Arnas-aparatuaren erdi-mailako zainketa unitateetan (AEZUetan), ospitaleratutako pazienteen hilkortasunean eta pronostikoan eragiten duten faktoreak aztertu ditu Txomin Zabalak bere tesian. Osakidetzako pneumologoa da Galdakao-Usansolo Unibertsitate Ospitalean, kanpo-kontsultak egiteaz gain, bertako AEZUan egiten du lan. Hori izan da ikerketaren ardatz nagusia, eta ikerketak erakutsi du posible dela pazienteen bilakaera aurreikustea zenbait aldagai kliniko aztertuz.
2006. urtean sortu zen Osakidetzako lehenengo Arnas Aparatuaren Erdi Mailako Zainketa Unitatea (AEZU) Galdakao-Usansolo Unibertsitate Ospitalean. Tesiaren bidez, Txomin Zabalak azterketa sakona egin du unitate indartzeko tresna gisa. Gainera, euskaraz idatzi eta defendatutako tesia da, arlo horretan oraindik oso urria den zerbait, eta medikuntzako terminologia zientifikoa euskaraz garatzeko urrats garrantzitsua izan da.
Zer dira arnas aparatuaren erdi-mailako zainketa-unitateak eta zergatik dira horren garrantzitsuak?
Arnas patologia larriak dituzten pazienteak artatzeko eremu espezializatuak dira AEZUak, erdi-mailako zainketa-unitateak; ospitalizazio arruntaren eta ZIU Zainketa Intentsiboko Unitatearen tarteko eremuak dira logistikoki. Unitate horietan, monitorizazioa edo arnas euskarri ez-inbaditzaile bat behar duten pazienteak artatzen dira; esaterako: aireztapen mekaniko ez-inbaditzailea eta sudur-kanularen bidezko fluxu altuko oxigenoa behar dutenak. Unitate hauek existituko ez balira, ZIUan egongo lirateke pazienteak; beraz, AEZUAk garrantzitsuak dira, pazienteek zainketa espezializatu bat izatea ahalbidetzen dutelako, familiartekoen bisita zabalagoak, pribatutasun handiagoa, inguru atseginagoa eta aurrezpen ekonomikoa.
Osakidetzan, Galdakaoko AEZUa izan zen lehenengoa, 2006. urtean, eta bakarra izan da ia pandemia garai arte. Orain, Covid-19aren ondorioz, gehiago dira, garai horretan ZIUak ez kolapsatzea eragin baitzuten. Gaur egun, badira beste zenbait ospitaletan ere; esaterako, Gurutzetan, Txagorritxun eta Basurtun.
Tesiaren abiapuntua izan da unitate horien inguruan ez zegoela informazio nahikorik. Zer hutsune ikusi zenuen, eta zer ikertzea erabaki zenuen?
Unitate horien sorrera askotarikoa eta heterogeneoa izan da mundu osoko osasun-sistemetan. Ez dago AEZU estandarizaturik. Kontrara, ZIU baten inguruan hitz eginez gero, adibidez, jakina da zer den eta nolako azpiegiturak dituen, baina, AEZUen kasuan, askotarikoa da. Beraz, informazio gutxi dagoenez eta Galdakaoko kasua aitzindaria izan denez Espainiako Estatuan, gaia ikertu nahi izan dugu aprobetxatuz guk informazio nahikotxo geneukala eta hori azter genezakeela.
«ALDE BATETIK, PAZIENTEEN HILKORTASUNA AZTERTU DUGU, ETA HILKORTASUN HORI AURRESAN DEZAKETEN FAKTOREAK BILATZEN JARRI DUGU FOKUA TESIAN BATEZ ERE»
Azterketa deskribatzaile bat egin dugu ospitalizazio mota horretan hamar urtez izan den hilkortasun tasaren eta pronostikoaren gainean. Alde batetik, pazienteen iraupenarekin lotutako faktore nagusiak identifikatu ditugu eta, beste alde batetik, AEZUen jardunaren garrantzia azpimarratu dugu, osasun-sistemaren efizientziaren eta kalitatearen aldetik.
Zein izan dira aurkikuntza nagusiak?
