agenda » maiatza | HARPIDETU BULETINERA

“Taldean jotzeak xarma berezia dauka”

Luis Usatorre Aranzabal • Traumatologoa

1972an ireki zuten Arrasate Musikal eskola, orain dela 50 urte baino gehiago, eta Luis Usatorre arrasatearra 8 urte besterik ez zituela hasi zen han solfeoa ikasten. Biolina aukeratu zuen geroxeago, eta orduz geroztik ez du askatu. Traumatologoa da ogibidez, baina ez dio inoiz utzi biolina jotzeari: herriko orkestraren entseguetan eta kontzertuetan parte hartzen du oraindik ere, eta musika eskolako batzordeko kide ere bada gaur egun.

 

Zein da Luis Usatorre?
Arrasatekoa naiz, hemen jaio nintzen eta hemen bizi naiz. Medikuntza ikasi nuen, eta BAME barruko mediku egoiliar izateko azterketa egin eta Gurutzetako ospitalean traumatologian hasi nintzen. Ordutik, traumatologo gisa egiten dut lan. Hainbat urtez Arrasateko ospitalean aritu nintzen lanean, eta orain dela hogei urte ingurutik Mendaroko ospitalean aritzen naiz.

Zergatik erabaki zenuen medikuntza ikastea?
Beti gustatu izan zaizkit zientzietako gaiak. Irakaskuntzak ez ninduen horrenbeste erakartzen, eta medikuntza oso interesgarria iruditu zitzaidan. Gurasoen aldetik ez nuen inolako loturarik medikuntza alorreko ezerekin, baina arreba batek ere medikuntza ikasketak hasiak zituen.

Eta zure denbora librean, biolina jotzen duzu. Hori etxekoengatik?
Ez, ezta ere. Txikitatik jotzen dut biolina, egia esan. 8 urterekin solfeoa ikasten hasi nintzen musika eskolan. Garai hartan, hain justu, zabaldu zuten Arrasate Musikal eskola, eta astean bost orduz ikastera joaten nintzen. Bi urtetan solfeoa bakarrik irakatsi zidaten, eta hirugarren urtean instrumentu bat aukeratu behar genuen. Gogoan daukat lehenengo bi urteak nahiko aspergarriak izan zirela… Gero, ez nekien zein instrumentu aukeratu, eta biolina aukeratu nuen, desberdina zelako. Biolinarekin hasi, eta zortea izan nuen gainera: musika eskolako zuzendari buruak orkestra sinfoniko bat sortu zuen instrumentuak jotzen genituen ikasle guztiekin, eta kontzertu bat eman genuen ikasturte amaieran, 1976an. 12-14 urteko ikasleekin orkestra sinfonikoa, hala moduz! Hasieran, lan musikal errazak jotzen genituen, baina, lau-bost urteren ostean, gero eta zailagoak eta soinu txukunarekin. Gauza zen ez Euskal Herrian, ez Espainian ez zegoela gazte orkestrarik ordu hartan.

«ARRASATEKO GAZTE ORKESTRA SINFONIKOA BAKARRA ZEN BAI EUSKAL HERRIAN, BAI ESPAINIAN»

Eta zer ekarri zuen gazte orkestra sinfoniko horrek?
Oso esperientzia polita izan zen. 14-15 urterekin bidaiatzen hasi ginen kontzertuak emateko: Bordeleko eta Madrilgo euskal etxeak antolatutakoak hasieran, Galizia, Salamanca, Katalunia eta Euskal herrian zehar, noski…, baita atzerrian ere. Ikasbidaian, adibidez, Londresera joan ginen, eta han ere kontzertu bat eman genuen 1982an; eta Italian, eta Alemaniako Munichen ere bai, 1985ean. Espainiako errege-erreginek harrera egin ziguten Zarzuelako jauregian, eta disko bat ere grabatu genuen. Ni beti ikasle moduan joan izan naiz orkestrara, baina jada ez naiz ikaslea; medikuntzan hasi nintzenetik, ez dut eskolarik hartu, baina asteburuetako entseguetara joaten eta orkestrarekin jotzen jarraitu izan dut.

