agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

“Heriotzak ez du etenik ekarri behar; geure haurrak gure egunerokoan daude, baina beste era batean”

Amaia Madariaga • Medikua

Amaia Madariaga Zabala gernikarrak mediku dihardu Zumarragako ospitalean, baina badu beste zeregin garrantzitsu bat ere: Gehiago Gara egitasmoaren sustatzaileetako bat da, Oihane Arriaran eta Nere Erkiagarekin batera. Hil Argi elkartearen parte da ekinbide hori, eta haurren heriotzari ikusgaitasuna ematea dute helburu, besteak beste.

Zerk lotzen zaitu Hil Argi elkartearekin?
Hil Argi elkartea Nere Erkiagak sortu zuen, 2018an. Hiru umeren ama naiz, eta nagusia, Elene, orain dela bost urte hil zen, 4 urte zituela, buruko minbizi baten ondorioz. Azken bost hilabeteetan zainketa aringarrietan egon zen Elene, eta Nere orduan jarri zen gurekin harremanetan. Hil Argi elkartearen barruan hainbat proiektu daude, eta horietako bat da bertso-ipuinak eskaintzea hiltzear dauden umeei. Horren berri eman zigunean, harritu egin ginen, baina proiektuan sartzea erabaki genuen. Bertsozale elkarteko bertsolari batzuek egindako bertso-ipuin batzuk oparitu zizkioten Eleneri, eta hori izan zen gure lehenengo harremana elkartearekin.

Harrez gero, Nerek heriotza lantzeko duen moduagatik eta erakutsi digun hurbiltasunagatik, beti eduki izan dugu harremana harekin; orain dela bi urte, Eleneren ama eta osasun-langile naizen aldetik nolako beharrak ikusten nituen azaldu nion Nereri, bai hezkuntzan, bai osasungintzan eta bai udaletan zein elkarteetan ikusten nituen gabeziak. Zeozer sortu genezakeela pentsatu genuen, zeozer polita egin zitekeela. Bide horretan, Oihane Arriaran agertu zen; hari ere alaba nagusia hil zitzaion, Anette, 5 urte zituela. Eta hirurok hasi ginen Gehiago Gara proiektua sortzen, Hil Argi elkartearen barruan.

Zertan datza Gehiago Gara egitasmoa?
Hitz-jokoa da: haurren heriotza eta heriotza haurrekin lantzea biltzen du; haurren heriotzaren inguruko sentsibilitatea zabaltzea eta horri ikusgaitasuna ematea, eta haurrekin heriotzaren gaia naturaltasunez lantzea hezkuntzan. Hori da abiapuntua, eta mezu hori gizarteratu nahi dugu. Oihanek eta biok beti utzi nahi izan dugu garbi egitasmo hau ez datorrela gure minetik, urrunago doala; guk gure dolua egin dugu jada, eta gizartearen beharretara zuzentzen dugu ekinbidea. Abenduaren 16an aurkeztu genuen Gehiago Gara, Donostian, eta zazpi talde omendu nahi izan genituen, uste dugulako haurren heriotza eta heriotza haurrekin modu egokian lantzen dutela. Talde horien artean, osasun-arloko bi zeuden: Gurutzetan Pediatria Zerbitzuan duten Etxeko Ospitalizazio Unitatea, osasun-asistentzia integrala emateagatik bizitzaren amaieran dauden haurrei eta beren familiei, eta Bilbo-Basurtuko ESIan jaiotzaren inguruko doluaz gida sortu duten adituen taldea. Horiez gain, Antzuolako herri eskola, Oiartzungo Udala, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Tolosako haur liburutegia eta Gasteizko Hezkuntza fakultatea ere omendu genituen.

