Eiakulazio goiztiarra nahiko zabaldurik dago; askorentzat arazo edo disfuntzio dena erabat normala da beste askorentzat.
«Zakila baginan sartzerako, eginda dago»; «ez dut batere aguantatzen»; «nire bikotekidea arduratuta dago bere eiakulazioarekin; nik ez dut arazorik, baina ez dit sinesten», «nire laguna hain da sutsua, konturatu baino lehen banoa». Mila istorio kontsultan, ikastetxeetan, kalean, lagunen artean… Eiakulazioa, arintasuna, kontrola, satisfazioa, bikotekidea… Denak kontuan hartzekoak. Baina nork definitzen du zer den eiakulazio goiztiarra? Zelan definitu zer den profesional eta gizon-andre askoren ahoan bueltaka dabilen «harri» hori? Nork edo zerk dio non dagoen muga? Zertarako kontrolatu eta zer kontrolatu behar da?
Hona hemen historiak eman dituen sexologo batzuen iritziak:
Magnus Hirschfeldek (1917-1920) arazotzat hartzen zuen, baina inpotentziaren alorrean sartzen zuen; haren ustez, jatorri somatikoa zuen.
Alfred Kinseyek (1948) ahaztuta dagoen gogoeta bat egin zuen: eiakulazioaren jatorri ebolutiboa. Haren ustez, ugaztunen jokaeraz gehiago jakinez gero, hobeto ulertuko genituzke gizakion jokabideak. Ugaztun gehienen artean, arrak zakila sartu eta berehala eiakulatzen du: tximinoak berak, gehienez, hogei segundo baino ez du behar eiakulatzeko.
Mastersen eta Johnsonen (1970) lehenetariko definizioak oraindik izugarrizko indarra du profesionalen artean, baita kalean ere. Haien ustez, gizon batek arazoa eduki dezake bikotekideak ez badu gozatzen harreman koitalen % 50ean. Imajinatu zenbat egongo liratekeen, gehienak. Oraingo hainbat profesionalek badakigu hori ez dela horrela, baina, horrenbestetan entzun dugunez, kontsultara hainbat mutil dator diagnosia eginda.
L.K. Hongek (1984), animaliekin lan eginez, ondorioztatu zuen eiakulazio goiztiarra oso onuragarria zela iraganean, batez ere espeziea garatzeko. Haren esanetan, eiakulazio goiztiarra bakarrik azken urteotan hartu da arazotzat.
Goiztiar-terminoak adierazten du «behar den baino lehenago pasatzen dena». Baina plazeraren eremuan betebeharra erreferente-moduan onartzea ez al da oso ausarta? Eta, hori horrela bada, zelan mugatu ditzakegu azkartasun horren denbora egokiak asetasun desiragarri hori emateko? Beharbada, garrantzitsuena ez da izango denbora, bakoitzak egiten duen asetasunaren ebaluazioa baizik. Hau da, bakoitzak zelan sumatzen duen bere esperientzia bakarrik edo beste neska/mutil batekin dagoenean.
Sexologo asko bat etorri izan gara oso zaila dela definizio eraginkorra ematea, aldagai asko hartu behar direlako kontuan eta emandako definizioetan agerian geratzen direlako kontraesanak eta gabeziak.
Gizon askok, hazia azkar isuri arren, jolas erotikoan integratuta dute hori, eta ez diete sortzen inolako atsekaberik edo erru sentsaziorik, ezta euren bikotekideei ere. Baina bada hainbat mutil eta gizon eiakulazioaren gorabeherak oso gaizki eramaten dituztenak. Autoestimuan eta sexu-identitatean arazoak sor dakizkieke. Zer esanik ez bikote-sisteman.
Beraz, ez diogu inori mesederik egiten disfuntzioaren presioa zabalduz, baina egia da gure esku jartzea garrantzitsua izan daitekeela kasu askotan.
Orduan, jakin dezagun:
- Gure gorputza gure ispilua da. Hark ematen dizkigu arrastoak nondik jo jakiteko. Jasotako plazerek eta gorabeherek ematen dizkigute moduak biderik aberasgarrienetatik ibiltzeko.
- Norberaren gorputza ezagutzeko, denbora behar da, eta, gorputzean gustura egoteko, ere bai. Beraz, ezinbestekoa da gorputzari astia ematea eta entzutea.
- Masturbatzean askotan premiazko helburu bat askatu behar izaten da; besteetan, orgasmoa sentitzea edota loak hartzea. Baina zelan joango da kitzikatzearekin jolasten bagara presiorik edota helbururik gabe? Jolasa bera da helburua.
- Beste batekin elkartzeko eta gozatzeko, denbora behar da. Gure beldurrak, beharrak, lotsak, desioak, grinak eta beste gorpuztu egiten dira. Ez da izaten lan makala hori dena nola bideratu behar den jakitea. Hortaz, ez diezaiogun eskatu horrenbeste geure buruari, biok elkar ezagutzen nahikoa lan dugu eta. Hau ez da fast food kontu bat.
- Gure gorputz osoa da gai plazera emateko eta jasotzeko, ez genitalak edota sarketa bakarrik. Zelan zabaltzen dugu ikerkuntza saila bikote sisteman? Bide berriak edo ahaztutakoak arakatuz.
- Gure bikotekidea ulertzea ez da gutaz ahaztea, eta gure benetako emozioak edo sentimendua alboratzea. Hau da, sentitzen badugu gure bikotekideak arazo bat duela, isiltasunak ez dio lagunduko. Sor dezagun txoko bat gure bizipena luzatzeko.
- Bikote-sisteman gertatzen direnak bikotekide bien artekoak dira. Adibidez, koitoa ez praktikatzea; ez da ez dugulako nahi, bien artean zailtasunak ez agertzeko baizik.
Profesionalak, lagunak, bikotekidea… Prest daude laguntzeko. Baina informazioa betiere zeure baitan dago. Galdetu zeure buruari zer egiten duzun zure benetako desioekin, grinekin, beldurrekin. Horiek ematen dizkigute-eta argitxoak nondik gabiltzan jakiteko!