agenda » ekaina | HARPIDETU BULETINERA

Paseo osasungarriak Arabako Errioxan

Arabako Errioxako ESIko profesionalek eta Bitartean Jolasean erakundeak bideratuta antolatzen ditu Osakidetzak paseoak, astero, Oionen, Bastidan eta Guardian.

Asteazkenero elkartzen dira, 10:00etan, hiru herrietako biztanleak, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako profesionalek jarri dituzten paseo osasungarri horietara: urrian hasi ziren ekimenarekin eta jada 60 paseatzaile baino gehiago batu zaizkie. Ohitura osasungarria hartzeaz gain, herritarrak elkarrekin gehiago sozializatzen dira horrela, eta bakardadea saihesten dute.

Paseoak Osakidetzako hainbat profesionalek bideratzen dituzte; horien artean daude fisioterapeutak, erizainak, medikuak, administratiboak eta farmazeutikoak. Paseoetan ariketa fisikoa egiteaz gain, gai ezberdinen inguruko hitzaldiak ematen dizkiete profesionalek. Bideratzen duen pertsonaren espezialitatearen arabera, bakoitzari egokitzen zaizkion gaiak garatzen dituztez.

Oiongo bizilagunak paseo osasuntsuez gozatzen, azaroan.

Laura Villamarin erizain komunitarioa da Arabako Errioxako ESIan, eta Elena Fernandez, Lehen Mailako Arretako Erizaintzako gainbegiralea. Erizainek pazienteei lagun egiten diete paseoetan, eta ariketa fisikoa egiteaz gain mintzatzeko tartea ere hartzen dutela dio Fernandezek: «Garaian garaiko gaien inguruan hitz egiten dugu. Esaterako, urrian, txertaketaren inguruko informazioa eman genien; neguan, burutik beherakoaren inguruan, eta nola aurre egin horri; Gabonetan, berriz, elikadura osasungarriaren inguruan; eta, orain, uda datorrela, beroaren inguruan hitz egingo diegu». Villamarinek gehitu du paseoetara etortzen direnek ere ateratzen dituztela gaiak, intereseko zeozer baldin badute.

«GERTURATZEN DIRENAK EROSO SENTI DAITEZEN NAHI DUGU»
Amaia Ugarte

Fisioterapiari dagokionez, berriz, Itziar Perez de Mendiola fisioterapeutak azaldu du arlo horretatik, bideratzen dituen paseoetan luzaketak eta ariketa fisikoa egiteaz gain, hainbat gai ere uztartzen dituztela: «Esaterako, senderismoaz eta indarraz hitz egiten dugu, baina baita sarkopeniaz ere, esaterako; hau da, adinarengatik masa muskularra galtzeaz».

Amaia Ugarte esku-hartze komunitarioko teknikaria da Bitartean Jolasean elkartean. Kasu honetan, elkarteak Vital Fundazioarekiko duten lankidetzari esker, proiektuan parte hartu ahal izan du. Euren helburua da jendea elkartzea eta elkarrizketak eta konfiantzazko dinamikak sortzea; alde horretatik, honako hau azpimarratu du: «Gerturatzen direnak eroso senti daitezen nahi dugu». Horretaz gainera, ongizate emozionalarekin zerikusia duten dinamikak egiten dituzte, eta azaldu du hasieran jendea harritu egiten dela, baina gero asko eskertzen dutela.

«KONTSULTATIK ATERATZEN GARA, ETA PAZIENTEAREN BESTE ALDE BAT IKUSTEN DUGU»
Elena Fernandez

Talde-lanaren garrantzia
Iazko udan jarri zuten abian proiektua Arabako Errioxako ESIan, eta Fernandezek azaldu du ezinbesteko izan dela Bitartean Jolasean elkartearen laguntza ekimena aurrera eramateko: «Talde txiki bat gara, gutxi gara. Elkartekoek hasieratik lagundu digute proiektua garatzen, eta haien laguntza funtsezkoa izan da».

Antolatuta izaten dute paseo bakoitza nork bideratuko duen eta zein gai jorratuko dituzten, baina, alde formaletik harago, Fernandezek dio pazientearekin lortzen duten gertutasuna eskertzen dutela gehienbat: «Kontsultatik ateratzen gara, eta pazientearen beste alde bat ikusten dugu. Ez da pazientea eta hark duen patologia soilik; hortik harago doa». Batzuk euren bilobekin joaten dira; beste batzuk, berriz, ibilaldian zehar ikusten dutenaren inguruko anekdotak kontatzen dizkiete. Hain justu ere, horixe baloratzen dute gehienbat profesional hauek.

Balorazio ona
28 paseo baino gehiago bideratu ostean, ona da proiektuaren balorazioa: «Harremanak asko hobetu dira proiektua abiatu denetik. Jendeak esan digu herritar gehiago ezagutu dituztela, eta batzuk hobeto ezagutu dituztela. Oro har, oso pozik daude bizilagunak», azaldu du Ugartek. «Orain dela gutxi, paziente batek kontatu zidan, herritarrek ez zutela elkar agurtzen askotan, eta harremana asko hobetu dela proiektuari esker», gehitu du Villamarinek.

«PROIEKTUARI ESKER, ASKO HOBETU DA HERRITARREN ARTEKO HARREMANA»
Laura Villamarin

Osasun fisikoa hobetzeko hasi ziren paseoak egiten, baina laurak bat datoz ongizate emozionalak pisu handiagoa izaten amaitu duela, denentzat: paseora gerturatzen direnentzat eta paseoak bideratzen dituzten profesionalentzat. «Jendeak harremanak egiteko espazio bat ere bada hau, eta asko baloratzen dute hori pazienteek», dio Fernandezek.

Herritarrak mendian paseoan.

Ongizate emozionalari garrantzirik kendu gabe, osasun fisikoan ere nabaritu dituzte onurak pazienteek; honela azaldu du Villamarinek: «Aurrekoan, paziente batek aipatu zidan lehen egunean minduta zuela gorputzeko atal bat, eta paseoaren ostean ederki asko zegoela. Beraz, onura horiek ere ikusten dira, argi eta garbi».

Ekainaren 11n emango diote amaiera lehen denboraldiari, baina uda ondotik berriz antolatuko dituzte, «herriak hala eskatzen duelako».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other