Osakidetzaren Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean dihardu Ibabe Villalabeitia medikuak, Kirurgia Orokorreko eta Digestio Aparatuko Zerbitzuan, eta aztertu du obesitatearen arloan gastrektomia bertikalaren teknikak nolako emaitzak dakartzan epe luzera, eta zein diren faktore prediktiboak. Emaitza onak lortu dituzte bai pisu galeran baita komorbilitateen hobekuntzan. Paziente askoren kasuan, diabetesa, esaterako, sendatu egin zen, eta, beste batzuenean, hiru-lau farmako behar bazituzten, farmako kopurua jaitsi egin zen.
Obesitatea da gaur egungo osasun-arazo nagusietako bat, eta kirurgia bariatrikoa da erabiltzen diren tratamenduen artean eraginkorrena; zehazki, gastrektomia bertikala da gehien erabiltzen den teknika. Medikuntzako gradua amaitzean hasi zen Villalabeitia gastrektomia bertikala sakonago ikertzen. Zenbait azterlan argitaratuak ditu, eta gaur egun tesia aurkezteko lanean dabil.
Zer da gastrektomia bertikala eta zertan lagundu dezake?
Gastrektomia bertikala gaur egun gehien erabiltzen den teknika bariatrikoa da, eta izaera murriztailea du. Urdailak izatez zahato baten itxura du, eta teknika horren bitartez, hodi moduko forma estu batera murrizten da, urdailaren zatirik handiena kenduz. Obesitatea duten pazienteetan egiten da, ikusi baita kirurgia dela gaur egun obesitatea tratatzeko epe luzerako tratamendurik eraginkorrena, nahiz eta azkenaldian farmako berriak eta bestelako tratamenduak agertu diren. Gastrektomia bertikala teknika eraginkorra da, konplikazio-tasa txikia du eta ez du digestio-aparatuaren anatomia nabarmen aldatzen. Horrek aukera ematen du, pazienteak etorkizunean bigarren interbentzio kirurgiko bat behar izanez gero, beste teknika kirurgiko batzuk aplikatzeko.
2017an, obesitatean eta kirurgia bariatrikoan jarri zenuen fokua gradu-amaierako lanean. Zergatik erabaki zenuen gai hori lantzea?
Medikuntzako bosgarren urtea amaitu ondoren, graduko azken urtean, kirurgia orokorraren bidea hartu nuen. Irakasle on bat izan nuen, eta banekien gradu-amaierakoa berarekin egin nahi nuela; hala, harengana jo, eta aipatu zidan zein gai jorratzen zituen berak eta nolako kirurgiak egiten zituen. Kirurgia bariatrikoan espezializatuta zegoen, eta nik momentu horretan ez nekien asko horren inguruan. Uda horretan, gaiarekin zerikusia zuten irakurraldiak egin nituen, eta, interesgarria iruditu zitzaidanez, kurtsoa hasi zenean, bide horri ekitea erabaki nuen. Azken batean, irakasleak sartu ninduen mundu honetan, gradu-amaierakoa honi buruz egitea ez espero arren.
«Gastrektomia bertikala obesitate morbidoan, sindrome metabolikoan duen eragina» jarri diozu izena lanari. Zertan datza, eta nolako emaitzak lortu nahi zenituen?
Laburrean esanda, ikusi genuen obesitatea duten pazienteek beste patologia asko dituztela, hala nola diabetesa, hipertentsioa, kolesterola, sindrome metabolikoa… Hori aintzat harturik, gure helburua zen kirurgia egin eta epe laburrera ikustea nolakoak ziren emaitzak bai pisuaren galeran bai patologia horien hobekuntzan eta sendakuntzan. Eta emaitzak, bai pisu galerari eta bai komorbilitateari zegokienez, hau da, diabetesa, hipertentsioa, kolesterola, loaren apnea buxatzailearen sindromea, oso onak izan ziren. Hala ere, interesgarriena izan zen emaitza horiek luzera begira aztertzea; eta, hala, beste zenbait lan egin ditugu geroztik.
Medikuntzako gradua amaitu ondoren, MIR azterketa prestatu nuen, eta kirurgia gogokoa izanik, aukera izan nuen ikasketak egin nituen ospitalean bertan espezialitatea hasteko. Zortea izan dut, espezialitatea ospitale berean egiteak ikerketarekin aurrera jarraitzeko aukera eman baitzigun.
