Bakardadea bakarrik egotearekin lotzen da maiz, fisikoki ondoan inor ez izatearekin. Urrunago ikertu beharra dago, ordea, adinekoen osasun emozional eta fisikoan eragin suntsitzailea izan dezakeela ohartzeko. Horren estigmatizatuta dagoen gaia jorratu zuten Osakidetzako Barrualde-Galdakaoko Etika Asistentzialeko Batzordeak (EAB) antolatutako «Bioetika eta Zinea» jardunaldian. Bertan parte hartu zuten Pilar Castro Deustuko Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultateko irakasle eta Bizkaiko Caritaseko Adinekoen Arloko arduradunak, eta Begoña Rueda psikologo kliniko eta Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialeko dekanoak.
16 urte daramatza Osakidetzako Barrualde-Galdakaoko ESIko Etika Asistentzialeko Batzordeak eta Pestrakuntzak Bioetika eta Zinea elkartzen dituen jardunaldiak antolatzen. XVI. jardunaldian bioetika eta osasun emozionala izan ziren hizpide hiru ikuspegi desberdin jorratuz: doluari aurre egitea, gazteriaren erronka emozionalak eta adineko pertsonek pairatzen duten bakardadea. Aipatutako azken begirada Pilar Castro Deustuko Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultateko irakasle eta Bizkaiko Caritaseko Adinekoen Arloko arduradunak, eta Begoña Rueda psikologo kliniko eta Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialeko dekanoak jorratu zuten «El inconveniente» (Bernabé Rico, 2020) filmaren proiekzioaren ondoren.
Bakardadea adin nagusikoengan, konpainiarik gabe bizitzeaz harago
«Ez da beharrezkoa bakarrik egotea bakarrik sentitzeko». Esaldi irmo horrekin hasi zuen Pilar Castrok bakardade soziala oinarri izan zuen hitzaldia. Deustuko Unibertsitateko Psikologia departamentuko irakasleak bakarrik egon eta bakarrik sentitzearen arteko muga ezarri zuen. Bakardadea fisikoki bakarrik egotearekin lotu ohi den arren, hizlariek argi utzi zuten ez dela horren kontzeptu sinple eta erraza. Bakardade orok ez du minik ematen: une batzuetan bakarrik egotea desiragarria izan daiteke, deskonektatzeko edo gogoetatzeko espazio bat. Hala ere, benetako kezka bakardade sentimendua azaleratzen denean sortzen da. Bakarrik sentitzeak hutsune emozional bat dakar, besteekin lotura esanguratsurik ez izatearen pertzepzioa, baita pertsonaz inguratuta egon arren ere. «Bakardade soziala» esaten zaion terminoak pertsonaren ongizate eta osasunean kaltegarriena den bakardadea adierazten du.
Adinekoentzat ñabardura hori funtsezkoa da. «Bakardadea ez da gaixotasun bat, gizarte-arazo eta harremanekiko zailtasun bat da», adierazi zuen Castrok. Irudikatu 85 urteko bi emakume, duela bi aste alargunduak biak. Egoera horretan, batek bere etxean jarraitzea erabakitzen du senarraren errutinak eta oroitzapenek bere bizitza berrira egokitzen lagunduko diotelakoan. Seme-alabek beste hainbat aukera eskaintzen badiote ere, bere independentzia lehenesten du eta egonkortasun emozionala aurkitzen du bere ingurune ezagunean. Beste emakumea, berriz, bizitzari bakarrik aurre egiteko beldur da, eta bere seme batekin bizitzera joan nahiago du. Hala ere, espazio zein denbora kontuak direla medio, seme-alabek ezin dute etxean aterpetu eta bere etxean bakarrik bizitzen jarraitzea du irtenbide bakar. Bakarrik eta laguntza emozional gabe emakumea lehen bezala edo lehen baino bakarrago geratzen da.
« BAKARRIK SENTITZEN ZARA?’ GALDETU BEHARREAN, BAKARDADEARI HELTZEKO MODU ZEHARKAKOAGO ETA ERAGINKORRAGO BAT GALDETZEA IZANGO LITZATEKE, ‘NORBAITEN FALTA SENTITZEN DUZU?’ EDOTA ‘NORBAITEKIN HITZ EGIN EZIN IZATEAK KEZKATZEN ZAITU?’; HORREN ESTIGMATIZATZAILEA EZ DEN GAIA BIDERATZEKO MODUA BILATU BEHAR DA»
Pilar Castro
Bakardadea bizipen guztiz subjektiboa da. Egoera objektibo berean dauden bi emakume horiek oso desberdin sumatzen dute bakardadea, adibidez. Bakarrik dauden bi adineko dira, baina ez dute zertan izan bakarrik sentitzen diren bi pertsona.
