agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Hauskortasuna tratatzen aintzindari

Adinekoen bizi-kalitatea hobetzea helburu, Gorlizko Ospitaleak proiektu aitzindaria abiatu du: hauskortasun-unitate espezifikoa garatu dute geriatria espezialitatearen barruan. Lantalde multidiziplinario baten eskutik, alderdi klinikoaz gain, pazienteen alderdi soziala, funtzionala, emozionala eta kognitiboa ebaluatzen dute, eta ariketa jakin batzuk egiten dituzte haiekin, funtzionalitatea gal ez dezaten. Ortogeriatrian, psikogeriatrian eta onkogeriatrian sakontzen ari dira orain.

Gizartea zahartzen ari da; horixe bera islatzen dute adierazle demografiko globalek, bai EAE (Euskal Autonomia Erkidegoan) eta bai Europa osoan. Hala, datozen hamabost urteetan nabarmen handituko da 65 urtetik gorakoen kopurua. EAEn, zehazki, 2.200.000 biztanletik 500.000k baino gehiagok ditu 65 urte, Eustatek 2022. urtean emandako datuen arabera. Zahartzea, gainera, progresiboa izango dela iragartzen dute. Beraz, funtsezkoa da adineko pazienteen osasuna behar bezala ebaluatzea, kolektibo horren gaixotasun espezifikoei aurrea hartzeko, eta behar bezala tratatzeko.

ERRESERBA FISIOLOGIKOAK MURRIZTEAREN EDO SISTEMA FISIOLOGIKOA DESOREKATU IZANAREN ONDORIOZ SORTU OHI DA HAUSKORTASUNA

Gorlizko Ospitalean eman dute urratsa jada, eta ez edonolakoa, proiektu berritzailea jarri baitute abian. Geriatriaren espezialitatean sakonduta, hauskortasun-unitate espezifikoa sortu dute, aurretik Osakidetzan inoiz ikusi gabea. Aitzindaria eta bakarra, beraz. Izan ere, Gorlizko Ospitaleak paziente subakutuak artatzen ditu, hau da, prozesu akutua gainditu ondoren, zainketak edota errehabilitazioa egiten jarraitu behar duten pazienteak.

Oro har, pazienteen soslaia adineko jendearena da: batez beste, 84 urteko pazienteak izan ohi dituzte ospitalean. Ospitalean askotariko prozesu klinikoak garatzen dira, baina paziente guztiek ezaugarri komuna dute: hauskortasuna. Hori dela eta, hiru geriatra aritzen dira lanean ospitale horretan gaur egun. Osakidetzaren gainerako ospitaleekin alderatuta, badago nabarmendu beharreko ezaugarri bat: geriatra horiek ez daude inolako zerbitzu espezifikotan integratuta; ez daude barne-medikuntzaren barruan; aitzitik, asistentzia-zuzendaritzaren gidaritzapean aritzen dira lanean zuzenean. Gauzak horrela, mediku geriatrak berak gidatzen du hauskortasun-unitatea; talde independente eta multidiziplinarioa da. Lan egiteko modu horrek, pazienteei arta indibiduala eta integrala bermatzeko ikuspuntu berritzailea ekarri du osasun-arlora, adineko pazienteak zaintzeko eta laguntzeko. Zalantzarik gabe, balio erantsia ematen dio pazientearen asistentzia-prozesuari.

Talde multidiziplinarioa
Zentroko geriatren eskutik jaio zen proposamena. Haien hitzetan, Gorlizko Ospitalean lanean hasi bezain pronto, adineko paziente eta hauskor asko artatzeko modua birformulatzeko beharra zegoela ikusi zuten. Hortik abiatuta, hauskortasun-unitatea eratzea bururatu zitzaien. Unitate horretan funtzionatzeko modua ohikoa baino integralagoa da, ikuspegi klinikoan oinarrituta lan egiten baita. Horregatik, argi daukate pazienterik ahulenentzako oso aberasgarria izango dela, ikuspegi transbertsala, integrala eta multidiziplinarioa oinarritzat hartuta.

OPERATU AURRETIK PAZIENTEEK ZUTEN FUNTZIONALITATEA BERRESKURATZEA DA HAUSKORTASUN-UNITATEAREN HELBURURIK GARRANTZITSUENA

Pazientearen bizi-kalitatea hobetzeko helburuz, gainera, alderdi anitz hartzen dituzte aintzat, ez alderdi klinikoa soilik: alderdi soziala, funtzionala, emozionala eta kognitiboa ere ebaluatzen dituzte, betiere modu multidiziplinarioan. Izan ere, laguntzaileekin eta erizainekin batera osatu dute taldea unitate horretan, haiek ere jakin dezaten zer diren sindrome geriatrikoak, nola artatu eta aurreikusi behar diren eta nolako arreta eman behar zaien pazienteei narriadura funtzionala eta desgaitasuna saihesteko. Profesional horietaz gainera, zentroko fisioterapeuta ere lantaldearen parte da; plan indibidualizatu bat egiten dio paziente bakoitzari, eta, pazientearen egoeraren arabera, ariketa batzuk edo beste batzuk egiten laguntzen dio.

Hauskortasuna ez da desgaitasuna
Operatu aurretik pazienteek zuten funtzionalitatea berreskuratzea da hauskortasun-unitatearen helbururik garrantzitsuena. Esan daiteke hauskortasuna dela estres-faktoreekiko kalteberetasun handiagoko egoera fisiologikoa. Erreserba fisiologikoak murriztearen edo sistema fisiologikoa desorekatu izanaren ondorioz sortu ohi da. Oro har, adineko pazienteek pairatu ohi dute. Beraz, hauskortasuna duten pazienteek ez dute desgaitasunik, baina egia da tratatu ezean horiek garatu ditzaketela.

Hasteko, SPPB deritzon proba egiten dute, Short Physical Performance Battery (Jarduera Fisikoko Bateria Laburra). Probarik fidagarrienetakoa da adinduen hauskortasuna detektatzeko eta desgaitasuna iragartzeko. Gainera, pazientearen bilakaera denboran zehar monitorizatzeko aukera ematen du. Zentroko fisioterapeuta arduratzen da proba hori egiteaz, eta emaitzaren arabera pazienteari ariketa mota batzuk edo beste batzuk egiten laguntzen dio, eta bilakaeraren arabera ariketa motak ere aldatuz joaten da.

MEDIKU GERIATRAK GIDATZEN DU HAUSKORTASUN-UNITATEA

Pazienteek ez dute denbora asko ematen Gorlizko Ospitalean —bi aste inguruz egiten dizkiete ariketak eta jarraipena—. Zentroko profesionalek nabarmendu dute oso garrantzitsua dela pazienteen ahaideek errekuperazio ariketak egiten laguntzea alta jaso ondoren, eta, horretarako, ezinbestekoa da familiak ere ohitura horietan konzientziatzea. Orain arteko balorazioa oso ona izan dela azpimarratu dute langileek, baina, horrekin ez omen da nahikoa, eta beste arlo espezifiko batzuk garatzen dihardute orain, hala nola ortogeriatria, psikogeriatria eta onkogeriatria.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other