Gure inguruan, etxeak dakartzan lanei buruz amaigabeko elkarrizketak, bakarrizketak, solasaldiak eta ika-mikak entzun izan ditugu, eta, sarri, parte-hartzaileak ere izan gara.
Gure kontsultetan, gure bikote-tailerretan, emakumeekin egiten ditugun lanetan une oro agertzen da gai hori, gehienetan izugarrizko haserreak ekartzen dituelako familian eta bikotekideen artean. Denak ere gaia bideratu nahian dabiltza, irtenbidea bilatzea ez baita izaten bide samurra.
Etxean bizi garenean, gurasoek sarri etxeko lanei dagozkien arauak ezartzen dituzte. Eurek bideratzen dituzte etxeko beharrak, eta seme-alabei ezartzen dizkigute ardurak. Hor hasten dira norberaren lehen ika-mikak eta desadostasunak gurasoen kontra. Baita seme-alaben artean ere haserrea pizten da desberdintasunak nabariak direla sentitzen dutenean. Ez da lan erraza.
Etxetik kanpora bizitzera goazenean, normalean lehen astean ezartzen dituzte etxekideek etxeko arauak, eta, horren barruan, etxeko lanei dagozkienak. Hori ere ez da izaten lan erreza, eta sarri ika-mikak dakartza.
Interesgarria iruditzen zait bikotekidearekin bizitzera goazenean zein gutxitan partekatzen ditugun denbora eta espazioa etxeko lanei dagozkien betebeharretan, norberaren nagikeriari, gurariei, espektatibei, lehentasunei… Jakin badakigunean norberaren familian eta bestelako lagunekin bizi izan denean zelako haserrealdiak ekartzen dituzten
Gehienei ez zaie etxeko lanak egitea gustatzen, gehienei derrigorrezko beharrak iruditzen zaizkie, gehienek ez dute dirurik beste batzuen eskuetan lan hori uzteko, gehienek uste dute tontakeria bat direla eta erraza izango dela bideratzea. Baina esperientziak esaten digu zelako buruko minak, kexuak eta abar dakartzaten.
Zerk ez digu lagunduko ados jartzen?
• Norberak pentsa dezake bere lehentasunak eta moduak hobeak direla bikotekidearenak baino.
• Iskanbilak ez sortzearren, hasieran, bikotekideari uzten dizkiegu kudeaketaren modua eta bidea, norbera ados ez egon arren.
• Batzuetan, ez dugu aintzat hartzen bikotekidearen iritzia.
• Etxeko lanen gaia huskeriatzat hartzen dugu.
• Norberak pentsatzen du ez dagokiola etxeko lanak egitea.
• Norberak uste izaten du bikotekidea etxean dagoelako (gaixoaldian, langabezian, umeak zaintzen-hazten) etxeari dagozkion lan guztiak egin behar dituela.
Zerk lagunduko digu?
• Konturatu behar dugu bakoitzak garbitasunaren eta ordenaren inguruan irizpide batzuk dauzkala.
• Bi pertsona batzen direnean ohikoena izango da gai horri buruz lehentasun desberdinak izatea.
• Negoziazioa lagungarria izango da desberdintasunak samurtzeko eta lana aurrera eramateko.
• Hanka sartzea bidezkoa da.
• Etxeko lana lana da, eta norberaren etxetik kanpora egiten duen lanaren modukoa da.
• Bakoitzak errazago kudeatzen/bideratzen ditu betebehar batzuk beste batzuk baino.
• Adostu behar da bakoitzari gehien eta gutxien gustatzen zaizkion betebeharrak, eta horren arabera bideratu nork zer egin.
• Bikotekideak batzuetan ez daki etxeko gauza batzuk egiten, eta ikaste prozesua behar izango du; beraz, pazientzia.
• Bikotekideak zer edo zer egiten badu bere moduan egingo du; beraz, ez da bidezkoa kritikatzen ibiltzea.
• Inork ez ditu egingo etxeko lanak guk egiten ditugun moduan. Ez dago konparatzerik.
• Etxeko lanen haserrearen atzean bestelako haserreak daude. Etxeko lanei buruz berba egitea errazagoa da.
• Berdintze sistema bat bideratzea ezinbestekoa izango da harremana bera ere leuntzeko. Hau da, askotan ezinezkoa da batek %50 eta lagunak beste horrenbeste betetzea. Baina eraiki daiteke konpentsazio sistema bat.
• Batzuetan, ez da izaten ideia txarra gure poltsikoko zati bat etxeko laguntza jasotzeko ematea. Beste leku batetik kendu behar izango da, baina, beharbada…
Etxeko lana denon lana da, etxea gure habia delako. Zaindu dezagun, beraz, gure etxea, geure burua.