Ez da gaixotasuna, arazo soziala baizik
Bakardadea, gosea bezala, oinarrizko zerbait falta den seinale da. Bete gabeko behar bat da, afektibitate-gabeziaz ohartarazten duen abisua, harreman sozialetan edo familiarretan zerbaitek funtzionatzen ez duelako sintoma. Bakardadeak osasun mentalari eragiteaz gain, zahartze fisikoa bizkortu eta gaixotasun kronikoen arriskua areagotu dezake. Begoña Rueda psikologo kliniko eta Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialeko dekanoak argudiatzen duenez, «bakardadea ez da gaixotasun bat, arazo sozial bat baizik, eta isolamendu emozional horren azpian dauden kausei heldu behar zaie haren tratamenduan». Zenbait azterlanen arabera, bakarrik sentitzen diren pertsonek gaixotasun mentalak izateko arrisku nabarmen handiagoa dute; depresioa eta antsietatea, esaterako. Izan ere, nahaste emozionalak izateko probabilitatea % 63 handiagoa da, bakardade-sentsazio hori izaten ez dutenekin alderatuta.
«Bakardadea ez da botikekin borrokatzen», ohartarazi du Ruedak. «Hala ere, sarritan medikalizatu izan dugu arazo hori, eta pazienteak medikamentuekin tratatzen ditugu, eta horiek, konpondu beharrean, isolamendua betikotzen dute. Alternatiba gizatiarragoak eta eraginkorragoak bilatzeko gai izan behar dugu».
Komunitatea bakardadeari aurre egiteko antidoto gisa
Bakardadearen ondorio negatiboak arintzeko, «esku-hartze komunitarioa funtsezkoa da, ez bakarrik familia-mailan, baita adinekoak integratzen laguntzen duten gizarte zerbitzuen eta boluntarioen bitartez ere», dio Castrok. Gizartearen parte-hartzea eta giza kontaktua sustatzen duten programak ezinbestekoak dira. Talde-jarduerek eta elkarrekiko babesak horren beharrezkoa den kontaktu emozionala eskain dezakete.
«BAKARDADEA ERREALITATE MULTIDIMENTSIONALA DA, ETA, GAINERA, MODU ASKOTARA AURKEZ DAITEKE; BERAZ, HAIN ERREALITATE PLURALA IZANIK, BEHARREZKOA DA ESKU-HARTZE MULTIDIMENTSIONAL BAT, ASKOTARIKO AGENTEEKIN»
Begoña Rueda
«Adineko pertsonek baloratuta sentitzeko beharra dute, ez bakarrik lagunduta». Konponbidearen gakoa konfiantzazko loturak sortzea da, pertsonei beren kezkak adierazteko eta ulertuak sentitzeko aukera emango dieten harremanak. Entzuteko, beren denbora eskaintzeko eta besteekin benetako harremanak eraikitzeko prest dauden pertsonen ekintzak marka dezake aldea. Alde horretatik, laguntza pertsonalak eta komunitarioak eragin zuzen eta iraunkorra du. Ruedak dioenez, bakardadearen aurkako antidoto sozial gisa jokatzen duen sarea da, interakzioa eta truke emozionala sustatuta.
Ruedaren aburuz, «bakardadea duintasunez eta epaitu gabe tratatu behar dugu, eta estigmatizazioa alde batera utzi behar da». Ez da porrot pertsonal edo ahultasun-seinale balitz bezala ikusi behar: goseak inor lotsatu behar ez lukeen bezala, bakarrik sentitzeak ere ez luke lotsa eragin behar. Zahartzaro on baten sekretua bakardadearekin itun on bat egitea besterik ez da.
Zinema tresna pedagogiko gisa
Bioetika eta zinema elkartzen dituen XVI. jardunaldiaren amaiera eman zuen bakardadearen inguruko hitzaldiak. Maite Estebanek, Barrualde-Galdakaoko ESIan EABko presidente denak, zinema erabiltzearen hautua eztabaida publiko orokorrarentzat hurbilagoa eta biziagoa bihurtzeko modu bat dela arrazoitu zuen: «Zinemak, tresna pedagogiko gisa, dilema etikoak modu atsegin eta gogoetatsuan transmititzea ahalbidetzen du». Irene Lasak, familia-mediku eta ESI berean EABko kide ere badenak, moderatzaile jardun zuen, eta aldarrikatu zuen filmaren proiekzioak eguneroko bizitzan erreparatzen ez diegun errealitateei arreta jartzen laguntzen duela, besteen kontakizunetan errazagoa baita aldatuko genituzkeen egoerak antzematea.