«Hirurogeita hamar urte ditut, baina ez dut hil gura hori zer den jakin barik!».
«Nire gorputzarekin jolasean nabilenean erraz lortzen dut, baina nire bikotekidearekin ezinezkoa egiten zait, hortxe-hortxe nago, baina… a zelako amorrua!».
«Arin gertatzen da, baina hain da gozagarria».
«Ezin dut esan zer den, baina, sentitzen dudanean, badakit orgasmoa dela».
Plazerarekin lotuta hainbat bizipen daude, batzuk oso gustagarriak eta beste batzuk oso etsigarriak, baina denek daukate espazioa eta denbora gure bizitzan. Plazera ez da gertatzen modu berdinetan gure bizitzan. Plazeraren esperientziak hainbat izkina ditu, batzuk oso nabarmenak eta beste batzuk asmaezinak.
Denak lotuta daude, gure biografiari lotuta, egun sentitzen dugunarekin bat eginda, eta une horretan egiten denarekin kateatuta. Atzera begiratzea ezinbesteko bihurtzen da jakiteko nola heldu garen gauden tokira, eta egungo bizipenak ulertzeko. Hori ulertuz, errazagoa egingo zaigu jakitea norantz jo. Plazerak ekartzen dituen buruko minak zein gozamenak gure aspaldiko bidaideak dira eta Kontsultara gero eta gehiago etortzen dira plazer eta desio kontuekin. Emakume gazteak eta ez hain gazteak, bikotekidearekin edo gabe, homosexualak zein heterosexualak…
Orgasmoa zer den azaltzea oso zaila da. Ez dago azalpen bat, denon esperientzia batzeko. Baina, fisiologikoki, burmuinean gertatzen den zirkuitulabur baten antzekoa da.
Gorputzak azaleko errezeptoreen bidez batzen du informazioa. Informazioa bizkarrezur-muinaren bidez bidaltzen da, bulkada elektrikoen bitartez, burmuinera. Eta hantxe gertatzen da orgasmoa. Aldi berean, prozesu hori guztia gure gorputzean gertatzen da. Giharren kontrakzioetan; bagina eta umetokiaren kontrakzioetan; behatzen uzkurduretan; azalaren gorri kolorean; bihotzaren taupaden arintasunean; tentsioaren igoeran; arnasaren sakoneran; titien, aluaren eta zakilaren gogortasunean; baginaren bustiduran…
Baina norberaren esperientzia subjektiboa da. Emakume, neska, mutil eta gizon adina esperientzia daude, eta bakoitzak momentuak adina esperientzia dauzka.
Orgasmoa eta loa oso antzekoak dira. Loak hartzeko gogoa baldin badugu, baina gauza larregi buruan, ezinezkoa izango da loak hartzea. Guk ez dugulako loa harrapatzen, loak gu baino. Askotan saiatu arren, jakindako eta entzundako guztia egin arren (edalontzi bete esne hartu, irakurri, arnasketak egin…) ezin loak hartu gabiltza. Orgasmoarekin gauza bera gertatzen da: hark hartzen gaitu, batzuetan gu haren bila joan arren; ez daukagu zer eginik. Lo egitean bezala, orgasmoaren esperientzia edukitzeko, aldagai batzuk batu behar dira:
• Eszitazio puntu bat eta erlaxazio puntu bat behar dira, eta biak aldi berean. Batek besteak baino pisu handiago badu, oso zaila izango da orgasmoa izatea.
• Plazera bidaidea da, orgasmoa esperientzia gozagarria, gurari bat.
• Orgasmoa betebeharra ez izatea.
• Gustura egotea egiten ari zarenarekin.
• Plazeraren bideari jarraitzea eta jolastea sentsazioekin, gero eta bibrazio eta intentsitate handiagoak eta sakonagoak izan arte.
• Gorputzak emandako sentsazioetan eta gure burutazio gozagarrietan galtzea.
• Gorputzarekin bat egitea ezinbestekoa da. Larregitan, eszena erotikoa pelikularen fotograma bat bihur daiteke, eta gu horren ikusle, protagonista izan ordez.
• Gorputzak emandako sentsazioei eustea, intentsuak badira ere bai.
• Txiza egiteko nahiaren sentsazioa badator, jarrai ezazu, ez duzu txizarik egingo eta; beharbada eiakulatu egingo duzu.
• Barrabiletan edo aluan tentsioa sentitzen baduzu, jarraitu estimulazioarekin askatu arte; hasieran apur bat mingarria bada ere, tentsioa askatu beharrekoa da, ostean hobeto sentituko zara.
Aldagai guztiak betez gero ere, batzuetan orgasmoa beste zereginetan geratzen da guregana etorri gabe.
Badaude orgasmoari lotutako mito batzuk, ez dutenak laguntzen plazer horren esperientzian: Gizonek errazago lortzen dute orgasmoa, emakumeek baino.
• Emakumeak koitoaren bidez orgasmora heltzen dira
• Klitoriaren bidez lortzen direnak ez dira hain onak
• Gizonek orgasmoa eiakulazioarekin bat daukate beti.
• Orgasmoak beti dira onak, harreman erotikoaren onena.
• Orgasmorik ez bada egon, jokoa ez da izan oso ona, edo ez hain gustagarria.
• Homosexualek dauzkaten orgasmoak ez dira heterosexualek dauzkaten orgasmoak bezain onak.
• Bikotekideak jakin behar du zelan egin besteari orgasmo bat emateko.
• Emakume guztiek oihu egiten dute orgasmoa edukitzean.
• Gizonek beti sentitzen dute orgasmoa eiakulatzen badute.
• Emakumeek ez dute inolako likidorik isurtzen.
• Zakila ez badago tente, ezin da orgasmorik eduki.
• Orgasmo onenak bikotekidearekin lortzen dira.
• Ipurtzulotik sartzean ezinezkoa da orgasmorik edukitzea (ez gizonek ezta andreek ere).
• Ezin da lortu orgasmorik gorputza ukitu gabe.
• Norberak bere buruarekin orgasmoak lortuz gero, bere lagunarekin ere bai.
Mito gehiegi eta indar gehiegi plazeraren lasterketan orgasmoaren txapela lortu nahian…