Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareak (NLPD) osasun- eta gizarte-arloko hizkuntza-aniztasunari buruzko jardunaldiak antolatu zituen Finlandian. Jardunaldi horietan, Osakidetzako Giza Baliabideen Garapeneko eta Prestakuntzako zuzendariordeak, Josune Retegi Ormazabalek, eta Lehen Arreta Koordinatzeko zuzendariordeak, Susana Martin Benavidesek, azaldu zuten Euskadiren kasua, osasun-arloan euskararen normalizazioan egin beharreko urratsak azalduz.
Laugarren aldiz, Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareak (NPLD, Network to Promote Linguistic Diversity) eta Coppieters fundazioak jardunaldi batzuk antolatu zituzten irailaren amaieran, komunitate eleaniztunetan osasunaren eta gizarte-laguntzaren alorrean hizkuntzak kudeatzeari buruz. Aurten, Helsinkin (Finlandia) elkartu ziren adituak, eta aztergai izan zituzten hizkuntza aniztasuna dagoen komunitateetan osasun eta gizarte zerbitzu publikoetan dauden hesi linguistikoak eta horrek pazienteengan dituen ondorio negatiboak. Horretarako, zenbait komunitatetako profesionalak elkartu zituzten, tartean Osakidetzako bi profesional: Josune Retegi Ormazabal, Giza Baliabideen Garapeneko eta Prestakuntzako zuzendariordea, eta Susana Martin Benavides, Lehen Arreta Koordinatzeko zuzendariordea. Euskararen normalizaziorako planei buruz aritu ziren hizketan, hain zuzen ere, alor horretan orain arte egindako ibilbideaz eta prozesu horrek emandako fruituez, bai pazienteei eta bai profesionalei dagokionez. Euskaraz gainera, Suedia eta Kanadako egoera ere izan zituzten hizpide hizlariek jardunaldietan.
Nola ziurta daiteke komunitate bateko hiztunek, batez ere hizkuntza horietako bat eskualdeko hizkuntza edo hizkuntza gutxitua denean, zerbitzuak beren hizkuntzan eskuratu ahal izatea? Galdera horri erantzutea zuten helburu jardunaldietan parte hartu zutenek. NPLD-Coppieters foroan, erakunde publikoek eta Europako 22 komunitate linguistikoetako gizarte zibilak horretaz eta beste hainbat gairi buruz hitz egin ahal izan zuten. Izan ere, aurretik aipatutako hiru kasuen inguruan aritu ostean, eztabaidagai izan zuten bi hizkuntza ofizial dauden herrialdeetan hizkuntzak nola kudeatu, eta ildo horretan aurki daitezkeen erronkak nahiz aukerak. Retegik hartu zuen parte horretan Euskal Herriko ordezkari gisa, beste hiru aditurekin batera.
Legeak, estrategiak eta kudeaketa
Retegi eta Martin euskarak osasun-zerbitzuetan duen egoera azaltzen hasi ziren, lege-esparruaren oinarrizko eta funtsezko legeak azalduz. Hori hala, Euskadiko antolamendu sanitarioaren legea (1997), euskararen erabilera normalizatzeko dekretua (2003), Osakidetzako langileen lan-baldintzei buruzko dekretua (2005), lanpostu funtzionalei buruzko dekretua (2005), euskarazko tituluak baliozkotzeko dekretua (2008-2023) eta Osakidetzan pertsonen eskubide eta betebeharren aitorpena (2015) aurkeztu zizkieten jardunaldietan parte hartu zutenei. Estrategien inguruan, nabarmendu zuten Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna dela hizkuntza gutxituak babesteko eta sustatzeko tresna nagusia, eta, horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoan Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako beste hiru ekimen azaldu zituzten: Euskararen Agenda Estrategikoa 2021-2024, Osasun Sailaren 2021-2024ko Marko Estrategikoa eta Osakidetzaren 2023-2025erako Plan Estrategikoa.
HIZKUNTZA ANIZTASUNA SUSTATZEKO EUROPAKO SAREAK HIZKUNTZA ANIZTASUNA BERMATZEA ETA SUSTATZEA DU XEDE
Euskararen erabileraren normalizazioaz, azpimarratu zuten kalitatezko osasun-sistema batean euskara ohiko hizkuntza normalizatu bihurtzeko bidean aurrera egin duela Osakidetzak urte hauetan guztietan, eta hiru printzipiotan oinarritu dela horretarako: hizkuntza-eskubideak errespetatzea, enpatia eta komunikazio argi eta hurbila -pertsonarengan oinarritua-, kalitate-zeinu gisa, eta progresibotasuna helburuak finkatzea. Hirugarren euskara planaren helburu nagusiak ere aipatu zituzten: euskaldunei arreta modu aktiboan eta sistematikoan euskaraz eskaintzea, lanerako hizkuntza izatea eta barne-komunikazioetan ere bermatzea, eta plana unitate guztietan hedatzea, besteak beste.
Bukatzeko, profesionalengan eta pazienteengan jarri zuten arreta, eta zenbait datu eman zituzten. Esate baterako, azaldu zuten Osakidetzako langileen %60k duela euskarako B1 maila edo maila altuagoa. Pazienteei dagokienez, 2.287.089 herritar artatzen ditu Osakidetzak, eta horietatik % 19k lehenesten dute euskaraz artatuak izatea (341.320 pazientek).
NPLD
Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sarea (NPLD) Europa osoko hizkuntza-politikaren eta hizkuntza konstituzionalen, eskualdekoen eta estatu txikien (CRSS) plangintzaren arloan lan egiten duen sarea da. NPLDk barne hartzen ditu gobernu nazionalak, eskualdekoak, unibertsitateak, elkarteak eta kideak. Kide fundatzaileen artean Eusko Jaurlaritza dago, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bidez.
NPLDren helburu nagusia da hizkuntzen aniztasunak Europan duen garrantziaz jabetzea, baita Europa osoko gobernuen, arduradun politikoen, profesionalen, ikertzaileen eta adituen arteko praktika onenen trukea erraztea ere.