agenda » maiatza | HARPIDETU BULETINERA

“Gure helburu nagusia da bikaintasuneko osasun-erakunde bihurtzea”

Mari Luz Marques • Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko gerentea

Gurutzetako Ospitalea munduko ospitalerik onenen artean dago Pediatrian, Kardiologian eta Ospitale Adimenduen arloan, AEBetako ‘Newsweek’ aldizkariak argitaratu berri duen rankingaren arabera. Halaber, Mari Luz Marques Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko gerenteak azaldu duenez, erakundeak aitorpen ugari jaso ditu urteotan; besteak beste, estatuko erreferentziako 25 ospitaleetako bat da, Forbes zerrendaren arabera.

Zer-nolako aldizkaria da Newsweek, eta zertan datza egiten duen rankinga?
Newsweek AEBetako aldizkari bat da, 1933an sortua, eta medikuntzan, zientzian eta osasunaren sustapenean egindako aurrerapenei buruzko informazioa ematen du. Urtero egiten ditu txostenak, osasun-erakunde onenak identifikatzeko eta aitortzeko. World’s Best Specialized Hospitals sailkapenak ospitalerik onenak baloratzen ditu munduko 30 herrialdetan. Ranking horrek mundu osoko ospitale liderrak saritzen ditu medikuntzako zenbait arlo hartuta. Sailkapeneko irizpideek hiru eremu hartzen dituzte kontuan: profesionalen gomendioak, pazientearen esperientzia eta kalitate-adierazle medikoak.

Nola aukeratzen dituzte munduko ospitalerik onenak?
Emaitzak inkesta batean oinarritzen dira; 30 herrialde baino gehiagoko milaka osasun-adituk parte hartzeko aukera ematen dute, hala nola medikuek, osasunaren arloko beste profesional batzuek eta kudeatzaileek. Inkesta hori ekainetik uztailera bitartean egin zuten 2023an, eta zentro publikoak zein pribatuak baloratu zituzten. Parte hartzen duten pertsonen iritzi eta gomendioekin batera, kontuan hartzen dira, gainera, diziplina bakoitzean garrantzitsuak diren kalitate-ziurtagiriak eta akreditazioak, bai eta pazienteen gogobetetasunari buruzko adierazleak ere.

«GURE OSPITALEA KONPLEXUTASUN HANDIENETARIKOEN ZERRENDAN DAGO»

Gurutzetako Ospitalea sailkapen horretan agertzen den lehen aldia al da? Beste aitorpenik jaso du azken urteotan?
Pediatriako gure zerbitzuak hiru urtez daramatza mundu-mailako zerbitzurik onenen artean agertzen. Kardiologiaren kasuan, lehen aldiz agertu da ranking horretan, eta ospitale adimendunik onenen rankingean ere lehen aldiz agertu gara.

Gure erakundeak aitorpen ugari jaso ditu azken urteotan. Batzuk aipatzearren, ospitalea Espainiako Estatuko hamar ospitale publikorik onenen artean kokatu da aurten, Forbes Zerrendako erreferentziazko 25 ospitaleen arabera, eta, bigarren urtez jarraian, jarduera klinikoari balioa emateko gure estrategiak Top Value saria jaso du.

Ospitaleko zer alderdi nabarmendu dira?
Pediatriako zerbitzua erreferentea da tokiko eta nazioarteko mailan. Ildo horretan, Europako sareetan parte hartzen dugu, hala nola gaixotasun metabolikoetan eta gaixotasun endokrino konplexuetan. Gainera, erreferentziazko zentroa gara fibrosi kistikoan eta kirurgia konplexuetan, eta gure lana Osasun Ministerioak dauka egiaztatuta erreferentziako zentro, zerbitzu eta unitate gisa gaixotasun metaboliko hereditarioetan, giltzurrun-transplante pediatrikoan eta epilepsia errefraktarioan.

«ADI GAUDE GURE PROZESUAK ETA ZERBITZUAK HOBETU DITZAKETEN TEKNOLOGIA ETA ANTOLAKETA-BERRIKUNTZEI»

Kardiologiaren kasuan, zerbitzua osatzen duten unitateetan izandako aurrerapenek erreferente bihurtu dute, adibidez, sortzetiko kardiopatia duen jaioberriaren eta sortzetiko kardiopatia konplexua duen haurraren asistentzia integralean. Gainera, zerbitzuan inpaktu handiko prozedura interbentzionista kardiologikoak egiten dira, koronarioez gain, baita egiturazko kardiopatiekin lotutakoak ere.

