agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Adimen artifiziala nola baliatu ikasteko

Adimen artifizialeko tresnak nola erabili eta horiek zer-nolako onurak dituzten azaltzeko jardunaldi batzuk egin dituzte urtarrilean, online. Zehazki, osasun-ikerketak izan dituzte hizpide, batik bat. Bostehun lagunek parte hartu dute saio arrakastatsuan, eta Osakidetzaren intranetean dago ikusgai.

Ezbairik gabe, adimen artifiziala (AA) garrantzi handia ari da hartzen gaur egun bizitzako alor askotan. Ildo horretan, medikuntzara ere iritsi da, baina tresna horrek zertarako balio duen ez dute langile guztiek argi, ezta nola erabiltzen den ere. Hori dela eta, urtarrilaren 23an Adimen artifiziala, tresnak erabiltzeko sarrera praktikoa izeneko online saioa eman zuten profesional batzuek; besteak beste: M. Angeles Cidoncha Moreno Osasun Saileko Erizaintzako zuzendariordeak eta Sendoa Ballesteros eta Iker Apraiz Biobizkaia Osasun Ikerketarako Institutuko eta Santa Marina Ospitaleko erizain eta berrikuntzan erreferente direnek. Horiez gain, Tecnalia ikerketa-zentroko profesionalek ere hartu zuten hitza AA osasun-ikerketan nola erabili azaltzeko. Zoom bidez izan zen saioa, eta, antolatzaileek nabarmendu dutenez, erantzun oso ona izan zuen: bostehun lagunek parte hartu zuten; are, langile batzuk saioan parte hartu ezinik geratu ziren, tokiak beteta. Grabatu egin zuten, eta orain Osakidetzaren intranetean dago, langile guztientzat.

Jardunaldiak zergatik antolatu dituzten galdetuta, Cidonchak azpimarratu du osasun-profesionalek ezinbestean egin behar dutela aurrera ezagutzan, ikerketak ahalik eta ebidentziarik onenean oinarritu ditzaten. Alde horretatik, ikerketa sustatzeko helburuz martxan jarritako zenbait egitasmo ekarri ditu gogora: Nursing Research Challenge proiektua, zeinak ikerketa sustatzea duen xede, eta Zaintzako Jardunbide Egokiak Ezartzeko Programa, zeina Espainiako CCEC®/BPSO® programaren barruan dagoen. Azaldu duenez, estrategia bat garatzen ari dira zainketen arloan ikerketa translazionala eta diziplina anitzekoa sustatu eta koordinatzeko; hala, hura eguneroko praktika klinikoan integratzea da asmoa, eta herritarren osasunari buruzko erabakietan osasun-zainketen metodologia aplikatzea ebidentzian oinarrituz.

«OSASUN-ARLOKO PROFESIONALEK GURE LANA ARINTZEKO ETA HOBETZEKO TRESNA BOTERETSU GISA IKUSI BEHAR DUGU AA»
Iker Apraiz

Halaber, hutsune eta erronka batzuk daude oraindik ere alderdi horretan aurrera egiteko: batetik, prestakuntza-maila nahiko eskasa dago, ikerketa-lerro eta -talde gutxi daude, distantzia handia dago teoriaren eta praktikaren artean, eta talde-lanak ibilbide motza egin du orain arte. Hori aldatzeko, abian jartzen ari dira profesionalei tresnak eta gaitasunak bideratuko dizkien egitasmoak, profesionalak gaitzeko eta ikerketa beren zeregin profesionalean txertatzeko, baita ikerketan aktiboki parte hartu eta ikerketa praktikara eramateko ere.

Zuhurtzia gako
Nahiz eta adimen artifiziala ez den Osakidetzan egunero erabiltzen, hura baliatzea ezinbestekoa izango den zenbait proiektu abiatu dituzte. Ballesterosek adierazi duenez, aurretik lan handia egin behar da AA erabiltzen hasteko: «Osasun-arloan adimen artifiziala erabiltzeak aldez aurreko azterketa sakona eskatzen du, oraindik aztertzen ari diren zenbait erronka eta arrisku potentzial baitakartza».  Zerrendatu ere egin ditu arrisku horietako batzuk: «Osasungintzan erabilita identifika litezkeen arriskuen artean, lehenik eta behin, AAren plataformetara igotzen diren datuen pribatutasuna eta segurtasuna daude. Ez da beti argi geratzen hodeiko tresnekin partekatzen diren datuak non ostatatzen diren edo nondik hartzen diren, eta osasun-zerbitzuetan erabiltzen diren pazienteei buruzko informazioa oso sentikorra ote den. Hala, «zuhurtziaz» jokatu behar dela nabarmendu du.

«SAIOAREN BALORAZIOA OSO ONA IZAN DA, PROFESIONALEK EMAN DIGUTEN FEEDBACK-A KONTUAN HARTUTA»
M. Angeles Cidoncha

Baina zertarako balio du, zehazki, eta zer behar da horretarako? Apraizek eman du horretarako gakoa: makinak langileen «kideak» dira. «Makinak gure tresna nagusietakoak dira Osakidetzan emandako osasun-laguntza arintzeko, baina ez dute kausalitatearen gaitasun kritikorik, ez eta gure esparruan hain beharrezkoa den gaitasun emozionalik ere. Horregatik, osasun-arloko profesionalek gure lana arintzeko eta hobetzeko tresna boteretsu gisa ikusi behar dugu adimen artifiziala, baina inoiz ez haren ordezko gisa».

Adimen artifizialaz baliatzea ez da askok uste bezain konplexua, Apraizen arabera, gaur egun plataforma eta interfaze errazak baitaude; OpenAI enpresaren ChatGPT eta izen bereko Perplexity jarri ditu adibidetzat. Halere, ohartarazi du tentuz erabili behar direla horrelako aplikazioak, ondo pentsatu behar dela zer informazio partekatu haiekin: «Hor sartzen da jokoan gutako bakoitzaren gaitasun kritikoa eta etikoa».

«ARRISKUEN ARTEAN, AA-REN PLATAFORMETARA IGOTZEN DIREN DATUEN PRIBATUTASUNA ETA SEGURTASUNA DAUDE»
Sendoa Ballesteros

Errespetua AA-ri
Adituen arabera, etorkizunean ezinbesteko tresna izango da lan egiteko, asko erraztuko baititu lan esparruko alderdi gehienak. Dena den, kontrakoa pentsatzen duenik ere bada, eztabaida sortu izan baita adimen artifizialak langileei tokia eta betebeharrak kenduko ote dizkien. Ballesterosen arabera, beldurra ez zaio, baina bai errespetua, lan egiteko modua aldatuko baitu, zalantzarik gabe: «Gure egunerokoan AA sartzeak gure lan egiteko modua irauliko du, eta, zalantzarik gabe, lan-eredu klasikoa hautsiko du, AAk orain arte gizakientzat gordetako trebetasunak ematen baitizkie makinei. AAren mugak gure irudimenean daude, eta prozesu horri pentsaera irekiarekin eta kontu handiz heldu beharko diogu» .

Produktibitatea indartu bai, baina gizakiak ordezkatu ez, behinik behin zaintza lan garrantzitsuetan. Hori omen da adimen artifizialaren patua. Eta bide horretan profesionalen bidaide izan dadin, nola erabili irakatsi behar, ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Osakidetzan ari dira pausoak ematen, eta hau hasiera baino ez da.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other