agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Samurtasuna, teknologiaren bidetik

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean errealitate birtuala erabiltzen dute haurrei odola ateratzeko garaian. Entretenimenduko irudiak erakusten dizkiete ziztadarekiko beldurra eta antsietatea gutxitzeko: «Oso tresna baliagarria da», laburbildu du Veronica Ruiz Peredak, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Erizaintzako zuzendariordeak.

Odola ateratzeko ziztadek adin guztietako jendeari eragiten badiote ere, bereziki nabarmena da haurren artean sortzen duten ezinegona. Egoera horiei erremedioa jartzeko hautua egin dute Gurutzetako ospitalean. Errealitate birtuala baliatuta, programa bat jarri dute martxan Erizaintzako sailean, ziztadari haurrek izan diezaioketen beldurra eta antsietatea gutxitzeko.

Programa elkarrekin ondu dute ESIko Erizaintzako Zuzendaritzak eta Berrikuntzako eta Kalitateko Zuzendariordetzak. Haren bidez, errealitate birtualeko betaurrekoen erabilera bultzatu dute Odola Ateratzeko Pediatriako Unitatean. Orotara 4.500 haur igaro ohi dira handik, baina «gutxi-gehiago, 2.500 haur inguruk erabiliko dute programa hau», azaldu du Veronica Ruiz Pereda Erizaintzako zuzendariordeak.

«HORRELAKO TEKNOLOGIAK ERABILITA, PROFESIONALEK BALIOA IRABAZTEN DUTE PAZIENTEEN BEGIETARA»

Haren esanetan, «teknologia lanabes izan daiteke osasun-sistemetan». Hain justu ere, ESIan duten Berrikuntza eta Kalitate Zuzendariordetzako lankide baten bidez izan zuten proiektua abiarazteko aukeraren berri: «Orain bi urte, hark proposatu zigun kirofanora joan behar zuten haurrekin betaurrekoak erabiltzea. Haur horiek ikus zezaten zein izango zen haientzat ezezaguna den ingurune hori, eta horrela, han aurkituko zuten egoera errazago irudika zezaten: era batera jantzitako profesionalak, gailuak, eta abar».

Hari horri tiraka, Erizaintzako sailari hiru aukera sortu zitzaizkion aldi berean. Tartean, betaurrekoena. Ruiz Peredak azaldu zuenez, Erizaintzako Zuzendaritzak aldeztu zuen odol ateratze pediatrikorako betaurreko batzuez jabetzea. Izan ere, frogatuta dago errealitate birtualaren erabilera horrek beldurra eta antsietatea gutxitu ditzakeela: «Distrakzio modura erabiltzen ditugu. Haurrak arreta urrundu egiten du ziztadaren estimulu mingarritik, eta bestelako estimuluetan ezartzen du».

Esate baterako, erizainek filmak eskaintzen dizkiete haurrei, eta haiek eduki horretan jartzen dute arreta, «irudietan ikusten duten panpinan, izurdean edo dena delakoan. Arreta horretan fokalizatzen dute, eta ziztadaren min atalasea murriztu egiten da. Hori bai, aurrez, azaldu egin behar zaie zer egingo diegun besoan. Batzuentzat film bat begien aurrean jartzea ez da atsegina, engainatzen ari zarela pentsa dezaketelako». Hala, Eritzaintzako zuzendariordeak nabarmendu du lehen-lehenik gailuarekin konfiantza hartu behar dutela erabiltzaileek.

Betaurrekoek mota ezberdinetako aukerak eskaintzen dituzte.

Gailua, ziztadarako lagun
Teknologia erabili ala ez, ziztada berbera da. Haatik, arreta gailuko edukietan jartzeak minaren intentsitate maila murriztu ohi du. «Askotan, baita ez ohartzeraino ere», zehaztu du Ruiz Peredak. Azaldu duenez, errealitate birtuala erabiltzeko aukera eskaini eta azaltzen zaie Pediatriako Unitate horretan dauden haurren gurasoei, eta erabilera baimentzen dute oniritzia emanez gero.

Oro har, erantzun ona izan du programak: «Oso ona. Jendea oso kontent geratzen da. Bai haurrak, eta bai gurasoak. Normalean, odola ateratzeko unea ez da gustagarria izaten, eta teknika horiek lagundu egiten dute. Gainera, probatu ondoren edozein unetan kendu daiteke. Hau beste laguntza bat gehiago da —abestea, era batera edo bestera esertzea eta abar bezala—, eta edozein unetan egin daiteke atzera».

Haurrak Erauzketa Zerbitzuan sartu orduko hasten da errealitate birtualaren prozesua. Betaurrekoen erabilera eskaini, eta, erabilera horren helburua azaldu ondoren, film bat hautatzen dute. Hain justu ere, irudi horiek berberak ikusten dituzte haurrek betaurrekoetatik, eta odola ateratzeko ardura duen erizainak, pantailatik; hala, biek gauza bera ikusten dute une oro, eta hori baliagarria da erizainarentzat.

«Esaterako, ‘hegazkina lurreratzera doa’ esaten duenean, haurrak “bai” erantzun orduko egiten da ziztada. Gutxi-gehiago, haurrak minutu bat igaro ohi du filmarekin mimetizatzen, eta goren puntua horrelako une jakinetan izaten da. Gero, behar den odola atera artean irauten du, eta orratza ateratzen da segidan. Haurrak ez dira ohartu ere egiten», esan du Ruiz Pereda zuzendariordeak.

«JENDEA OSO KONTENT GERATZEN DA. BAI HAURRAK, ETA BAI GURASOAK. NORMALEAN, ODOLA ATERATZEKO UNEA EZ DA GUSTAGARRIA IZATEN, ETA TEKNIKA HORIEK LAGUNDU EGITEN DUTE»

Erizaintzako sailak balorazio «bikaina» egin du errealitate birtualeko betaurrekoak erabiltzearen inguruan. Batez ere, haurren gurasoen erantzuna nabarmendu du Ruiz Peredak: «Haiek ohartzen dira hain gauza sinpleak nolako onura duen. Gailua erostea baino ez da, eta ematen duen lan bakarra erabili aldiko garbitzea besterik ez da. Nahi adina alditan erabil daiteke, eta eragiten duen onura oso handia da gailuaren kostuarekin alderatuta».

Gisa honetako teknologiak erizaintzako beste alorretara zabaldu daitezkeela uste du Ruiz Peredak. Haren esanetan, teknologiaren ailegaera bi eratara har daiteke; nola pertsonak ordezkatzeko ailegatu dela, hala haiek ahalduntzeko ailegatu dela. Kasu honetan azken hori gertatzen dela adierazi du: «Horrelako teknologia erabilita, profesionalek balioa irabazten dute pazienteen begietara». Hori dela eta, bestelako jardun pediatrikoetara zabaltzeko hautua egin dute. Besteak beste, sutura-puntuetan, kimioterapian eta ohiko txertaketan balia daitekeela nabarmendu du zuzendariordeak.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other