agenda » maiatza | HARPIDETU BULETINERA

Zeren atariko?

Agurtzane Ormatza Imatz • SEXOLOGIA

Gaur egun, beharbada inoiz baino gehiago, denok jabetzen hasi gara gure gorputzaren adierazpenen garrantziaz. Gure hitzik gabeko jarrerek, posturek, keinuek zenbat komunikatzen duten, gure azalak zenbaterainoko informazioa jasotzen eta ematen duen ia konturatu gabe. Horretaz jabetzeak gero eta gehiago laguntzen gaitu gure erotikan hobeto murgiltzen, gure gogoak adierazten eta modu berean gure beharrik sakonenak azalarazten.

Gorputzaren bidez gauza asko komunikatzen dugu. Nahi eta nahi ez.

Sarri, begirada batek gure mingainak baino gehiago adierazten du; gure isiltasunak berba gehiago gure solasaldi luzeak baino. Komunikazio erotikoa ere modu askotan sor daiteke: bat-bateko irri bat, bata bestearen kontrako igurtzia, elkarrekin dantzatzea, paseoan besotik helduta, eskua bestearen gerrian jarrita, txitxemarkak edo atximurkak egiten albotik pasatzean, probokazioak urrunetik, keinuak goizeko komuneko ispiluan, lapurtutako musuak umearekin jolasean, laztan arinak afaria prestatzen, besteari aurpegiko zikinkeria garbitzean…

Komunikazio mota horri kasu gutxi egiten diogu, nahiz eta gero hainbat plazeren eta ulertezinen informazio iturri izan.

Andreok zein gizonok, sarketan murgildurik egon arren, saiatzen gara ahaztutako lekuetan xamurtasuna berreskuratzen, eta gorputzarekin gure arteko komunikazioa bideratzen. Baina ez da batere erraza izaten. Lantzen ditugun jokabide asko —azalean ematen diren hainbat laztan, ukitu, jokotxo, zurrupada, azala azalaren kontrako borroka goxo, haginkadatxo…— gehienetan koitoaren aurretik ematen dira, eta sarri koitoa izaten da joko horien helburua. Hau da, hasieran «jolasten ibili behar dugu gero benetako jokabideari eusteko», «berotu lehenago gero behar den moduan sartzeko».

BEGIRADA BATEK GURE MINGAINAK BAINO GEHIAGO ADIERAZTEN DU; GURE ISILTASUNAK BERBA GEHIAGO GURE SOLASALDI LUZEAK BAINO.

Eta horrela gertatzen da; bikote gehienen artean horrelako jokoak izaten direnean, zalantza gabeko ikurrak izaten dira koitoaren presentzia gertu dagoela. Ezinbestekoa!

Koitoa nahi eta nahi ez garrantzitsuena bihurtzen da, beste joko guztiek bidea egiten dute. Egoera horrek askotan leku deseroso batera eramaten gaitu: «Gogotsu eta gustura nago jolas horiekin, baina uko egingo diot jokoari, datorrena (hau da, koitoa) ez zaidalako gustatzen». Horren ostean, desio falta ez da izango harritzekoa. Paradoxikoa, ezta?

Guk egoera honi «etengailu erotikoa» deitzen diogu. Etengailua arau bat da; arau horri buruz ez da berbarik, baina arau horrek bikote askoren harreman erotikoa markatzen eta baldintzatzen du. Etengailu horrek posizio bi baino ez dauzka: piztuta edo amatatuta. Piztuta dagoenean, bikotekideen eremu erotikoan dagozkien jokabide erotiko «guztiak » izaten dira, koitoa azkenetarikoa izanik. Amatatua badago, ezin da inolako jokabide erotikorik izan, batere ez.

Bikotea «etengailuaren» tiranian bizi bada, bikotekide askok sentitzen dute benetako beharrak eta desioak ez direla kontuan hartzen. Horrelako sentsazioek askotan elkar deskalifikatzera eramaten gaituzte —«berotzen nauzu, eta kanpin denda ipinita uzten nauzu», «ezin baduzu amaitu ez hasi…»— edo baita ere elkarrengandik urruntzera.

Etengailu gabeko bikote-sistemetan errazagoa da itsaso zabalean igeri egitea. «Bakarrik gura dut zure gorputza nirearen kontra biluzik sentitzea», «gaztetan hasi ginen moduan gura dut, bakarrik gerritik gorako laztanak eta arropak kendu gabe», «musuka nazazu masturbatzen naizen bitartean», «masaje baten truke xurrupatuko dizut gorputz osoa», «nire bagina uzten dizut, baina ez eskatu gehiagorik», «gaur eskuarekin izan beharko du, ez nago bestelako kontuetarako eta», «musu batzuk eta lolo, e?».

Eskerrak komunikazio erotikoa continuum den!. Komunikazio-mota horrek bion arteko bidea errazten du, eta batez ere erregistro erotikoak zilegiak, asegarriak, maitagarriak eta gozagarriak izatera laguntzen du. Bikote bakoitzak eta pertsona bakoitzak topatu behar du zein diren bere baliabideak, etengailua ez nagusitzeko gure harremanetan.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other