Alde batetik, pazienteen hilkortasuna aztertu dugu, eta hilkortasun hori aurresan dezaketen faktoreak bilatzen jarri dugu fokua tesian batez ere. Paziente bat AEZUan ospitaleratzen denean bere bilakaera edo pronostikoa txarragoa izango dela iragar dezakeen aldagairik ba ote dagoen ikertu dugu. Aldagaiak izan daitezke pazientearen oinarrizko egoerari buruzkoak, analitikan edo bizi-konstanteetan detektatutakoak. Ikerketan hamaika aldagai ikusi ditugu, bilakaera txarra izan daitekeela aurreikus dezaketenak. Horiek identifikatuta, zentra gaitezke tratamendu zorrotzago bat eta monitorizazio jakin bat jartzen, eta zerbait egin hilkortasun edota pronostiko txar hori ekiditeko.
Beste alde batetik, aztertu ditugu Galdakaoko AEZUan 10 urtez ospitaleratutako pazienteen ezaugarriak. Azterketa deskribatzaile bat egin dugu pazienteen ezaugarriak kontuan izanik (ezaugarri klinikoak, generoa…).
Azkenik, azpi-analisi bat egin dugu aztertuz ea larrialdietara doazen pazienteen pronostikoa txarragoa den AEZUan ospitaleratzean atzerapenak gertatzen direnean. Ikusi dugu baietz, eta horrek fokua jartzen du unitate horien garrantzian; izan ere, bertan dauden pazienteak monitorizatuta eta tratamendu espezifikoa jasotzen ari direnez, horrek onurak dakartza haien bilakaeran.
Ikerketa egin ondoren, zure aburuz, zer aldatu beharko litzateke AEZUetan?
Tesia egiteko orduan konturatu gara ez dagoela arnas-aparatuaren erdi-mailako zainketa unitateetan estandarizazio bat ezaugarri eta azpiegituren aldetik; beraz, nahiz eta tesiaren ondorio zientifiko bat ez izan, uste dugu ona litzakeela estandarizazio bat lortzea. Osakidetza-mailan beste AEZU batzuekin kontaktuan jartzen hasi gara, guztiok antzeko lana egiteko.
Bestalde, arlo zientifikoan, eskala bat garatu daiteke hilkortasuna aurresan dezaketen aldagaiekin, eta larrialdietan edota ospitaleratzekoan aplikatu. Horrela, paziente bat ospitaleratzen denean parametro horiek neurtuta, larritasun edo pronostikoa sailka genezake, eta horren arabera erabaki ZIUra, AEZUra edota ospitalizazio arruntera bidali beharra dagoen. Azken finean, eskala horrek arnas-patologia larria duten pazienteen larritasuna sailkatzeko balio dezake eta eskala garatzeko bidean gaude.
Tesia, euskaraz eta gaztelaniaz idatzi, eta euskaraz defendatu duzu. Zerk bultzatu zaitu horretara?
Hautu politikoa izan da. Hasieratik izan nuen euskaraz egiteko ideia, eta garatzeko orduan konturatu naiz ze hiztegi gutxi dagoen medikuntza arloan; hitz batzuk neuk erabaki behar izan ditut, Euskaltzaindiak edo Elhuyarrek ez zituztelako jasota. Beraz, hori ikusirik erabaki nuen ekarpena egingo niola euskarari zientzia eta medikuntza arloan. Gainera, gaur egun dena digitalizatuta dagoenez, sarean egon daiteke, eta, bi hizkuntzatan idatzita dagoen heinean, erraza da terminoak nola euskaratu ditudan identifikatzea.
Zer esango zenieke beste osasun-profesionalei edo ikertzaileei euskaraz ikertzera animatzeko?
Uste dut erakundeetatik, euskararen sustapenean pauso gehiago eman beharko liratekeela gure arloan; gainera, euskaldunak garenok egin dezakegu ahalegin bat, eta medikuntza euskaraz egin. Horrela, euskaraz bizi ahalko dugu gure ofizioa bai pazienteekiko eta bai profesionalon artean. Esate baterako, Galdakaoko Ospitalea oso euskalduna da, eta pazienteekin askotan egiten dugu euskaraz, baina, tamalez, profesionalen artean termino medikoak beti ehuneko ehunean gaztelaniaz erabiltzen ditugu. Beraz, jendea euskara teknikoa erabiltzen hastera animatu nahiko nuke, zaila den arren, saiatzera; guk ahalegin hori eginda lortuko dugu pixkanaka medikuntza euskaratzea.




