Osakidetzako Euskara Zerbitzu Korporatiboak eta Ginekologia arloko espezialista talde batek euskarazko eskuliburu bat argitaratu dute, emakumeen arretan lan egiten duten profesionalei euskaraz lan egiteko baliabide erabilgarri eta egoki bat eskaintzeko asmoz.
Euskarak gero eta presentzia handiagoa du esparru askotan, baita Osakidetzan ere. Gero eta langile elebidun gehiago dago, eta askok euskara erabiltzen dute eguneroko lanean. Hala ere, oraindik badira euren burua euskaraz lan egiteko gai ikusten ez dutenak ere. Arrazoiak askotarikoak dira: ohitura falta, ikasketak gaztelaniaz egin izana, lan-giro erdalduna, hitz teknikoekin zailtasunak… Osakidetzako Euskara Zerbitzu Korporatiboak horretarako sortu du Emakumeen arreta izenburuko euskarazko eskuliburua, arlo horretako profesionalek euskaraz lan egiteko berariazko lan-tresna bat eskura izan dezaten, egoera eta adibide konkretuekin, termino egokiekin…
Mikel Mancisidor Osakidetzako ginekologoa (Barrualde-Galdakaoko ESIkoa) izan da eskuliburua sortzeko lantaldean parte hartu duten profesionaletako bat. Ginekologiaren eremuan horrelako gida bat egiteko beharrizana zegoela azpimarratu du: «Badaude holako txosten edo gidaliburu batzuk sortuak beste esparru batzuetarako, Larrialdietarako esate baterako, eta, emakumeen arretan lagungarria izango zen eskuliburua falta zen».
«EMAKUMEEI EUSKARAZ ARRETA ONA EMATEKO LAGUNGARRIA DA ESKULIBURUA»
Bi atal nagusitan banatzen da eskuliburua. Lehenengo atala elkarrizketa bilduma bat da, emakumeen osasun-arretan izan ohi diren egoera komunikatiboak jasotzen dituena: pazienteei gehienbat egiten zaizkien galderak, aldiro ematen zaizkien azalpenak eta gomendioak, ohiko zalantzen erantzunak… Bigarren atalean, berriz, laneko ohiko hiztegia dago, alegia, Ginekologia arloko profesionalek egunerokoan gehien erabiltzen dituzten hitz eta terminoen zerrenda.

Bi atal horiez gain, pazienteekin hizkuntza ofizialak erabiltzeko Osakidetzaren protokoloa ere agertzen da, euskarazko komunikazioa hobetzeko aholkuak eta, azkenik, euskaraz lan egiteko material lagungarria ere.
Argitaratutako eskuliburua emakumeen arretan diharduten bederatzi profesionalek egin dute. Ginekologoek, erizainek eta emaginek osatu dute lantaldea. Haiez gain, Osakidetzako Euskara Zerbitzu Korporatiboko bi teknikari eta Elhuyar aholkularitza enpresako teknikari bat ibili dira koordinazio, dinamizazio eta idazketa lanak egiten.
Sortze prozesuan bi lan-saio egin dira, lanean gehien errepikatzen diren ekintza komunikatiboak identifikatu, garrantzitsuenak aukeratu eta gidoi bat egiteko. Honela azaldu du Mancisidorrek prozesua: «Profesionalok egoera komunikatiboak landu genituen, bakoitzak gehien kontrolatzen dugun esparrukoak. Nik, adibidez, menopausiaren inguruko egoera komunikatiboak idatzi nituen, eta nire lankideek sexu-erasoen ingurukoak. Denak ezin hautatu eta, beraz, ohikoenak izan daitezkeen kasuak aukeratu genituen». Ondoren, Elhuyarreko teknikariak gure proposamenak bateratu, laburtu eta zirriborroak prestatu zituen, azken bertsioa denon artean adosteko».
«ZALANTZAK ARGITZEKO, TERMINO EGOKIAK ERABILTZEKO TRESNA BALIAGARRIA DA»
Dagoeneko 14 eskuliburu argitaratuta, eta haien gaineko prestakuntza-eskaintza martxan
Egundaino, Euskara Zerbitzu Korporatiboak hamalau eskuliburu argitaratu ditu orotara, urtean bi. Azkenak, Emakumeen arreta eta Etxeko ospitalizazioa izan dira. Gainera, 2025eko udaberrian, eskuliburuetan oinarritutako berariazko ikastaroak eskaintzen hasi dira Prestakuntza Zerbitzu Korporatiboarekin batera. Lehenengo deialdian lau ikastaro eman ziren, Lehen Mailako Arretako profesionalentzat: familia-mediku, pediatra, emagin eta erizainentzat. Bigarren deialdia udazkenean izango da, eta lan-esparru gehiagotara zabalduko da.
Aurrerapauso bat bide luzean
Emakumeen Arreta bezalako euskarazko eskuliburuak oso lagungarriak izan daitezkeela esan du Mancisidorrek: «Zalantzak argitzeko, termino egokiak erabiltzeko tresna baliagarria da». Dena den, aurrearpausoa izan arren, euskara normalizatzeko bidea luzea dela aitortzen du, eta laguntza eta prestakuntza gehiago behar dutela «kontsulta bat, osorik, euskara zuzenean aurrera eramateko». Gainera, «eskuliburuan egoera jakinak aipatzen dira, elkarrizketak…, baina horiek gutxi batzuk baino ez dira, bestelako egoerak eta hamaika gorabehera sor baitaitezke kontsultan». Horregatik, Mancisidorrek eta Emakumeen arreta eskuliburuan parte hartu duen Nahia Aia ginekologoa lanean ari dira kontsultetako beste esparru garrantzitsu batean euskararen erabilera bultzatzeko: historia klinikoa. Izan ere, historia klinikoan euskaraz idaztea errazteko aurre-idatziak prestatzen ari dira, Euskara Zerbitzu Korporatiboko itzultzaileen laguntzaz. Ekimen interesgarria da, Ginekologiaz gain beste espezialitate guztietara zabaltzen hasi beharko litzatekeena.