agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Gaitzaren ikuspegia aldatzea

Epilepsia ikertzen dihardu burubelarri Biobizkaia osasun ikerketa institutoko neuroirudu konputazionalaren taldeak. Martxan duten ikerketak epilepsia ikertzeko eta artatzeko modua alda dezake. Bada, oraingoz, ESTAT 3 farmakoak garunaren inflamazioa saihesten laguntzen duela frogatu dute. Horrela, hantura geldiarazteak krisi epileptikoa gertatzeko aukerak murrizten ditu. Ikerketaren emaitzak BRAIN aldizkari zientifikoan argitaratu dira berriki.

Munduan, 50 milioi pertsonek pairatzen dute epilepsia. Gaixotasun neurologikoa da epilepsia, kronikoa eta askorentzat ezezaguna. Are, epilepsia detektatzeko modu bakarra krisi epileptiko bat pairatzea da; hau da, gaixotasunaren ageriko sintomari erreparatzea. Gaitzari aurre egiteko hainbat botika merkaturatu dira, baina denek ala denek berdintsu funtzionatzen dute: krisi epileptikoak gelditzea da helburua; hau da, gaixoak ahalik eta krisi epileptiko gutxien pairatzea. Biobizkaia osasun ikerketa institutoko neuroirudi konputazionalaren taldeak, ordea, gaitza ikertzeko modua aldatu nahi du. Epilepsia duten pazienteen garunaren hanturari erreparatu diote ikertzaileek, inflamazioa murrizteak krisi epileptikoengan duen eragina zehazteko.

Ikerketa hiru zientzialarik gidatu dute: Jesus Cortes Neuroirudi Konputazionalaren taldeko koordinatzaileak, Paolo Bonifazi Neuroirudi Konputazionalaren taldeko Ikerbasque ikerlariak eta Soraya Martin Suarez Osakidetzako Biobizkaia Institutuaren ikerlariak (gaur egun Achucarro Basque Center for Neuroscience-ko ikerlaria).

Soraya Martinek azaldu duenez, taldeak nahasmena beste ikusmira batetik aztertu nahi izan du, tratamenduak garatzeko bestelako formulak arakatzeko: «Epilepsiak berezko hainbat ezaugarri ditu: garunaren hantura, zelulen heriotza, desinkronizazioa eta neuronen arteko konektibitatea galtzea, besteak beste. Hantura da guk hautatu dugun ezaugarria». Inflamazioa neuronekin elkarekintzan dauden bestelako zeluletan ematen da, eta krisi epileptikoetan zirkuito osoak du eragina. Zirkuitoaren eragina aztertu du ikertaldeak: «Neuronekin elkarekintzan dauden zeluletan eragiten badugu, zelula horiek hobetzen baditugu, neuronen jardueran eragina izango du. Neuronak inguratzen dituen giroa osasuntsu egotea lortzen badugu, horrek eragina izango du neuronen jarduera eta konektibitatean? ikusi duguna da neuronen inguruko giroa hobetzen baduzu, haien artean komunikatzeko modua hobetzea lortzen duzula», azaldu du Martinek.

Ikerketa bukatzeko bide luzea dute ikerlariek aurretik, baina dagoeneko egindako lanaren fruituak jasotzen hasi dira. Inflamazioaren gainbeherak neuronen funtzionamenduari nola eragiten dion aztertu dute, eta hurrengoa ondorioztatu dute: neuronen inguruan dauden gainerako zelulak hobetzeak neuronen arteko komunikazioa hobetzen du. Ikerketaren lehen emaitzak BRAIN aldizkari zientifiko entsutetsuan plazaratu dituzte.

Konexioa gainezka
Ikertaldearen ekarpena ulertzeko, garrantzitsua da krisi epileptikoen garapena ondo ezagutzea. Krisi epileptiko bat «energia lur jauzi» baten modukoa da. Neuronek gehiegizko energia igortzen diote elkarri gainkarga bat sortuz. Kontrol ezak eragiten ditu krisi epileptikoak. «Eztanda elektriko bat da. Neuronek kontrolik gabe kitzikatzen dira, eta horrek krisia sortzen du. Gainkarga elektrikoa garun osora hedatzen da, kalteak eraginez», adierazio du Jesus Cortes ikerlariak. Krisiek kalte zerebrala eragiten dute, eta horregatik da garrantzitsua krisiak geldiaraztea.

