz ukitzean… Gorputzerako olioak eta kremak ere bai. Goza ezazue daukazuenarekin.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other