agenda » maiatza | HARPIDETU BULETINERA

Lan eskaintza publikoen prozesua lantzen

Osakidetzan oposaketak egiten diren aldiro, hautagai-kopuru handia ohiko irudi bilakatzen dira. Lantalde zabala dago deialdi guztien atzean; inurri-lana egiten dute, arlo guztiak xehe zainduz, ezerk hutsik egin ez dezan.

Osakidetza da EAEn enplegatu gehien dituen erakundea. Bolumen handiko erakundea da, eta, ondorioz, aldian-aldian enplegu publikoko eskaintzetara deitzen dituztenean, hautagai asko biltzen da. Hala izan da azken hamarkadatan, baita gaur egun abian dituzten prozesuetan ere. Izan ere, egun bi prozesu ari dira lantzen aldi berean: 2018-2019ko urteei dagokien EPEa, eta 2020, 2021 eta 2022 urteena. Azken horrekin batera, Enplegua Egonkortzeko Prozesu berezia ere garatzen ari dira.

Orotara, 192 mailatan ari dira. Lehen sailekoak (2018-2019) 82 dira —3.535 lanpostu guztira—, eta bigarrenekoak (2020-2021-2022) gainontzeko 110 kategoriak —7.639 lanpostu—. Guztira, beraz, 11.174 langile finko izendatuko dituzte prozesu horiek amaitzean.

Hain zuzen ere, otsailean Lan Eskaintza Publikoen helburua argi geratu da 2018-19ko EPEn esleipendun suertatu diren pertsonak lanpostuaz jabetzean eta estatutupeko langile finko gisa sartzean.

«OSAKIDETZAREN APUSTUA HORI DELAKO: LANGILEENTZAT LANA DELAKO ETA BATEZ ERE GIZARTEARENTZAT OSASUN PUBLIKOA FUNTSEZKO ONDASUN DELAKO»

Abian diren bi prozesuen artean, 216.800 eskaera baino gehiago bildu ditu Osakidetzaren hautaketa-sailak. Miriam Aparicio Sanz da horko burua, eta, azaldu duenez, «prozesu hauek antolakuntza handia eskatzen dute. Jende askoren parte-hartzea eta epe jakin batzuetan aritu beharra. Gure eta hautagaien interesa da langileak pertsonal estatutario finko bilakatzea. Batetik, langile publiko izanda gaur egun lortzen den egonkortasunarengatik, eta, bestetik, Osakidetzak bere bidetik ez duelako atera behar. Hau da, osasun-arreta baldintzarik onenetan eman behar duelako. Osakidetzak pertsonal egonkortua edukitzea onuragarria da gizartearentzat».

Azken urteetan enplegu publikoaren eskaintzak kateatu egin dira Osakidetzan. Jarraitutasun hori uneko egoerari lotu zaio, Aparicioren arabera: «Beste garai batzuetan, Osakidetza oso baldintzatuta egon da, zailtasun ekonomikoengatik eta zenbat lanpostu iragarri, estatu-mailako arauek ezartzen zutelako. Gaur egun, alderantziz gertatzen da. Alde batetik, legea bete eta behin-behinekotasuna murriztu beharragatik, eta beste alde batetik, Osakidetzaren apustua hori baita: langileentzat lana delako eta batez ere gizartearentzat osasun publikoa funtsezko ondasun delako».

Bide horretan, erakundearen hautaketa-sailak lan eskerga du hilabeteotan, eta langile-kopuru handia ari da martxan dauden prozesuak behatzen. Ez hori bakarrik, azken deialdietan aurrerako urratsa egin dute epaimahaiak osatzeko garaian —192 dira, kategoria bakoitzeko bat—, eta langile finkoen kasuan, zozketa-bidez hautatu dituzte haietan ariko direnak: «Hein batean, langileek gure egitekoa zein den ikusi ahal izan dute horrela, baina ez hori bakarrik. Hasiera batean sekulako fardela zela uste zuten askok, beste era batera ikusten dute orain. Jabetu egin dira, langile publiko diren heinean, egokitzen zaien lana egin dutela, eta horrek onura eragin duela gizartean».

Miriam Aparicio Sanz, Osakidetzako Hautaketa Saileko burua.

Oposaketen prozesuak «konplexuak» dira. Apariciok azaldu duenez, zenbait urtetako lana izaten dute atzean.
2018-2019 Enplegu Publikoaren Eskaintzak deialdian sartuko diren lanpostuak hutsik geratu diren urteari egiten dio erreferentzia, eta Administrazio Kontseiluak kontabilizatu eta onetsi ondoren, prozedura hasten da. Hala, nahiz eta 2020. urtean pandemiaren ondorioz administrazio-prozedurak arau bidez eten ziren, deialdi honetako oinarriak 2021eko abenduan eta 2022ko apirilean argitaratu ziren, eta bi fasetan ireki zen interesdunek izena emateko epea. Prozesu honetako kategorien azterketak 2022ko ekainetik 2023ko urtarrilera bitartean egin ziren, eta, gaur egun, deitutako lanpostuak esleitzen ari dira eta Osakidetzan langile finko gisa izendatutako pertsonak lanean sartzen ari dira.

