Raúl San Román elkarrizketatu dugu, Familiako eta Komunitateko Erizaintzako profesionala izateaz gain, aditua da sexu-aniztasunari buruzko gaietan.
Zergatik da garrantzitsua LGBTIQ+ kolektiboko pazienteei arreta eskaintzeko moduari buruzko prestakuntza izatea?
Sexualitatea gure osasunaren zati oso garrantzitsua da. Denok bizi dugu gure sexualitatea era batera edo bestera. Harremanak izateko modua, besteekiko gure jokamoldea zein gure burua identifikatzekoa kontuan hartu behar dira arreta sanitarioa eskaintzerakoan. Badira hainbat urte sexu-aniztasunak ikusgarritasuna bereganatu duenetik, baina aldi berean, diskriminazioa jasaten du, baita prestakuntza eta sentsibilizazio falta ere.
Kontrolatzen ez ditugun kontuekiko beldurra sentitzea logikoa da, baina hori ez da aitzakia behar bezalako arretarekin ez artatzeko. Labur esanda, ez da garrantzirik gabekoa. Hau da, ezberdintasunaz eta zaurgarritasunaz jabetu behar dugu.
Bisexuala, transgeneroa, lesbiana… ez dira etiketa hutsak, identitateak dira. Gure pazienteen nortasunaren parte dira, eta beraz, ganorazko arreta sanitarioa bermatzeko funtsezkoa da haiekin konektatzea eta haien testuingurua ezagutzea. Ez diogu sexu-heziketa bera emango neska heterosexual edo lesbianari, ezin ditzakegulako harreman guztiak heterosexualtzat jo, eta hala eginez gero ezer gutxi lagunduko baikenuke.
Ikasten ari gara etengabe, azken orduko protokolo, tratamendu, ebidentziak… ezagutzen ditugu eta horiek darabiltzagu. Era berean, sexu-aniztasunari lotutako ezagutzan ere egunean egon behar dugu, baina modu batera edo bestera huts egiten ari gara, eta hori gerta ez dakigun baliabideak eskura izan ditzagun garrantzitsua da.
Telebistan, kalean, testuinguru sanitarioan… heteronormatibitatea da nagusi, hau da, zalantzaren edo ezjakintasunaren aurrean heterosexualitatea lehenesten da, eta ondorioz pazienteek horrelako zerbitzua jasoko dutela uste dute. Esate baterako, osasun-arazo bat daukan gizona artatzen dugunean eta, besterik gabe, emazteaz galdetzen diogunean, gizon hori homosexuala baldin bada, zailtasunak izan ditzake bere bikotekidea gizona dela esateko, eta horrek deserosotasuna sor dezake giroan. Hizkuntza zaintzea dagokigu eta, era horretarako testuinguruetan, «bikotekideaz» galdetzea, eta ez «emazteaz» . Horrela, gure pazienteek beren bikotekideaz askatasunez hitz egingo dute, berdin gizona zein emakumea izan. Pazienteek horixe diote inkestetan, eta hori bermatu behar dugu.
Uste dut hoberantz goazela, baina oraindik bide luzea daukagu aurretik. Tresna bikainak daude: hizkuntza, komunikazioa… nola zaindu; horretarako prestakuntza espezifikoak dauzkagu. Bada, saia gaitezen ahalduntzen.
«GARRANTZITSUENA ERRESPETUA ETA KONFIANTZA DIRA, HORI BERMATZEN BADUGU, GAINERAKOA BEREZ ETORRIKO DA»
Zer oztopo dauzkate kolektiboko pertsonek osasun-zentrora joaten direnean?
LGBTIQ+ kolektiboko pazienteek oztopo ugari aurkitzen dituzte osasun-sisteman; trans pertsonaren kasuan, izenetik bertatik hasita, historia klinikoan oraindik aldatu ez badiote; hitzordua hartzeko arazoak; trans gizon batek zerbixeko minbiziaren baheketa egin behar duenean…
Beste adibide bat da kontsultan ematen dugun sexu-heziketa, bai osasunaren sustapenean, bai sexu-transmisiozko infekzioen (STI) edo nahi gabeko haurduntze prebentzioan. Kasu horietan, oso garrantzitsua da gomendioak ematen ari gatzaizkion pertsonaren sexu-praktikak zein eratakoak diren jakitea, eta horren araberako iradokizunak egitea.
Gauzak gaizki egiten diren adibideak egon badaude, eta gomendio itsusi eta desegokiak egiten dira, ohikoena ez bada ere, baina oso normala da beldurragatik «ez egitea» edo «ez esatea» : «Ez dut galdetuko hanka ez sartzeko» , «Ni ez naiz inor zure ekintzak epaitzeko» … eta, maiz, axolagabetasuna gaizki egitea bezain kaltegarri izan daiteke. Sexualitatea garrantzitsua da.
Hala ere, osasun-arloko profesionalok ikasten eta eboluzionatzen dihardugu etengabe, eta edozein egoeratara egokitzeko gai gara. Tresna egokiekin, urrats erraldoiak emango dira arlo horretan. Zalantzarik gabe, garrantzitsuena errespetua eta konfiantza dira, hori bermatzen badugu, gainerakoa berez etorriko da.
«Atiende con orgullo» sexu-aniztasunari buruzko online ikastaro batean parte hartu duzu. Zer esan diezagukezu?
«Atiende con Orgullo» Familiako eta Komunitateko Erizaintzako egoiliarrok sortu genuen, Izarne, Ainhoa eta Raúl ikaskideekin batera. Profesionalen sexu-aniztasunari buruzko prestakuntza bultzatu nahi genuen, LGBTIQ+ kolektibokoen arreta egokiagoa izan zedin.
Ikastaroak sexu-aniztasunera hurbiltzen gaitu; hau da: sexu-orientazioa, genero-estereotipoak, genero-identitatea…eta antzeko kontzeptuak bereizten eta kontsultan emandako diskriminazio-kasu errealak lantzen ditugu.
Tailerra 2 osasun-zentrotan egin genuen, eta izugarri gustatu zitzaien. Eztabaida, zalantza eta segurtasun falta ugari mahaigaineratu ziren, bai eta istorio eta pasadizo ugari kontatu ere. Oso aberasgarria izan zen partaide guztiontzat.
Ondoren, Jakinsareako online ikastaro batera egokitzeko aukera sortu zen, eta horri ekin genion. Lehenengo edizioak harrera oso ona izan zuen, eta orain bigarren edizioa eskainiko da euskaraz. Horrek adierazten digu profesionalei interesatzen zaiela, eta arlo horretako prestakuntza eskatzen dute.
Iturria:
barrualdegaldakao.osakidetza.eus