Osakidetzan oposaketak egiten diren aldiro, hautagai-kopuru handia ohiko irudi bilakatzen dira. Lantalde zabala dago deialdi guztien atzean; inurri-lana egiten dute, arlo guztiak xehe zainduz, ezerk hutsik egin ez dezan.
Osakidetza da EAEn enplegatu gehien dituen erakundea. Bolumen handiko erakundea da, eta, ondorioz, aldian-aldian enplegu publikoko eskaintzetara deitzen dituztenean, hautagai asko biltzen da. Hala izan da azken hamarkadatan, baita gaur egun abian dituzten prozesuetan ere. Izan ere, egun bi prozesu ari dira lantzen aldi berean: 2018-2019ko urteei dagokien EPEa, eta 2020, 2021 eta 2022 urteena. Azken horrekin batera, Enplegua Egonkortzeko Prozesu berezia ere garatzen ari dira.
Orotara, 192 mailatan ari dira. Lehen sailekoak (2018-2019) 82 dira —3.535 lanpostu guztira—, eta bigarrenekoak (2020-2021-2022) gainontzeko 110 kategoriak —7.639 lanpostu—. Guztira, beraz, 11.174 langile finko izendatuko dituzte prozesu horiek amaitzean.
Hain zuzen ere, otsailean Lan Eskaintza Publikoen helburua argi geratu da 2018-19ko EPEn esleipendun suertatu diren pertsonak lanpostuaz jabetzean eta estatutupeko langile finko gisa sartzean.
«OSAKIDETZAREN APUSTUA HORI DELAKO: LANGILEENTZAT LANA DELAKO ETA BATEZ ERE GIZARTEARENTZAT OSASUN PUBLIKOA FUNTSEZKO ONDASUN DELAKO»
Abian diren bi prozesuen artean, 216.800 eskaera baino gehiago bildu ditu Osakidetzaren hautaketa-sailak. Miriam Aparicio Sanz da horko burua, eta, azaldu duenez, «prozesu hauek antolakuntza handia eskatzen dute. Jende askoren parte-hartzea eta epe jakin batzuetan aritu beharra. Gure eta hautagaien interesa da langileak pertsonal estatutario finko bilakatzea. Batetik, langile publiko izanda gaur egun lortzen den egonkortasunarengatik, eta, bestetik, Osakidetzak bere bidetik ez duelako atera behar. Hau da, osasun-arreta baldintzarik onenetan eman behar duelako. Osakidetzak pertsonal egonkortua edukitzea onuragarria da gizartearentzat».
Azken urteetan enplegu publikoaren eskaintzak kateatu egin dira Osakidetzan. Jarraitutasun hori uneko egoerari lotu zaio, Aparicioren arabera: «Beste garai batzuetan, Osakidetza oso baldintzatuta egon da, zailtasun ekonomikoengatik eta zenbat lanpostu iragarri, estatu-mailako arauek ezartzen zutelako. Gaur egun, alderantziz gertatzen da. Alde batetik, legea bete eta behin-behinekotasuna murriztu beharragatik, eta beste alde batetik, Osakidetzaren apustua hori baita: langileentzat lana delako eta batez ere gizartearentzat osasun publikoa funtsezko ondasun delako».
Bide horretan, erakundearen hautaketa-sailak lan eskerga du hilabeteotan, eta langile-kopuru handia ari da martxan dauden prozesuak behatzen. Ez hori bakarrik, azken deialdietan aurrerako urratsa egin dute epaimahaiak osatzeko garaian —192 dira, kategoria bakoitzeko bat—, eta langile finkoen kasuan, zozketa-bidez hautatu dituzte haietan ariko direnak: «Hein batean, langileek gure egitekoa zein den ikusi ahal izan dute horrela, baina ez hori bakarrik. Hasiera batean sekulako fardela zela uste zuten askok, beste era batera ikusten dute orain. Jabetu egin dira, langile publiko diren heinean, egokitzen zaien lana egin dutela, eta horrek onura eragin duela gizartean».

Oposaketen  prozesuak  «konplexuak»  dira.  Apariciok  azaldu  duenez,  zenbait  urtetako  lana  izaten  dute  atzean.
2018-2019  Enplegu  Publikoaren  Eskaintzak  deialdian  sartuko  diren  lanpostuak  hutsik  geratu  diren  urteari  egiten  dio  erreferentzia,  eta  Administrazio  Kontseiluak  kontabilizatu  eta  onetsi  ondoren,  prozedura  hasten  da.  Hala,  nahiz  eta  2020.  urtean  pandemiaren  ondorioz  administrazio-prozedurak  arau  bidez  eten  ziren,  deialdi  honetako  oinarriak  2021eko  abenduan  eta  2022ko  apirilean  argitaratu  ziren,  eta  bi  fasetan  ireki  zen  interesdunek  izena  emateko  epea.  Prozesu  honetako  kategorien  azterketak  2022ko  ekainetik  2023ko  urtarrilera  bitartean  egin  ziren,  eta,  gaur  egun,  deitutako  lanpostuak  esleitzen  ari  dira  eta  Osakidetzan  langile  finko  gisa  izendatutako  pertsonak  lanean  sartzen  ari  dira.