«PARTE-HARTZAILEEK PROZESUAK AHALIK ETA BALDINTZARIK ONENETAN EGIN DITZATEN DA GURE EGITEKOA, HAIENTZAT ERE OSO GARRANTZITSUAK DIRELAKO: BEREN LANA DA»

Azterketa horiek egiteko azpiegitura handia behar izaten du Osakidetzak. Apariciok zehaztu duenez, Bilbao Exhibition Centrek solik du autonomia-erkidegoan azterketari guztiak biltzeko adina leku: «Leku-aldetik, ez dago 20.000 lagunek aldi berean eta baldintza onetan azterketa egiteko beste tokirik». Hala, 2018-2019ko eta 2020, 2021 eta 2022koak eta egonkortze-prozesuen «azterketa masiboak» BECen egin dituzte. Azken fase horretan, 83.600 lagun baino gehiago bildu ziren iazko irailaren 29an eta 30ean nahiz urriaren 1ean.
Azterketen garapena hautaketa-prozesuetako zatirik ikusgarriena izan arren, parte hartzaileek alegatutako merezimenduak (esperientzia, prestakuntza eta euskara) baloratzeko lehiaketa-faseak ahalegin handia eskatzen du gaur egun, zerbitzuko administrazio, informatika eta juridiko taldearen aldetik. Fase honetan, epaimahai kalifikatzaileen informazioa eskuragarri jartzeko merezimenduei eta betekizunei buruzko dokumentazioa eta alegazioa berrikusi, prestatu eta aztertzen da, eta epaimahaiek balioesten dituzte.

20., 21., 22. eta Egonkortze EPEan, zerbitzuaren jarduera horrek garrantzi handia du; izan ere, oposizio-eta lehiaketa-faseak biltzen dituen ohiko EPEari, lehiketa bidez soilik sartzeko sistema bat gehitu zaio (merezimenduak). Horrez gain, izena eman duten pertsona guztiek, azterketa egin duten ala ez kontuan hartu gabe, beren merezimenduen balorazioan lortutako puntuazioaren arabera, sarbide-sistema honen bidez eskaintzen diren plazetako bat eskuradezakete.

«Prozedura berme-emaileak»
Horrenbeste lagun biltzen dituzten prozesuak ardura handiz landu behar dira. Horren jakitun, Osakidetzako Hautaketa Sailak garrantzi handia ematen die prozedura berme-emaileei. Bestela esanda, parte-hartzaileei berme oro ziurtatzea dute xede nagusietako bat: «Prozedura berme-emaileak egiten ditugu, bai lege aldetik, bai Osakidetzaren ekimenez. Oinarriak aurkeztean helegiteak egin daitezke; behin-behineko onartuen zerrendan ere bai —kanporatutakoak berraztertzeko, norbere eskaera konpontzeko, eta abar—; behin betiko zerrendak ere berdin; emaitzei ere jarri dakieke helegitea… Bermeak ematea da gure hautua, eta horrek batzuetan epeak luzarazten ditu, dena xehe-xehe aztertu behar delako».

Ez arlo horretan bakarrik, ordea. Izan ere, Osakidetzak kontuan hartzen ditu prozesu osoan sor daitezkeen gorabehera pertsonalak. Haurdunaldian edota erdi berri diren hautagaien ingurukoak dira horren adibide. Berdintasunaren bidean hartutako erabakia da, «konbikzioz, legedia betetzeaz gain». Osakidetzak oinarrietan ezarria du azterketa espazioa egokitu egin behar dela zenbait kasutan: haurdunaldian, erditzean, ospitaleratzean, eta abar: «Ez da haurdunaldiari dagokion arloan soilik, gaixotasun larrien kasuan ere egokitu daiteke, baina kontuan hartu behar da prozesuetan izena emandakoen gehiengo nabarmena emakumea dela, eta gehienak haurrak edukitzeko adinean direla. Horregatik, azterketak egokitzeko kasurik gehienak amatasunarekin lotuta daude».
Era berean, azken urteotan hautaketa-prozesuen kudeaketan buru-belarri lan egin da, batez ere, adimen-desgaitasunaren kupoan parte hartzen duten pertsonen atalean. Hasiera-hasieratik gaiak eta irakurketa errazera egokitutako ikasketa-materiala prestatuz, probak garatuz eta gainerako jarduerak eginez. Hori guztia, Osakidetzan langile finko gisa sartzeko eta integratzeko.

iHalako egoerek prozedurei «konplexutasuna» gehitzen dieten arren, hautagaien eskubidea bermatzen dela uste du Apariciok: «2011n eta, azterketa-lekura iritsi zitekeena ondo, baina gainontzekoek aukera galtzen zuten. Orain saiatzen gara hori inolaz ere gerta ez dadin».

Agerikoa denez, hautaketa-prozesuen gidaritzan ari den lantalde zabalak zenbait gauza bere onera ekarri behar izaten du prozesuak aurrera eramateko garaian. Hori bai, Aparicio zerbitzuburuak berehala laburtu du beren egitekoa: «Parte-hartzaileek prozesuak ahalik eta baldintzarik onenetan egin ditzaten da gure egitekoa, haientzat ere oso garrantzitsuak direlako: beren lana da».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other