agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

“Pausoz pauso, haurrak seguruago”

Iker Martin • Erizaina

Haurren Checklist Kirurgikoaren proiektua jada martxan jarri da Osakidetzako ospitale guztietan, haur pazienteen segurtasuna eta arreta klinikoaren kalitatea hobetzeko helburuarekin. Ekimen horrek oinarri du ideia sinple baina eraginkor bat: ebakuntza kirurgikoetan parte hartzen duten profesional guztiek urrats jakin batzuei jarraitzea, prozedura bakoitzaren aurretik, bitartean eta ondoren, funtsezko datuak eta segurtasun neurriak egiaztatzeko. Horri esker, gerta daitezkeen akatsak eta arriskuak saihestu nahi dira, eta koordinazioa sendotu medikuen, erizainen, anestesisten eta gainerako langileen artean.

Nazioarteko praktikak eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatutako segurtasun-protokoloetan inspiratuta dago proiektua, baina haurren arreta bereziaren beharretara egokituta. «Haurrak ez dira helduen ‘bertsio txikiak’: haien egoera fisiko, emozional eta komunikatiboak arreta berezia eskatzen du», adierazi du Iker Martin Osakidetza Donostiako Unibertsitate Ospitaleko erizain eta proiektuko koordinatzaileak. Horregatik, Haurren Checklist Kirurgikoa tresna egokitua eta malgua da, adin-tarte bakoitzaren errealitatea kontuan hartzen duena.

Gainera, ekimen horrek ez du soilik osasun-profesionalen lana errazten; familiei ere lasaitasuna eta konfiantza ematen die, jakinik euren seme-alaben ebakuntza prozesua protokolo zorrotz baten arabera egiten dela. Haurren Checklist Kirurgikoa, beraz, urrats garrantzitsua da, pazienteen segurtasuna lehenesten baitu osasun-arretaren etengabeko hobekuntzaren mesedetan.

Zer da Haurrentzako Checklist Kirurgikoa?
Kontrol-zerrenda bat da, balio duena interbentzio kirurgikoen segurtasuna hobetzeko eta saihestu daitezkeen gertaera kaltegarriak murrizteko. Galdetegi bat da, funtsean, segurtasun arloko galderak dakartzana kirurgiaren aurretik, bitartean eta ondoren betetzeko. Galderak tutoreen edo gurasoen aurrean egiten zaizkie pazienteei. Horrela, paziente pediatrikoak ez badira gai horietako galdera bati bere kabuz erantzuteko, tutoreek erantzun dezakete.

«GALDETEGI BAT DA, FUNTSEAN, SEGURTASUN ARLOKO GALDERAK DAKARTZANA KIRURGIAREN AURRETIK, BITARTEAN ETA ONDOREN BETETZEKO.»

Nolako ekarpena egiten du kontrol-zerrendak ebakuntzetan?
Ebakuntza-gelara sartu aurretik, kirurgia-taldeko kide guztiak tutore eta pazientearekin biltzen gara, eta segurtasun-galdetegi horretan parte hartzen dugu. Ebakuntzaren zonaldea markatzen dugu , pazientea osasun-egoera optimoan dagoela ziurtatu, eta ohiko medikazioa hartzeari buruzko kontsulta egiten diogu. Halaber, azken 15 egunetan, aho-hortzak eta arnas bideak nola izan dituen galdetzen dugu, anestesia prozesuan arazorik ez izateko. Neurri horiei esker, kirurgian saihestu daitezkeen arriskuak murrizten ditugu, baina, horrez gain, arretaren kalitatea hobetzen dugu, talde kirurgikoko kideak ezagutzeak lasaitasuna ematen baitie pazienteei eta haien tutoreei.