Hasiera-hasierako orkestra hura eta gaur egungoa , orkestra bera al dira?
Bera ez. Orkestrak izen berbera du, baina ez daukate zerikusirik: orkestran bertako ikasleek jarraitzen dute jotzen, baina 18 urterekin euren ikasketekin jarraitu nahi dute, desagertu egiten dira, eta gaztetxoak sartzen dira. Horrela, zailagoa da jarraipen bat ematea orkestrako dinamikari, eta betiereko krisialdian dago. Nik hor jarraitzen dut oraindik ere, ikasle ohia naiz, beteranoetakoa.

Noiz ematen dituzue kontzertuak?
Urtean bi, udaberrian eta udazkenean. Horiez gain, kolaborazio batzuk ere egiten ditugu. Esate baterako, Arrasateko elkarte lirikoarekin batera, zarzuelan parte hartzen du Arrasate Musikaleko orkestrak. Hala ere, 2-3 urtetan ez da egin, pandemiagatik.

Beraz, Arrasaten musikazaletasun handia dago, ezta?
Bai. Orain herri askotan daude orkestrak, musika eskoletakoak, eta normalean nahiko txikiak izaten dira. Baina Arrasaten egia da hori mantendu egiten dela; ni ez naiz beterano bakarra, eta ateak zabalik ditugu.

Zer musika mota jotzen duzue?
Klasikoa jotzen dugu batez ere, baina zenbait abesti moderno ere bai. Proiektu batzuk ere egin izan ditugu; Fernando Velazquezen Humanity At Music kooperatiba sinfoniarekin, adibidez. Gainera, Oñatin oinarria duen Aequus Ensemble izeneko proiektuan parte hartzen ari naiz duela bi urtetik, leku ezberdinetako musikariekin, eta urtean bi-hiru kontzertu ematen ditugu. Kontzertuez gain, Bergarako orfeoiak ehungarren urteurrena ospatzen zuela-eta, haiekin jotzeko eskatu ziguten Mozarten Requiem. Horrek guztiak dakar etxean ere entseatu behar izatea; ni amateurra naiz, ez naiz profesionala, ezta gutxiago ere. Horregatik, zerbait dotore jotzeko, orduak eman behar dituzu jotzen.

Gazteei erakargarria egiten al zaie biolina? Badago segida?
Bai, badago. Ikasle dezente daude oraindik. Lehen baino gutxiago, baina badaude. Orokorrean, ikasle kopurua murriztu egin da.

«ORKESTRAN JENDE GUTXIAGO GAUDE: GAZTEEK UTZI EGITEN DUTE, IKASKETEKIN JARRAITZEKO»

Eta zuk, inoiz jo duzu biolina ez den beste instrumenturik?
Pianoa jotzen hasi nintzen, baina bi urte besterik ez, oinarri bat ikasteko.

Ez zintuen harrapatu…
Ez. Pianoa bakarka jotzeko da, zaila da taldean jotzea; biolina, aldiz, hobea da taldean. Niri hori gustatzen zait, taldean jotzean sortzen den giroa. Musika taldean egiteak xarma dauka, denak batera jotzeak, dena enpastatzeak.

Eta, oro har, musika klasikoa bakarrik gustatzen zaizu, edo denetarik entzuten duzu?
Bai, denetarik, ez bakarrik klasikoa. Azken urteetako musika ez dut asko entzun, irratian edo kalean entzuten dena. Ni 80-90eko hamarkadako musikarekin geratu naiz, garai hartakoa entzuten baitut gehienbat.

Zaletasuna izateaz gain, deskonektatzen ere laguntzen al dizu musikak?
Pixka bat deskonektatzen laguntzen dit, bai. Ikasle garaian, medikuntza ikasten ari nintzela, bi-hiru ordu eman ondoren ikasten, biolina hartu eta ordu-erdiz jotzen nuen, ikasketetatik pixka bat aldentzeko. Asko lagundu izan dit horretan, baita kirola egiteak ere.

Zer kontzertu ari zarete prestatzen?
Proiektu bat daukagu abendurako: urrezko aroan jotzen aritu zen orkestra elkartu nahi dugu, kontzertu bat emateko Arrasaten. Horretan gabiltza, ordu hartan jotzen zutenak elkartzen. Izan ere, batzuk kanpoan bizi dira, batzuk musikari profesionalak dira, beste batzuek instrumentua lagata daukate… saltsa horretan gabiltza orain.

 

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other