agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Ginea-Bissaura joateko bigarren deialdia, abian

Osakidetzako langileak behar dituzte Ginea-Bissauko Simão Mendes ospitale nazionalean arta hobetzen laguntzeko, Osasun Globala programaren barruan. Erizainak eta laborategiko espezialistak behar dituzte, bereziki. Bitik lau hilabetera pasatzeko egonaldiak dira. Osakidetzarekin duten kontratuari eutsita, langileek soldata bera izango dute.

2022an jarri zuten martxan Osasun Globala izeneko programa Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osakidetzak, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Aida Ayuda, Intercambio y Desarrollo elkarteak. Ekinbidearen helburua da Ginea Bissauko osasun-sistemaren eta, bereziki, Simão Mendes ospitale nazionalaren kalitatea eta efizientzia hobetzea, eta, nahiz eta luzera begirako programa izan —lau urterako ondu zuten—, hitzarmena fruituak ematen ari da dagoeneko. Orain arte 30 profesional, gehienak Osakidetzako langileak, aritu dira Simão Mendes ospitalean hango langileekin batera, eta ospitalea aurrerapausoak ematen ari da ordutik. Bigarren deialdia abian da dagoeneko, eta Ginea-Bissaura laguntzera joateko prest dauden Osakidetzako profesionalak behar dituzte horretarako. Aurten, erizainak eta laborategiko espezialistak behar dituzte batez ere, baina gainerako profesionalek ere parte har dezakete, hala nola anestesian, kirurgian, barne-medikuntzan, erradiologian eta kudeaketan adituak direnak. Erizainek lau hilabeteko egonaldia egin behar izaten dute gutxienez, eta gainerako langileek, berriz, bi hilabetekoa; dena den, ahalik eta egonaldirik luzeena egitea da asmoa. Laguntzera doazen profesionalek Osakidetzarekin duten kontratuari eutsiko diote; hau da, soldata bera izango dute. Gainera, bidaia, asegurua eta ostatua programak finantzatuko ditu.

Bizi-itxaropena: 58 urte
Afrika Mendebaldean dago Ginea-Bissau, eta premia larrian dagoen herrialdea da: Osasunaren Mundu Erakundeak argitaratutako datuen arabera, bizi-itxaropena 58 urte zen 2020an, eta biztanleriaren erdiak baino gehiagok —bi milioi biztanle ditu— 15 urte baino gutxiago du. Hain zuzen ere, Simão Mendes ospitale nazionala da herrialdeko erreferentziazko ospitalea. Gaur egun, herrialde horretako amen hilkortasun-tasa munduko handienetakoa da, ehun erditzetatik batean emakumea hiltzen da. 720 ohe eta zortzi asistentzia-zerbitzu ditu, eta oso espezialista gutxi. Horrez gain, zerbitzuak koordinatzeko ere gabezia handiak dituzte, eta pazienteei egiten dizkieten proba diagnostikoak ez dira fidagarriak. Ondorioz, tratamendu enpirikoak jartzen dizkiete gaixoei, eta hilkortasun-tasa oso handia da.

Programa martxan jarri zutenetik, agerikoak dira ospitaleak egindako hobekuntzak: asistentzia hobea da orain, jarraibideak eta errutinak dituzte, ospitalea kudeatzeko lanean ari dira eta tratamendu aurreratuagoak ezartzen dizkiete pazienteei. Gainera, lau adingabe Gurutzetako Ospitalera eraman dituzte, han ez dituzten tratamenduak eskaintzeko eta bizimodu hobea bermatzeko.

Parte hartzeko, bete https://www.elankidetza.euskadi.eus/osasun-globaleko-ginea-bissau-euskadi-lankidetza-programa/webela01-eduki/eu/ webgunean dagoen formularioa edota idatzi info.cooperacionsanitaria@osakidetza.eus helbide elektronikora. Osakidetzako intranetean ere eskuragarri dago informazioa.

AINHOA ETXEBARRIA • Basurtuko Ospitaleko erizaina

Nola izan zenuen programaren berri?
Ismael Diez del Val ospitaleko zirujauarengatik; hura da programaren koordinatzailea. Beti gustatu izan zait boluntariotzan aritzea eta kulturak ezagutzea. Beraz, aukera ezin hobea ikusi nuen, erizaintzak beste mundu batekin elkartzen ninduelako.

Zer egiten zenuen han?
Goizero joaten ginen ospitalera zirujaua, anestesista eta hirurok. Han egunero desberdina zen, ez baitute hemen daukagun antolamendua. Hala ere, egun batzuetan hainbat kirurgia egiten ziren, hala nola herniak, prostatak, apendizitisak, eta abar. Zesareak egiteko 24 orduko talde bat ere badago.

Zer ikusi zenuen hara iristean?
Beste mundu bat ikusi nuen, ezin baita konparatu. Azken finean, munduko herrialderik txiroenetako bat da. Ni hiriburuan izan nintzen, eta herriak ahaztuta daude. Herrialdea ez dago ondo; zer esango dut Afrikako herrialde bati buruz? Ustelkeria dago nonahi.

