agenda » maiatza | HARPIDETU BULETINERA

Eguzki barik ere, jai

Agurtzane Ormatza Imatz • SEXOLOGIA

Pentsatzen dugun baino gauza askoz ere gehiago daude gure esku, lekurik bortitzenetan ere, eremurik mugatuenean, askatasun gabeko gizartean ere… Gure esku dago zelako jarrera edukiko dugun edozelako gertaeren inguruan, zelango bidea hartuko dugun… Hartzen dugun bide hori barnekoa eta ikusezina bada ere, gure esku dago. Egoera latzetan zirrikitu bat bilatzen badugu, zelan ez dugu aurkituko, bada, gure egunerokoan.

Udan eguraldiak laguntzen ez bagaitu, eguzkiaren zain gaudenok eta oporraldia Euskal Herrian igaroko dugunok, beharbada, beste plan batzuk egin beharko ditugu.
Antza denez, krisia ere ez da baretuko, eta asko eta asko kalean egongo dira uda honetan, edota kaleratzeko zorian, dirulaguntzak amaituta edota amaitzear… Udan ezin gastaturik.

Antza denez, gure haurrek, urtero bezala, oporrak edukiko dituzte; eta, urtero moduan, lanean ari bagara ere, moldatu egin beharko dugu gure haurrak zainduta egoteko, ez daukagulako sosik inori ordaintzeko edo udalekuetara bidaltzeko.

Antza denez, tirabirak ekarriko dizkigu oporraldirako plangintzak.

Hori jakinda, zer edo zer egin behar dugu, gure kexak irtenbide bihurtzeko.

Hona hemen ideia batzuk:

  • Aupa Etxebeste filma ikusita, mila ideia uda igarotzeko etxetik irten gabe!
  • Liburuak, komikiak, aldizkariak, artikuluak, aspalditik irakurtzeko daukazun hori guztia non dago, bada? Beharbada, uda momentu zoragarria izan daiteke.
  • UEUko ikastaro batean parte hartu, adibidez, zure lanbidearekin zerikusirik ez daukana.
  • Zenbatetan kexatu gara patxadaz lo egiteko astirik ez daukagulako? Arratsalde euritsuak aukera ederra izan daitezke.
  • Umeekin jolasean ibiltzeko zenbait aukera edukiko ditugu, oraingoan euren erara, euren arauekin, gureak albo batera utzita.
  • Joko berriak: hozkailuan dagoenarekin bi platereko bazkariak prestatu.
  • Batek besteari gorputz osoko masaje goxo-goxoa emateko astia topa dezagun… Horrelako masaje batek kontrakturaren bat bigunduko du, eta, aldi berean, gure arteko tentsioak ere bai.
  • Umea goizean goiz iratzartzen baldin bada, ipiniozu filmen bat, eta aprobetxatu lo gehiago egiteko, edo zirri goxoen lurraldean galtzeko; ez altxatu!
  • Ipini kisketa komuneko ateari; bikotekidea etxean dago, eta umeak, zainduta; gozatu bainuaz, masturbatzeaz, kremaz…
  • Askotan gura izan duzu itsas ertzetik egun euritsuetan ibili eta busti, etxera arrapaladan joan eta dutxa bero bat hartu… Zergatik gaur ez?
  • Aspalditik ea afari erromantikoa noiz egingo; zergatik ez gaur? Platerean arrautza frijitu pare bat, mantela ipini, kandelak piztu, apaindu… Eta musuak deserta moduan.
  • Lagunekin adiskidetasunaren loturak sakontzeko garaia izan daiteke; udako jai bat antolatu zure etxean, bakoitzak ekar dezala zer edo zer, musika eta guzti… Ez da Ibiza, baina oso chill out ederra izan daiteke Errekaldeko auzoko 6. solairu hori.
  • Seme-alaben lagunak etxera ekarri, euren pijama gaua egiteko; gurasoak lasai asko egongo dira, eta zuon seme-alabak eta lagunak, pozarren.
  • Edo, bestela, proba egizue seme-alabak lagunen etxean uzten, zuek, iluntzean, ordu gabeko bueltatxo bat emateko.
  • Idatziozu lagunari ohartxo bat, zure desio erotiko bat ezagutarazteko; haren patrikan sartu, eta itxoin.
  • Familiako bakoitzak idatz dezala herrian zenbat gauza dauden ordaindu barik egiteko, udan martxan jartzeko.
  • Antolatu aisialdia lagunen artean, haurrek eta gurasoek ere astia izateko.
  • Errekadutan zoazenean, joan zaitez kulero edo galtzontzillo barik, ea zelan sentitzen zaren.
  • Autoa hartu, eta iluntzeko buelta eman, bikotekidearekin gaztetan ibiltzen zineten moduan… Sasoi batean denetarikoa posible zen, txortan egitea izan ezik.
  • Hurrengo eztabaidan, saiatu zure lagunari arrazoia ematen edo haren lekuan jartzen.
  • Joko bat: aldatu ditzagun rolak, zu ni eta ni zu… Ea zelan.
  • Beste bat: berotu zure bikotekidea, ukitu gabe; ibili egun osoa erotika jokoan, baina batek bestea ukitu gabe.

Gozatu eta gozarazi uda honetan ere!!! Gure esku dago.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other