agenda » maiatza | HARPIDETU BULETINERA

Eskain diezaiekegun laguntza oro ongi datorkie

Ibon Enciso Baztan sendagileak Bolivian egonaldia egin zuen joan zen udan, Denok Osasunaren Alde GKEaren eskutik. Osasun-arloko kooperazioan aritu da han, proiektuaren barruan joandako beste zenbait lagunekin batera: «Oso esperientzia aberasgarria izan da».

Ibon Enciso Baztan Txagorritxuko sendagileak aspalditik zuen Denok Osasunaren Alde gobernuz kanpoko erakundearen berri. Ez alferrik, 2008an abiatutako proiektuaren partaide dira Gasteizko ospitalean diharduten zenbait langile. Udan, ordea, bere eskutik ezagutu zuen DOA erakundeak munduko zenbait txokotan egiten duen lana, egitasmo haietako batean parte hartuta.

Hain justu ere, Bolivian izan zen Enciso, herrialde hartako ipar-ekialdean, Beni eskualdek San Borja eta San Ignacio eskualdeetan. Hiru aste pasako egonaldia egin zuen, kooperante, hamabost lagunek osatutako talde batean. Kirurgia arloko proiektuan hartu zuen parte, diziplina anitzeko profesionalekin batera: «Medikuak, erizainak, ingeniariak… Gehienbat, estatutik joandakoak ginen, baina han, bertako lankideak ere izan genituen».

«HORI EZ DA OHIKO OPORRALDIA. OPORRETAN ASKO IBILI NAIZ, BAINA HAU BERRIA DA NIRETZAT. HANGO JENDEAREKIN GAUZA ASKO PARTEKATU GENITUEN, BAITA HEMENDIK JOANDAKOEKIN ERE»

Enciso, Txagorritxuko lankideek hauspotuta, joan zen Boliviara. Izan ere, Erradiologiako kideek urte askotan hartu dute parte gisa horretako egitasmoetan. Oraingoan, Enciso aritu da ebakuntza aurreko ekografiak nola egin behar diren irakasten eta hango sendagileei formakuntza ematen: «Gure zerbitzuan beti egon da parte hartzeko aukera. Apur bat aurreragorako utzi izan dut, haurrak, lana eta abar direla medio, eta iaz, lankide batek arazo bategatik ezin zitekeen joan. Norbait prest ote zegoen galdetu eta, nik aukera nuenez, joatea erabaki nuen».

Irailaren 15etik urriaren 10erako egonaldia egin zuen Bolivian. «Esperientzia polita eta aberasgarria» izan zuen Encisok. Bizpahiru lankide aurrez ezagutu arren, gainontzeko guztia berria izan zen sendagilearentzat, lehen aldiz zapaldu baitzuen herrialde hori: «Esperientzia bizia izan da. Bolivia ez nuen ezagutzen, eta lankideek esana zidaten aurrez azaltzea zaila zela. Konturatu nintzen, bai; ia hiru egun eman genituen lan egin behar genuen herrira iristeko. Toki berri batera ailegatu ginen, eta ospitalea oso ezberdina zen; esate baterako, imajinatzen dut hemen duela 50 urte zirela horrelakoak».

Ibon Enciso sendagilea, jardun praktiko batean azalpenak ematen.

GKEaren eskutik joandako taldea igande iluntzean iritsi zen Beni eskualdera, eta hurrengo goizean ekin zioten lanari. Lehen hartu-emana izan zen, eta lan mordoa izan zuten zenbait oztoporen tartean: «Gazteleraz hitz egiten zuten, baina komunikazioa ez zen oso erraza». Horrez gain, jardun medikoan zenbait zailtasun aurkitu zituen taldeak, Encisok azaldu duenez: «Presio apur bat izan genuen, azkar egin behar ziren gauzak.