Zergatik eta nola garatu da proiektu hau?
Paziente pediatrikoak, dituen ezaugarriengatik, arrisku potentzial eta gaitasun jakin batzuk ditu helduekin alderatuz. Gure egunerokoan erabiltzen genituen zenbait tresna helduentzat prestatuta zeudela ohartu ginen. Hala, ebakuntza-gelan urteak eman dituen Osakidetzako profesional-talde batek erabaki genuen tresna bat sortzea, pediatriako biztanleriara egokituko zena. Horrela sortu zen Haurrentzako Checklist Kirurgikoaren ideia.

Noiz sortu zen?
Haurren Checklist Kirurgikoaren proiektua Donostialdeko ESIan hasi zen garatzen 2017an. Bertan, Donostiako Unibertsitate Ospitalera egokitutako kontrol-zerrenda bat sortu zen 2019an, Osakidetza osora zabaltzeko asmoz. Urte askotako lanaren ondoren, aurtengo abuztuan sare osoan ezarri da, eta, gaur egun, Osakidetzan egiten diren 14 urtetik beherako pazienteen ebakuntza guztietan erabiltzen da.

Nork parte hartu zuten proiektua sortzeko fasean?
Talde kirurgikoko ordezkariek parte hartu genuen: anestesistek, zirujauek eta erizainek. Diziplina anitzeko talde bat sortu genuen: Donostialdeko ESIko eta Ezkerraldea Enkarterri-Gurutzetako ESIko profesionalek, pediatriako bloke kirurgiko espezifiko bat duten Osakidetzako bi zentroek eta kirurgia pediatrikoko espezialitateek osatua. Bottom up proiektu baten barruan, Osasun Saileko Biogipuzkoa Osasun Ikerketarako Institutuarekin lankidetzan, ikerketa multizentriko bat egin genuen gure tresnaren eraginkortasuna erakutsi zuena. Lortutako emaitzak Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzari aurkeztu ondoren, horiek sare osoan erabiltzea erabaki zen.

Zein dira proiektuaren onuradunak?
Alde batetik, gure osasun-sistema da onuradunetako bat oro har, segurtasun-arriskuak gutxitzen baitira eta, aldi berean, erabiltzaileek hautematen duten kalitatea handitu egiten baita. Bestalde, profesionalen segurtasuna areagotzen da, tresna hau berariaz baliozkotua eta sortua baita Pediatriaren arloan dihardutenentzat. Eta, azkenik, eta garrantzitsuena, gure haurrak dira onuradun nagusiak, ahultasun-une batean babesten baititugu gure zaintzekin.

Zer-nolako arriskuak identifikatu dituzue, eta nolako neurriak pentsatu dira horiek arintzeko?
Ikerketaren emaitzek erakutsi zuten askotan paziente pediatrikoa ez zela gai segurtasun-galderei erantzuteko ebakuntza-gelara sartu aurretik. Gurasoekin sartzean arrisku hori murrizten dugu. Gainera, lehen azaldu dudan bezala, pediatriako populazioaren berariazko arriskuak kontrol-zerrendan txertatzeak (hortzen mugikortasuna, arnas sintomak, ohiko medikazioa hartzea…), modua ematen du bestelako kontrol-zerrenda unibertsalek pediatriako populazioan detektatzen ez dituzten arrisku potentzialak detektatzeko.

Asmorik bada proiektua beste eremu batzuetan zabaltzeko?
Gaur egun, tresna eta funtzionalitatea hedatzeko lanean ari gara, baina ari gara hala berean aztertzen proiektua nola hedatu Osasun Sistema Nazionaleko beste ospitale batzuetara. Gainera, gure ustez, zabaldu daiteke kontrol-zerrenda kirurgia esparrutik kanpoko beste eremu batzuetara ere. Paziente pediatrikoek parte hartzen duten eta ekintza anestesikoak edo prozedura inbaditzaileak egin behar diren kasuetara, adibidez. Garrantzitsuena da kontuan izatea gure lanaren helburua: ahultasunean dauden haurrak babestea eta zaintzea. Gure ospitaleetatik pasatzea izan dadila haientzat eta familientzat ahalik esperientziarik atseginena.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other