«PARTE-HARTZAILEEK PROZESUAK AHALIK ETA BALDINTZARIK ONENETAN EGIN DITZATEN DA GURE EGITEKOA, HAIENTZAT ERE OSO GARRANTZITSUAK DIRELAKO: BEREN LANA DA»
Azterketa  horiek  egiteko  azpiegitura  handia  behar  izaten  du  Osakidetzak.  Apariciok  zehaztu  duenez,  Bilbao  Exhibition  Centrek  solik  du  autonomia-erkidegoan  azterketari  guztiak  biltzeko  adina  leku:  «Leku-aldetik,  ez  dago  20.000  lagunek  aldi  berean  eta  baldintza  onetan  azterketa  egiteko  beste  tokirik».  Hala,  2018-2019ko  eta  2020,  2021  eta  2022koak  eta  egonkortze-prozesuen  «azterketa  masiboak»  BECen  egin  dituzte.  Azken  fase  horretan,  83.600  lagun  baino  gehiago  bildu  ziren  iazko  irailaren  29an  eta  30ean  nahiz  urriaren  1ean.
Azterketen garapena hautaketa-prozesuetako zatirik ikusgarriena izan  arren,  parte  hartzaileek  alegatutako  merezimenduak  (esperientzia,  prestakuntza  eta  euskara)  baloratzeko  lehiaketa-faseak  ahalegin  handia  eskatzen  du  gaur  egun,  zerbitzuko  administrazio,  informatika  eta  juridiko  taldearen  aldetik.  Fase  honetan,  epaimahai  kalifikatzaileen  informazioa  eskuragarri  jartzeko  merezimenduei  eta  betekizunei  buruzko  dokumentazioa  eta  alegazioa  berrikusi,  prestatu  eta  aztertzen  da,  eta  epaimahaiek  balioesten  dituzte.
20., 21., 22. eta Egonkortze EPEan, zerbitzuaren jarduera horrek garrantzi handia du; izan ere, oposizio-eta lehiaketa-faseak biltzen dituen ohiko EPEari, lehiketa bidez soilik sartzeko sistema bat gehitu zaio (merezimenduak). Horrez gain, izena eman duten pertsona guztiek, azterketa egin duten ala ez kontuan hartu gabe, beren merezimenduen balorazioan lortutako puntuazioaren arabera, sarbide-sistema honen bidez eskaintzen diren plazetako bat eskuradezakete.
«Prozedura  berme-emaileak»
Horrenbeste  lagun  biltzen  dituzten  prozesuak  ardura  handiz  landu  behar  dira.  Horren  jakitun,  Osakidetzako  Hautaketa  Sailak  garrantzi  handia  ematen  die  prozedura  berme-emaileei.  Bestela  esanda,  parte-hartzaileei  berme  oro  ziurtatzea  dute  xede  nagusietako  bat:  «Prozedura  berme-emaileak  egiten  ditugu,  bai  lege  aldetik,  bai  Osakidetzaren  ekimenez.  Oinarriak  aurkeztean  helegiteak  egin  daitezke;  behin-behineko  onartuen  zerrendan  ere  bai  —kanporatutakoak  berraztertzeko,  norbere  eskaera  konpontzeko,  eta  abar—;  behin  betiko  zerrendak  ere  berdin;  emaitzei  ere  jarri  dakieke  helegitea…  Bermeak  ematea  da  gure  hautua,  eta  horrek  batzuetan  epeak  luzarazten  ditu,  dena  xehe-xehe  aztertu  behar  delako».
Ez  arlo  horretan  bakarrik,  ordea.  Izan  ere,  Osakidetzak  kontuan  hartzen  ditu  prozesu  osoan  sor  daitezkeen  gorabehera  pertsonalak.  Haurdunaldian  edota  erdi  berri  diren  hautagaien  ingurukoak  dira  horren  adibide.  Berdintasunaren  bidean  hartutako  erabakia  da,  «konbikzioz,  legedia  betetzeaz  gain».  Osakidetzak  oinarrietan  ezarria  du  azterketa  espazioa  egokitu  egin  behar  dela  zenbait  kasutan:  haurdunaldian,  erditzean,  ospitaleratzean,  eta  abar:  «Ez  da  haurdunaldiari  dagokion  arloan  soilik,  gaixotasun  larrien  kasuan  ere  egokitu  daiteke,  baina  kontuan  hartu  behar  da  prozesuetan  izena  emandakoen  gehiengo  nabarmena  emakumea  dela,  eta  gehienak  haurrak  edukitzeko  adinean  direla.  Horregatik,  azterketak  egokitzeko  kasurik  gehienak  amatasunarekin  lotuta  daude».
Era  berean,  azken  urteotan  hautaketa-prozesuen  kudeaketan  buru-belarri  lan  egin  da,  batez  ere,  adimen-desgaitasunaren  kupoan  parte  hartzen  duten  pertsonen  atalean.  Hasiera-hasieratik  gaiak  eta  irakurketa  errazera  egokitutako  ikasketa-materiala  prestatuz,  probak  garatuz  eta  gainerako  jarduerak  eginez.  Hori  guztia,  Osakidetzan  langile  finko  gisa  sartzeko  eta  integratzeko.
iHalako egoerek prozedurei «konplexutasuna» gehitzen dieten arren, hautagaien eskubidea bermatzen dela uste du Apariciok: «2011n eta, azterketa-lekura iritsi zitekeena ondo, baina gainontzekoek aukera galtzen zuten. Orain saiatzen gara hori inolaz ere gerta ez dadin».
Agerikoa denez, hautaketa-prozesuen gidaritzan ari den lantalde zabalak zenbait gauza bere onera ekarri behar izaten du prozesuak aurrera eramateko garaian. Hori bai, Aparicio zerbitzuburuak berehala laburtu du beren egitekoa: «Parte-hartzaileek prozesuak ahalik eta baldintzarik onenetan egin ditzaten da gure egitekoa, haientzat ere oso garrantzitsuak direlako: beren lana da».

 
 