Krisiak saihestea izan da orain arte epilepsiari aurre egiteko merkaturatu diren botiken fokoa: «Epilepsiaren tratamenduak asko kontrolatzen du krisiak ez gertatzea, horrek kalte egiten baitio garunari. Guk sareak konektatzeko ohiko patologia gisa ikusten dugu, eta horrela egiten diogu aurre», azaldu du Cortesek. Are, kasu askotan botikek eragin positiboa dute pazientearengan eta epilepsiadun pertsona askok urteak pasatzen dituzte krisi epileptikorik pairatu gabe. Beti ez da horrela gertatzen, ordea. « Neurona zelula kitzikagarria da, elektrizitatea igortzen duen zelula da. Botika asko daude, eta sendagai guztiak kitzikagarritasunean eragiten dute, gainkarga erlaxatzea dute helburu», gehitu du Cortesek.

«Sare gaixotasuna» da epilepsia, eta horregatik da ezinbestekoa neuronek garunean dauden gainerako zelulekin interakzioan osatzen dute zirkuitoari osotasunean erreparatzea. Cortesen arabera, planteamendu horretan datza gakoa. «Ikerketa honetan kitzikagarritasunaren aurreko urratsari erreparatu zaio». Martin, Bonifazi eta Cortesen ikerketak gaitzaren oinarrira jo du, krisiak baino askoz lehenago gertatzen den prozesuan jarri du fokua. Martinek zirkuituak nola funtzionatzen duen azaldu du: « Neuronak kontrolik gabe igortzen du energia, eta horrek hantura eragiten du. Baina, alderantziz ere gertatzen da. Loop biziotsu bat sortzen da neurona inguratzen duen atomosferaren eta neuronaren artean. Guk neuronetatik at zer gertatzen den aztertu dugu, krisiak elikatzen dituen looparen beste aldean jardun gara».

Bide luzearen hasiera
Garun-konektibitatearekin zerikusia duten gaixotasunen ikerketa egiten du neuroirudi konputazionaleko taldeak. 2009an sortu zen, eta 2014an batu ziren taldera Paolo Bonifazi eta Soraya Martinez. Irudietan oinarritzen da taldearen ikerketa, eta parametro zehatz batzuen neurketak ahalbidetzen du irudien interpretazioa: «Sarearen sinkronizazioa neurtzea ahalbidetzen digute irudiok, neuronen eta sarearen gainkarga kuantifikatzeko gai gara. Irudietan kaltzio kontzentrazioa neurtzen dugu, neuronaren kitzikigarritasunaren adierazle gisa», zehaztu du Cortesek. Diziplinen arteko lanaren emaitza da ikerketa; eta hortan datza arrakasten gakoa Martinen hitzetan: «Nik ezagutza biologikoa dut eta prestakuntza fisikoa dute Paolok eta Jesusek. Horrela, neuronan eta sarean gertatzen denaren kuantifikazioa eta azterketa biologikoa uztartzen dira. Bi diziplina oso desberdinen konbergentzia da».

Fase aldaketa baten atarian dago gaur gaurkoz ikerketa. Eredu esperimentala garatu dute orain arte (in vitro), eta in vivo fasera igarotzeko moduan daude. Bide luzea dute egiteko oraindik, eta ezin jakin zein forma hartuko duen ikerketaren bukaerako emaitzak. Gauza bakarra du argi Martinezek: «Zirkuitu osoa ikusi dugu aurrenekoz, eta eredu bat ezarri dugu: horrek aukera ematen digu gauza askotan lan egiteko: probatu ahal izateko lehen fasea da». Paradigma aldaketak gaitza arakatzeko modu eta ikerketa lerro berriak ahalbidetu ditzake.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other