Gure bihotzak gorputza odoleztatzea du funtzio nagusia, baina batzuetan, zenbait arrazoi direla medio zeregin hori behar bezala bete ezin duenean, bihotz-gutxiegitasuna agertzen da. Haritz Arrizabalaga Osakidetzako kardiologoak, Bilbo-Basurtuko ESIko espezialistak, taupada-markagailuak miokardiopatien agerpenean duen eragina aztertu du argitaratu berri duen tesian.
Urtero, ia 43.000 taupada-markagailu konbentzional ipintzen dira Espainian, bihotzaren erritmoari eusten laguntzeko. Hala ere, paziente horien %10-20 inguruk bihotzeko gutxiegitasuna garatzen dute, taupada-markagailuak berak eragindakoa. Arazo horri aurre egiteko, beharrezkoa da gaixotasuna garatzeko arrisku handiagoa duten pertsonak identifikatzeko moduak bilatzea. Arrizabalagaren tesiak helburu praktikoa du: paziente horiek garaiz identifikatzea eta tratamendurik egokiena hautatzea bihotz-gutxiegitasuna saihesteko. Lana ez da soilik teknologikoki interesgarria; euskaraz ere landu du, eta hizkuntza normalizatzeko bidean ekarpena egin.
Zerk bultzatu zintuen estimulazioak eragindako miokardiopatien iragarpena gai daukan tesia ikertzera?
Alde batetik, tesia egin nahi nuen ikerketa zientifiko horretan gaitasunak eskuratu eta trebatzeko. Bestalde, bihotz-taupagailuekin lan egiten duen kardiologoa naizen heinean, nire eremuarekin lotutako zerbaitetan murgildu nahi nuen, pazienteei onura bat ekar liezaiekeelakoan. Baditugu pazienteak taupada markagailuak jarri eta gero bihotz-gutxiegitasuna izeneko gaixotasuna garatzen dutenak. Nahiko larria, astuna eta desatsegina da; orduan, hor erabilera bat eduki zezakeen gai bat ikusi nuen tesi moduan jorratzeko.
Zer proposatzen du tesiak?
Bihotz-gutxiegitasunean zentratzen da; oso modu sinplean esanda, bihotzak gorputza eta bertako organo guztiak behar bezala odoleztatzen ez dituenean pairatzen den gaixotasunean. Kausa asko daude hori gerta dadin, eta horietako bat taupada-markagailuen ondoriozkoa da. Tresna horrek bihotzari elektrizitatea ematen dio; beraz, taupada-markagailua jartzen zaie bihotzeko elektrizitatea galtzen duten pazienteei. Taupada-markagailu bat jartzen dugunean, elektrizitatearen iturria eta kokapena zeharo aldatzen dira, modu ez fisiologiko batean helarazten baita, eta horrek zeharo aldarazten du bihotzak normalean duen uzkurtze ordenatu eta sinkronikoaren dinamika.
Gehienek ondo eramaten dute hori, baina pazienteen % 10-20k bihotz-gutxiegitasuna garatzen dute uzkurtzeko era ezberdin horren ondorioz. Nire tesia arazoak paira ditzaketen horiek identifikatzera bideratuta dago.
Nolako abantailak ekarriko lituzke aurretiazko diagnostikoak?
Elektrokardiogramak aztertu beharra dago. Tesian, aurretiazko elektrokardiograma, taupada-markagailua ezarri ondorengoa eta bien artean dauden desberdintasunak aztertu ditut. Ondorioetan ikusi dut aurreikuspen horretan aldez aurretik pazienteak dakarren elektrokardiograma dela baliotsuena. Beraz, hainbat parametro ikertuta eta beste datu kliniko batzuk erabilita (pazientearen aldez aurretiko egoera edota analitika, besteak beste), aurreikus daiteke nork duten arrisku handiagoa gaixotasuna pairatzeko.
Aurretiaz identifikatuz gero, gaixotasuna ekidin daiteke. Nola?