Behar dira horrelako egitasmoak?
Bai, noski. Ez bakarrik irakats diezaiekegunagatik, baizik eta geuk ere ikasten dugun guztiarengatik; ez soilik lan arloan, baita balioetan ere. Izan ere, egia da guk asko irakatsi diezaiekegula, eta hori da proiektu honen helburua, baina uste dut norberak asko ikasten duela eta hemen dugun guztia baloratzen ikasten duzula.

Berriz joango zinateke?
Bai, itzuliko nintzateke. Esperientzia hori ez dut inoiz ahaztuko. Nire taldea sekulakoa izan zen, bizipen honen zatirik garrantzitsuenetako bat. Hango jende askorekin ere berriro elkartu nahiko nuke. Proiektu honek aurrera nola egiten duen ikustea gustatuko litzaidake.

Zer esango zenieke beste langileei programan parte har dezaten animatzeko?
Gogotsu joan daitezela, baina ematera ez ezik baita jasotzera ere. Haiek salbatzera goazela uste dugu, eta ez da horrela. Gure ekarpena egingo dugu, eta gauza berriak erakutsiko dizkiegu, betiere materiala, instalazioak, eta abar…, ez baitute zerikusirik hemen ditugunekin. Gainera, bizikideekin taldea egitea oso garrantzitsua da. Izan ere, niretzat zutabe handia, funtsezkoak izan ziren bizipen horiek.

Norekin gogoratzen zara bereziki?
Esperientzia ahaztezina egin zuten pertsona hauek aipatu nahiko nituzke: Natalia, Josean, Carla, Javi, Estela, Maria, Aiala, Aissato, Nilson, Anestesia Taldea, Maria, Jonathan, Boxing Suku Bissau, Joana, Ignacio, Filipa, Caco, Divino, Rufina, erizain ikasleak eta hainbeste estimatzen ditudan pertsona guztiak. Bihotzez, mila esker guztioi!

JOANA DE MIGUEL • Basurtuko Ospitaleko medikua

Zergatik erabaki zenuen joatea?
Betidanik izan dut argi garapen proiektuetan lagundu edo lan egin nahi nuela. Atzerrira joatea lankidetzan aritzeko beharrezkoa ez den arren, beti izan dut bidaiatzeko eta askotariko kulturak esploratzeko interesa. MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak laguntza bilatu zuen COVIDak Perun utzitako larrialdiari aurre egiteko, eta Osakidetzako profesionalek bat egin zuten, Eusko Jaurlaritzaren eta eLankidetza euskal agentziaren elkarlanari esker. Proiektu horretan parte hartu zuen jendearekin hitz egin nuen, eta oso pozik zeuden, gauzak ondo joan zirelako. Ondoren, eLankidetzako webgunean deialdia ikusi nuen, eta orduan animatu nintzen. Programa hasi zuen talde iraunkorreko kideetako bat izan nintzen; hiru lagunek urte osoa pasatu genuen han, bi medikuk eta erizain batek. 2022tik 2023ko martxora arte izan nintzen Ginea-Bissaun.

Zein zen zure egitekoa?
Larrialdietako medikuntzako zerbitzuan aritu nintzen. Gure lana lantaldeetan integratzea eta errutinak ezartzea zen. Hango osasun-profesionalekin batera egiten genuen lan, eta haien eguneroko zereginetan laguntzen saiatzen ginen: kasu kliniko konplexuen bisita elkarrekin eginda eta eztabaiden moduko jardueretan ere parte hartuta. Bestalde, protokolo eta erantzun programatikoak sortu ziren herrialdeko osasun-arazo garrantzitsuetarako, eta gai espezifikoei buruzko prestakuntza saioak egin genituen.

Zer gaitz tratatzen zenituzten?
Egunerokoan ikusten genituen gaixotasun gehienak patologia infekziosoak ziren, horietako asko gure inguruan prebenitu daitezkeenak jada, eta gaixotasun kardiobaskularrak ere bai, bizimoduarekin (dieta, ariketa fisikoa) lotura handia dutenak.

Zertan laguntzen dute horrelako ekinbideek?
Funtsezkoak dira osasun-erronkei aurre egiteko eta mediku-arreta ekitatean jasotzen dutela sustatzeko. Munduko osasun-arloko profesionalek elkarrekin ezagutzak eta esperientziak trukatzea errazten dute. Gainera, hango osasun-sistema indartzen laguntzen dute, prestakuntza, baliabideak eta laguntza teknikoa emanez.

Berriz egingo zenuke?
Bai, esperientzia ahaztezina izan baitzen. Egoera errepikatzeak harrera erraztuko lidakeela uste dut, testuingurua ezagutzen dudalako jada. Gainera, bueltatuko banintz, aurretik ikasitakoa sendotuko nuke, eta egindako hutsegiteak saihesten lagunduko lidake. Niretzat egun bakoitza erronka bat zen, eta asko ikasi nuen bizipen hartan. Egunerokoa gogorra den arren lan egiteko baliabide gutxiengatik eta sistemaren hauskortasunagatik, lanak merezi duela uste dut.

 

 

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other