Zein egiteko dituzue orain?
Euskal Herrian seguru badirela halako lanak egiten dituzten talde gehiago, nahiz eta guk ez ezagutu, eta, horregatik, haiei guztiei esan nahi diegu beren berri emateko eta laguntzeko zabalkuntza horretan prest gaudela. Osasungintzan, hezkuntzan, udaletan nahiz elkarteetan zabaldu nahi dugu asmoa. Orain, mailing bat prestatzen ari gara, hezkuntzaren alorrean gure berri emateko; dagoeneko ikastetxe batzuk jarri dira gurekin harremanetan. Orientatzaile-lana egiten dugu, ez dugu hitzaldirik ematen; pedagogia landu nahi badute eskolan, erreferenteak ematen dizkiegu.

«ESKUALDE GUZTIETAN BEHAR DIRA HAURRENTZAKO ZAINKETA ARINGARRIAK»

Hain zuzen, eskolei laguntzen diezue heriotzaren gaia haurrekin lantzen?
Bai. Dagoeneko ikastetxe batzuk hasi dira apurka-apurka lan hori egiten. Bi lan-mota daude, profesionalek diotenez: batetik, protokoloak sortzea, eskola-komunitateko kideren bat hiltzen denerako, momentu hori nola kudeatu jakiteko eta familiari nahiz ikasleari laguntza nola eskaini ezagutarazteko; eta, bestetik, pedagogia dago, lan prebentiboa, modu naturalean lantzea heriotza, behartu gabe. Izan ere, askotan irakasleek eta gurasoek beldurra diote heriotza lantzeari, eta gakoa da haurrek gaia ateratzen dutenean nola jorratu jakitea. Ildo horretan, EHUren Udako Ikastaroetan hezkuntzari begirako ikastaro bat emango dugu Donostian, uztail hasieran.

Eta osasungintzan eman duzue pausorik?
Hasi gara bidea urratzen, baina pixkanaka ari gara. Pediatrekin sortu nahiko genuke lantalde bat, haurren heriotzaren gaiari lotuta.

Haurren heriotza lantzea da egitasmoaren xedeetako bat. Zeuen kasuan, Elene hil zenean sumatu zenuten baliabide-falta hori? Tabua zen horretaz hitz egitea?
Jendeak horrelako egoeretan inoiz ez dauka asmo txarrik, ez dizute minik egin nahi, baina erantzun desegokiak izaten dira batzuetan. Heriotzaren gaia tabua denez eta askotan gizartean beldurrak sortzen dituenez, ez dugu jakiten isiltasun hori nola maneiatu. Helduon beldurrak dira, ez umeenak, eta helduok prestatu behar dugu umeak hobeto hazteko gai horretan.

Zer falta da, oraindik ere?
Nik neuk, Eleneren guraso gisa, eskualde guztietan haurrentzako zainketa aringarrien behar handia ikusi nuen; beti egongo gara eskertuta gure alabaren kasua tratatu zuten profesionalekin, baina ez ziren pediatrak. Orain, gai hori Osakidetzaren plan estrategikoaren barruan dago, aurrera doa, nora jo egongo baita eskualde guztietan, nahiz eta Gurutzetakoa izango den beti erreferente nagusia.

Zu ere erreferente bihurtuko zinen beste guraso batzuentzat, ezta?
Donostian egindako prentsaurreko horretara, aitortutako taldeez gain, familiak ere gonbidatu eta elkartu genituen; oso hunkigarria izan zen. Aurretik ez genuen elkar ezagutzen, baina bat-batean lotura berezia sortu zen, eta guraso haiek izugarri eskertu zuten dena, haien umeak ezagutu gabe gogorarazten genizkielako. Izan ere, guk sinisten dugu heriotzak ez duela etena ekarri behar. Askotan, norbait hiltzen denean, erreparo handia ematen du horretaz hitz egiteak, eta are gehiago ume baten kasuan, eta egun hori aukera paregabea izan zen. Nahiz eta aspaldi hil gurekin jarraitzen dute, beste modu baten bada ere. Horri ikusgarritasuna emateak gure minak leuntzen laguntzen du; irtenbidea ez da ahaztea edo ikusezinarena egitea.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other