Nolako planak edo ekintzak egin dituzue urte honetan ospitalean maila hori lortzeko?
Aurten, gure erakundeak asistentziaren kalitatean eta bikaintasunean apustua egiten jarraitu du. ESIa prozesuen bidez kudeatzen da, bai prozesu asistentzialen bidez bai ingurumen-arlokoen bidez, eta kanpo-auditoria egiten zaie urtero. Era berean, ESIak Nazioarteko Joint Commission delakoaren estandarrak hartu ditu erreferentziatzat kudeaketa-prozesu horretan. Osasun-arloko asistentzia-prozesuaren segurtasunari eta kalitateari dagokienez, estandar horiek mundu-mailan zorrotzenak dira, eta oso jakitun gaude zentroko lanbide-kategoria bakoitzak balioa ematen diola pazientearen arretari.

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko zuzendaritza-taldea.

Bestalde, ospitale-zerbitzuek elkarte zientifikoen ebaluazioak jasotzen dituzte asistentzia-prozesuetan akreditatzeko; Erizaintzako unitateek zaintzen kalitatearen aintzatespena jasotzen dute, BPSO programaren arabera (Zaintzaren Bikaintasunarekin konprometitutako zentroa).

Hobekuntza ugari egin dira erradiodiagnostikoaren kudeaketan, LEQ kudeaketan eta integrazio-tresnetan, bai asistentzia-ibilbideetan, bai ibilbide instrumentaletan. Lehen Mailako Arretan, berriz, aurrera egin da fisioterapiaren hedapenean. Halaber, hornidura-katerako, besteak beste, kontingentzia-plan bat onartu da. Beste adibide bat da CSUR eta ERN eUROGEN Europar Sareko hainbat ziurtagiri lortu izana.

Zer-nolako ospea edo aitortza ematen dio ospitaleari argitalpenak?
Lehenik eta behin, garrantzitsuena da adieraztea aitortza horiek guztiak profesionalek egindako lan bikainaren emaitza direla, bai erizainek, bai medikuek, bai eta diziplinarteko talde sanitario eta ez-sanitario guztiek ere. Beti da ona aitorpen bat jasotzea, esan nahi baitu gauzak ondo egiten ari direla eta gure pazienteei ematen diegun arreta kalitatezkoa dela. Aintzatespen orok bezala, profesionalok egiten dugun kudeaketa eta lana bultzatzen du, eta egunero hobetzen jarraitzeko balio digu, pertsonen osasuna zaintzeko eta hobetzeko lan egiten dugula oso kontuan hartuta.

Izendapen horrekin, ospitalearen funtzionamendua aldatuko al da? Badago hobetu daitekeen alderdiren bat edo funtzionamenduren bat?
Gure ospitalea konplexutasun handienetarikoen zerrendan dago, eta, horren ondorioz, artatzen dugun biztanleriaren ia % 50 ez dagokio gure erreferentzia-eremuari, baizik eta Bizkaia osoari, EAEri eta hortik kanpokoei.

Adi gaude gure prozesuak eta zerbitzuak hobetu ditzaketen teknologia eta antolaketa-berrikuntzei. Horrek aukera emango digu pazienteen premia berrietara egokitzeko eta tratamendu eraginkorragoa eta seguruagoa eskaintzeko. Garrantzitsua da ezagutza zientifikoetan eguneratuta egoteaz gain, antolamendu-berrikuntzetan eta gure pazienteen, haien familien eta gizarte osoaren beharrizanetan ere eguneratuta egotea.

Zein dira ospitalearen helburuak etorkizunari begira?
Gure helburu nagusia da bikaintasuneko osasun-erakunde bihurtzea, kalitateagatik eta kudeaketaren eraginkortasunagatik aitortua. Eta, horretarako, etengabe saiatzen gara emaitza onak lortzen gure lanaren alderdi guztietan.

Gure faktore bereizgarria gauzak egiteko modua da; erakunde berritzailea, gizatiartua, integratua eta segurua gara, pazienteei balioa ematen diena eta talentua sortzen eta atxikitzen duena. Horretarako hartu ohi dugu parte ebaluazioetan, eta horiek esaten digute nolako hobekuntza-arloak ditugun bikaintasuneranzko bidean laguntzen digutenak.

Gainera, balioan oinarritutako arretan bidea egin dugu jada; pazienteei axola dieten alderdiak geureganatzeko lan egiten dugu, pertsonen emozioekin eta bizi-kalitatearekin zerikusia dutenak. Gure erakundearen apustu sendoa da gure pazienteei ematen diegun osasuna ebaluatzeko orduan hain garrantzitsuak diren alderdi horiek aintzat hartzea. Ildo horretan, ezinbestekoa da osasun-profesionalak eta kudeatzaileak beti prest egotea ikasteko, eta gure eguneroko lanean ideia eta metodo berriak txertatzeko. Izan ere, helburu dugu gure pazienteei kalitatezko zerbitzua eta gizabanako bakoitzaren beharretara egokitutako eskaintza bermatzea.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other