Taupada-markagailu arrunt bat ipini beharrean beste taupada markagailu bat ezarriz. Badaude taupada markagailu berezi batzuk birsinkronizatzaileak deiturikoak. Ez dizkiogu mundu guztiari eskaintzen, konplikazio gehiago eragin ditzaketelako eta kostu altuagoa dutelako. Ez dira errentagarriak ez pazienteentzat eta ez sistemarako. Baina, bihotz-gutxiegitasuna garatu dezaketen pazienteak hautagai onak izan daitezke markagailu berezi horietarako eta identifikatuz gero, zuzenean arazorik eragingo ez duen bihotz-taupagailu hori plantea daiteke.
Adimen artifiziala ere aipatzen duzu tesian: deep learning-ak zertan lagun dezake?
Elektrokardiograma bat egiten dugunean, normalean azaleko irakurketa errentagarria egiten dugu. Informazio asko ematen du horrek, baina gu nabarmena den horrekin soilik geratzen gara oro har, ez baita errentagarria analisi osoak eta zehatzak egitea. Baina gaur egun adimen artifizialari edo deep learning-ari esker ikusi da elektrokardiogramak digitalizatu eta software bati informazio osoa bidaliz gero, horrek informazio pilo bat maneia dezakeela eta interpretazio pila bat egin ditzakeela, gaixotasunak edukitzeko arriskuaren ingurukoak, adibidez.
Proposatutakoa etorkizunean aplikatzeko modukoa da?
Uste dut zaila dela aplikatzea, nik proposatutako elektrokardiogramen parametroen azterketa nahiko espezifikoa delako eta, ondorioz, denbora eta praktika eskatzen dituelako. Egunerokotasunean oso praktikoak izateko joera dugu, denbora gutxi izaten dugulako; beraz, zuzeneko erabilera txikia izango du. Zorionez, ordea, etorkizunean, elektrokardiogramak digitalizatu egingo dira, eta, gainera, horien interpretazio digitala gero eta hobea izango da, adimen artifizialari esker. Beraz, tesiaren ondorioei aplikagarritasun handia ikusten diet, etorkizunera begira adimen artifizial hori elikatzeko oso interesgarria eta erabilgarria izan daitekeelako.
Euskaraz ere argitaratu duzu tesia, zerk bultzatu zaitu horretara?
Euskaraz eta gaztelaniaz egina dago, bi hizkuntzatara itzulia. Neurez nahiago nuen euskaraz egin, baina defentsarako eta hedapen handiagoa izateko gaztelaniara eginda praktikoagoa da. Dena den, euskaraz hazi eta hezi naiz, eta neure burua euskaraz dago konfiguratua; orduan, nire ama hizkuntza euskara den heinean, nik mundua euskal konfigurazio batetik ikusten dut, horrek dituen inplikazioekin. Eta zientzia ere bai, orduan euskarari nire lan akademikoa euskaraz argitaratzea zor nion, behintzat beste hizkuntzen maila berdinean jartzeko eta ez gutxiesteko. Gaur egun horretarako joera dago, eta ez da justua, ez da etikoa.
Oro har, zientziaren arloan euskarazko lan edota ikerketak ez dira ohikoak; zer ondorio ditu horrek?
Egunerokotasunean hainbat paziente euskaldun artatzen ditugu, eta elkarrizketa soilak izateko euskara erabiltzen dugu, baina, alor teknikoagoak lantzeko garaian, gaztelania aukeratzen du pazienteak, baita guk geuk ere. Hizkuntza teknikorik ez dagoelako gertatzen da hori, ez dagoelako euskaraz hedatuta, eta, beraz, ez da erabiltzen. Orduan, erosoago sentitzen gara gaztelaniara jota. Tesia egitean konturatu naiz hainbat hitz asmatu edota iturri ez-ofizialetan bilatu behar izan ditudala. Hizkera teknikoa izan arren, erabiltzen saiatu behar dugu normalizatuko badugu.