Ebakuntza egin beharreko pertsona guztiei ekografia egiten genien, diagnostikoa zentratzeko. Lehen bizpahiru egunak hala izan ziren, txip-aldaketa handia egin behar izan genuen, eta gogorra izan zen. Herrialde berri batean, lankide berriekin… Hori bai, behin martxa hartuta, lasaiago aritu ginen».
Ebakuntza-aurreko lanaz gain, formakuntza saioak egin zituen hango osagileekin. Enciso bera izan zen aurten Boliviara joandakoen artean erradiologo bakarra. Haren esanetan, Beni eskualde osoan ez dago erradiologo tituludunik; bestelako sendagileek egiten dituzte lan horiek. Hala, formakuntza espezifikoa ematea izan zuen xede: «Eskain diezaiekegun laguntza oro ongi datorkie. Lau egunetan, hitzaldi batzuk eman genituen hango medikuentzat; lehen egunean, hamaikaren bat lagun etorri ziren, eta bigarrenean beste horrenbeste. Oso formakuntza xumea izan zen, baina interesgarria ere bai, ekografiei eta erradiografiei buruz».

«ESPERIENTZIA BIZIA IZAN DA. BOLIVIA EZ NUEN EZAGUTZEN, ETA LANKIDEEK ESANA ZIDATEN AURREZ AZALTZEA ZAILA ZELA. KONTURATU NINTZEN, BAI; IA HIRU EGUN EMAN GENITUEN LAN EGIN BEHAR GENUEN HERRIRA IRISTEKO»

Enciso libre antzean aritzen zen arratsaldetan, eta tailer praktiko batzuk egiteko baliatu zuen. Modu informalean antolatutako saio horiekin «pozik» geratu zen Txagorritxuko erradiologoa, jende andana bildu baitzen han. Batez ere, sendagile gazteenen artean izan zuen jarraipenik handiena: «Polita izan zen. Erlazioa estutzeko ere balio izan zigun horrek, eta aberasgarria izan zen guztiontzat».

DOAREN LANA, FUNTSEZKO
Denon Osasunaren Alde erakundeak munduan zehar egiten dituen egitasmoek bitarteko gutxien dituzten eremuak ditu helburu. Kirurgia proiektuaren kasuan, Encisok dio aukera ona dela medioak ez dituztelako zenbait ebakuntza mota egiteko: «Baliabide ezagatik egin ezin ditzazketenak egiteko aukera dute orain. Hernia asko ikusten dira, esaterako; ebakuntza garrantzitsuak dira, baina orain arte ez zuten aukerarik behar den moduan egiteko».

Haatik, kooperazio-proiektuek atea zabaldu ohi dute formakuntzaren alorrean ere, sendagile gazteen artean bereziki. Boliviako zirujau egoiliarrak ikasten egon dira kanpaina horien bitartez, eta urrats kualitatiboa egiteko modua aurkitu dute: «Haietako asko hiriburuko ospitaleko zerbitzuan lanean ari dira jada, eta bat zerbitzuburua da. Teknika berriak ikasteak motibatu egiten ditu urrats berriak egiteko garaian».

Enciso, tailerretan parte hartu duten osagile boliviarrekin.

Kontuak horrela, bi adar horiek oso garrantzitsutzat jo ditu Encisok: bitarteko gutxien dutenei laguntzea eta sendagileen formakuntza. Hori dela eta, «aberasgarria» egin zaio egonaldia. Txagorritxuko erradiologoak azaldu duenez, esperientziak on egin dio bai medikuntza-arloan, baita ikuspuntu pertsonaletik ere: «Hori ez da ohiko oporraldia. Horretan asko ibili naiz, baina hau berria da niretzat. Hango jendearekin gauza asko partekatu genituen, eta baita hemendik joandakoekin ere».

Izan ere, DOAren proiektuak bide eman dio herrialde hartako errealitatea ezagutzeko. Hein batean, alderdirik «tristeena» da hori, Encisoren esanetan: «Ikusten duzu jendeak baduela nahia gauzak hobetzeko, baina baliabide ekonomikoak falta dira. Batzuetan, kirofanoa badute, baina materialik ez. Haiek esaten dute gero eta hobeto daudela, baina oso motel doa».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other