Osasunaren prebentzioa eta sustapena hobetzeko, «Osasuna zure herrian» jardunaldia egin dute Bilbon. Bertan, Alberto Martinezek azpimarratu du udalek funtsezko zeregina dutela herritarren osasuna sustatzeko eta hobetzeko.
Udalerri txikietan ere badaude egitasmoak osasuna zaindu eta sustatzeko. Herrietako egitasmo horiek ezagutarazteko antolatu dute jardunaldia Osasun Sailak eta Eudelek. Erakunde horietako ordezkariekin batera, Osakidetzako zenbait kidek eta Zanbrana, Soraluze eta Durangoko alkateek ere hartu dute parte. Parte-hartzaileek aukera izan dute udalerrietan osasunaren prebentzioaz eta sustapenaz gogoetatzeko eta zertan ari diren azaltzeko.
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Alberto Martinezek, udalei eskatu die eragile aktiboak izan daitezen osasunaren prebentzioan eta sustapenean, udalek funtsezko zeregina dutela-eta herritarren osasuna sustatu eta hobetzeko: «Euskadin erreferente bihurtu behar dugu, baita osasuna prebenitzeko eta sustatzeko politikan ere. Osasun-baldintzatzaileek eragin handia dute udaletan, eta zuen beharra dugu».
«ERREFERENTE BIHURTU BEHAR DUGU, BAITA OSASUNA PREBENITZEKO ETA SUSTATZEKO POLITIKAN ERE» Alberto Martinez, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua
Eudeleko elkarteburu Esther Apraizek azpimarratu duenez, udalen eskumena da osasun komunitarioa sustatzea, eta, hori gauzatzeko, batera lan egin behar dute Osakidetzarekin eta eskualdeetako ESIekin. «Udal-arduradunok informazioa izan behar dugu gure herri eta hirietan osasuna nola dagoen eta nolako bilakaera izaten ari den», adierazi du, eta positibotzat jo du behatoki bat izatea. Alde horretatik, Euskadiko Osasun Behatokia aurkeztu du Gontzal Tamayok, zuzendaria bera Osasun Saileko Osasun Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren arloan: 135 osasun-eremutan informazioa eta ebidentzia ematen die osasun-sistemari berari, udalei, aldundiei eta gainerako erakundeei. Funtsezko tresna da aipaturiko sustapen- eta prebentzio-lanean. Azterketak eta komunikazioak egiten ditu behatokiak, eta helburu du EAEko herritarren osasuna monitorizatu eta ebaluatzea ekitatearen eta genero-ikuspegiaren arabera. Tamayok azaldu du hori berritasuna dela, «horrelako tresnek normalean ez baitute genero-ikuspegia kontuan hartzen».
Begoña Belarrak, berriz, Osasun Eskola Plus plataforma digital berria aurkeztu ditu. Osakidetzako erizaina da bera, eta Lehen Mailako Arreta Koordinatzeko Zuzendariordetzan dago. Herritarrentzako osasun-eskola dela dio, eta Osakidetzako webgunetik sar daiteke: jendeak informazioa eta tresnak aurkituko ditu bakoitzak bere osasunaren zaintzan inplikatzeko eta erabakiak hartzeko. «Atari horren bertsio berrituak, informazioa eta tresnak eskaintzeaz gain, osasuneko profesionalak aukera izango du zerbait agindu edo edukiren bat adierazteko», azaldu du Belarrak.
Jardunbide egokien hiru kasu
Topaketan, kasu batzuk azaldu dituzte zeinetan jardunbide egokiek arrakasta izan duten herritarren osasuna eta ongizatea udalerrietan sustatzeko. Zanbranako, Durangoko eta Soraluzeko alkateek azaldu dituzte, Osakidetzako profesionalekin eta udaletako teknikariekin batera.
«UDAL-ARDURADUNOK INFORMAZIOA IZAN BEHAR DUGU GURE HERRI ETA HIRIETAN OSASUNA NOLA DAGOEN ETA NOLAKO BILAKAERA IZATEN ARI DEN» Esther Apraiz, Eudeleko elkarteburua
Zanbranan, esaterako, duela urte batzuetatik hona, proiektu kolaboratibo bat garatzen ari dira adinekoentzat, zahartzaroa lantzeko helburuarekin. Programan parte hartzen duten adinekoek jarduera fisikoa eta kognitiboa lantzen dituzte, Zanbranako kontsultategiak aldez aurretik balorazioa egin ondoren. Programaren gaineko azalpenak eman dituzte Amaia Pikazak, Zanbranako kontsultategiko Osakidetzako erizainak, eta Maria Trinidad Zarzak, Arabako Zanbrana udalerriko alkateak.

Soraluzeren kasuan, JendartEKIN proiektua jarri dute martxan. Azalpenak ematen jardun dira Carlos Canga, Lehen Mailako Arretako erizain ondokoa, eta Unai Larreategi, Soraluzeko alkatea. Osakidetzaren eta Soraluzeko udalaren eskutik abiatu dute 55 urtetik gorakoentzako ekimena, bizitza osoko ikaskuntzan eta berdinen arteko prestakuntzan oinarrituta dagoena: prebentzioarekin lotutako hitzaldiak eta tailerrak ematen dituzte; loaren higieneari edo udazkenarekin eta neguarekin lotutako gaixotasunei buruz.
Programa horrez gain, «Mugi Soraluze» proiektua ere jarri dute abian, jarduera fisikoa sustatzeko. Proiektuaren helburu nagusia da osasun-zerbitzuak orientazio-zerbitzura bideratzea, «edozein adinetako pertsona ez-aktibo jarduera fisikoa egitera animatzeko eta beren fisikoa eta ongizate orokorra hobetzeko».

Durangori dagokionez, EDONOLA ikerketa-proiektua aurkeztu dute Mireia Elkoroiribek, Durangoko alkateak, eta Izaskun Zeberiok, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko hematologoak. Linfoma dutenentzat eta immunokimioterapia jasotzen dutenentzat ariketa fisikoak dituen onurak aztertzen ditu proiektuak. 180 lagun inguruk parte hartu dute ekimenean, eta tratamendu eraginkorra ematea da asmoa pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko: bihotz-biriketako gaitasuna ez apaltzea, hauskortasuna saihestea, nekea ez areagotzea…