agenda » maiatza | HARPIDETU BULETINERA

Diziplina anitzen elkargunea

Osakidetzako Lehen Mailako Arretari buruzko lehen jardunaldia egin dute Donostian. Parte hartzaileen iritziz, egun «garrantzitsua» izan da gogoetak eta jakintzak elkarri azaltzeko

Indarrak batuz izan da lema, eta argi adierazten du Osakidetzako ekitaldiak nolako xedea izan duen. Osasun arloan diziplina anitzetan dihardutenak elkartu dira Donostiako Kursaal auditoriumean. Rafael Gracia doktoreak, Soraya Nuñez eta Lali Antolin administrazioko langileek eta Arrate Iturralde erizainak asteak igaro dituzte jardunaldia antolatzen, eta, orain igarota, ondorio ezin egokiagoak atera dituzte.

Osasunaren Mundu Erakundeak Lehen Mailako Arretarako izendatua du apirilaren 12a, eta hura izan da ernamuina. Osasungintzaren esparruan ari diren kideak biltzeko aukera ona iruditu zitzaien antolatzaileei. Graciaren arabera: «Harreman zuzena egiteko modu bat da, askotan zaila baita hori egitea. Gainera, sekula ez genuen egin Lehen Mailako Arreta bere osotasunean hartzen duen jardunaldirik».

«Ospakizun giroko» jardunaldi bat egin dute estreinako aldian, zientifikoa baino gehiago. «Zailtasunen gainetik, Lehen Mailako Arretan gauza originalak egiten direla aldarrikatu dugu: ikerketa, sormena, talde-lana… Proposatu genuen, eta ondo atera da».

Jardunaldia udaberri betean egin badute ere, joan den urtearen amaiera aldera hasi ziren lehendabiziko prestaketekin. Orduan sortu zen lehendabiziko ideia, eta urtarrilean jo zuten hizlarien bila. Alde horretatik, Iturraldek nabarmendu du lanketa «bizia» izan dutela hilabete hauetan. Dena den, antolakuntza batzorde zabala izateak lanak banatzea ahalbidetu die.

Arrate Iturralde, Soraya Nuñez, Lali Antolin eta Rafael Gracia, jardunaldien antolatzaileetako batzuk.

Nolanahi ere, Lehen Mailako Arretaren lehendabiziko jardunaldiak berehalakoan lortu zuen lankideen interesa. Izena emateko epea zabaldu orduko, jende-uholdea batu zen proiektura: «Ohartu ginen hasieran espero genuena erraz gaindituko genuela, bikoiztu egingo genuela. Guretzat, arrakastatsua izango zen 300 lagunek parte hartzea, eta, azkenerako, 741ek parte hartu dute».

Antolatzaileek balorazio ona egin dute nola jende kopuruari dagokionez, hala gaien aniztasunari eta ikuspegiari dagokionez: «Hizlariek bazekiten partaideak lanbide askotakoak zirela, eta denek ulertzeko diskurtsoak egin dituzte», nabarmendu du Graciak.

«ESPERIENTZIA-MAHAIAK DENETARIKOAK IZAN DIRA, ETA HIZLARIAK ERE, SOSLAI GUZTIETAKOAK. JARDUNALDI TRANSBERTSALA IZAN DA ALDE HORRETATIK»

Lehen Mailako Arretako arlo ugarietan diharduten profesionalen sinergia bilatzea izan da asmoetako bat. Iturraldek adierazi duenez, hasieratik jarraitu diote bide horri, eta prestaketa-batzordean ere agerikoa izan da, hori ere diziplina anitzetako profesionalek osatu baitute. Eta hori islatu egin da jardunaldien egitarauan ere, «kolektibo askotakoak ekarri baititugu. Esperientzia-mahaiak denetarikoak izan dira, eta hizlariak ere, soslai guztietakoak. Jardunaldi transbertsala izan da alde horretatik».

Ikusgaitasuna emateko baliagarria
Lehen Mailako Arreta osoa aintzat hartzeko asmo horretan, Kursaaleko jardunaldia bereziki garrantzitsua izan da, eta zenbait diziplinari ikusgaitasuna eman diete alde horretatik. Graciak esplikatu duenez, talde-lanaren estrategia hauspotu nahi izan dute. Zerbitzu egokia lortzea helburuetako bat denez, arlo horren gainean, doktoreak esan du beharrezkoa dela elkarrenganako konfiantza, babesa eta ezagutza lantzea.

Nuñezek gaineratu du horrelako jardunaldiak estamentu guztien lotunea izaten direla, baita guztien lana islatzeko aukera ere: «Esperientzia mahaietan bakoitzaren bizipenak partekatzeko aukera izan dugu».

Antolinek, berriz, gutxiago ezagutzen diren soslaiak azaleratzeko balio izan duela aipatu du. Dioenez, badira diziplinak jendeak ez dituenak Lehen Mailako Arretarekin lotzen: «Fisioterapia eta odontologia, esaterako. Baita administraritza ere; horrelako jardunaldietara joateko aukera gutxi izaten dituzte, eta are gutxiago tailerretan parte hartzeko».

Parte hartzaile kopurua antolatzaileek aurreikusitakoa baino handiagoa izan da.

Parte hartzeko, proposamen ugari
Jardunaldiak izan duen arrakastaren seinale da Kursaaleko egunean parte hartzeko egon den eskari kopurua. Izan ere, 741 lagunez gain 133 lan aurkezpen proposamen izan dira, eta horietatik 86 onartu dituzte. Hala, egun osoan ahozko hamasei komunikazio egin zituzten, eta 70 poster ikusgai egon ziren.

Partaide kopuru handia izanagatik, Iturraldek eta Graciak parte-hartze aktiboa izan dute hitzaldietan eta tailerretan, eta norbere lanerako ere baliagarriak izaten direla azpimarratu dute. Graciak: « Lehen konferentzian, esaterako, Lehen Mailako Arretak Erresuma Batuan duen egoera azaldu ziguten. Nolako erronkak dituzten, nolako bilakaera izan duten… Ohituta gaude gure lana aldarrikatzera eta hobekuntzarako bitartekoak jartzera, eta beste esperientziek horren inguruko pistak ematen dizkigute. Azken konferentzia, berriz, barrura begirako izan zen, nekatuta dauden profesionalei gogoa pizteko. Oro har, oso jardunaldi atsegina eta landua izan zen».

«HARREMAN ZUZENA EGITEKO MODU BAT DA, ASKOTAN ZAILA BAITA HORI EGITEA. GAINERA, SEKULA EZ GENUEN EGIN LEHEN MAILAKO ARRETA BERE OSOTASUNEAN HARTZEN DUEN JARDUNALDIRIK»

Gracia, Nuñez, Antolin eta Iturralde bat datoz horretan, eta parte-hartzaileen aldetik ere erantzun hori jaso dutela adierazi dute. Horregatik, aurrerantzean ere asmoa dute Lehen Mailako Arretaren gaineko jardunaldiak antolatzeko: «Zuzendaritzak ere balorazio ona egin du, eta zoriondu egin gaitu. Horrek aurrera egitera bultzatzen gaitu, eta datorren urtera begira sormena piztuko digu. Beste hiri batean, programa ere alda daiteke… Baina, zalantzarik gabe, estilo berean egingo dugu: parte-hartzea eta diziplinen ezagutza uztartu», laburbildu du Graciak.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other