Horrela hasi zineten, beraz, bigarren ikerketan pazienteen 2011-2020 arteko emaitzak aztertzen.
Berriz ere tutorearekin elkartu nintzen, kirurgian jada egoiliar nengoenean, erabaki genuen aurretiazko lanaren azterketa 3 urtera eta 5 urtera luzatzea eta paziente kopurua bikoiztea. Emaitzak esanguratsuak izan ziren, eta publikatu egin genuen IFSOk (International Federation for the Surgery and Other Therapies for Obesity) antolatutako mundu-mailako kongresu batean.
Nolako emaitzak ekarri ditu bigarren ikerketa horrek?
Bost urtera, epe laburreko emaitzak bermatu genituen: bai pisuaren portzentajea eta bai komorbilitatearen hobekuntza. Paziente askoren kasuan, diabetesa, esaterako, sendatu egin zen, eta, beste batzuenean, hiru-lau farmako behar bazituzten adibidez, bakarrarekin gelditu ziren. Emaitza horiek hainbat kongresutan aurkeztuta, beste arlo batzuk landu ditugu geroztik.
«KIRURGIAREN ARLOA OSO GOGOKOA DUT ORO HAR, ETA GEHIENBAT HORI LANDU, IRAKURRI ETA IKERTU DUT. BERAZ, HORI DA MOMENTU HONETAN INTERES GEHIEN SORTZEN DIDANA; ZENBAT ETA GEHIAGO IKERTU, ORDUAN ETA GEHIAGO GUSTATZEN ZAIT»
Ospitalean, beste irakasle eta ikasle batzuekin eta gradu-amaierako beste lan batzuekin kontrastatuz, nabaritu genuen emaitzak ez zirela berdinak paziente guztietan. Konturatu ginen ez zirela hain onak emakume zaurgarrietan, maila sozioekonomiko apala zutenengan… Beraz, faktore biopsikosozialek zuten eragina aztertu genuen. Gure helburua izan zen nomograma prediktibo bat egitea, test moduko bat, pazienteei kirurgia egin baino lehen kontsultan pasatzeko. Horrela, kalkula daiteke kirurgiak porrota izateko zenbateko arriskua duen, eta horren araberako jarraipen zehatzagoa egin, paziente bakoitzera moldatuta.
Duela urtebete argitaratu zenuten lana, zertan ari zarete orain?
Emaitza horiek berretsi eta estrapolatzeko, ikerketa multizentrikoa egin beharko genuke, baina oraingoz ez gara hasi, beste ikerketa-arlo batzuk ditugulako aldi berean. Besteak beste, COVID-19 pandemiaren inguruan operatutako pazienteetan egoerak nola eragin zuen aztertzen gabiltza, esaterako. Horrez gain, kirurgia egin zaien pazienteek luzera gastu ekonomiko txikiagoa eragiten dutela ikusi da; beraz, etekin ekonomikoa ere aztergai dugu. Adar bat baino gehiago lantzen dihardugu.
Ikerketa asko argitaratu dituzu, beti gai horren inguruan?
Bai, kirurgiaren arloa oso gogokoa dut oro har, eta gehienbat hori landu, irakurri eta ikertu dut. Beraz, hori da momentu honetan interes gehien sortzen didana; zenbat eta gehiago ikertu, orduan eta gehiago gustatzen zait. Hala ere, ateak beti irekita ditut beste arlo eta gai batzuk jorratzeko.
Gainera, pazienteek asko eskertzen dute euren gaixotasuna ikertzea. Nahiz eta obesitatea gaixotasun gisa aitortua izan, 1948tik OMEren arabera, gaur egun oraindik estigma sozial handia dago, eta populazio zabal batek ez du gaixotasun bezala ulertzen. Horregatik, paziente asko baztertuak edo gaizki ulertuak sentitzen dira. Oso garrantzitsua da obesitatea gaixotasun bezala ikertzea eta kirurgiaren bidez irtenbide bat izan dezaketela erakustea.
Osasunaldiko 4. jardunaldian parte hartu duzu, gradu-amaierako lanak ikusgarriago egitea helburu duen egitasmoan, OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak antolatuta. Nola erabaki zenuen jardunaldietan parte hartzea?
Gradu-amaierakoa aurkeztu nuen, eta hortik ateratako beste lan eta artikulu batzuk ere aurkeztu nituen, ikasleek ikus zezaten gradu-amaierako lan bat unibertsitateko lan bat baino gehiago izan daitekeela eta posible dela ikerketa baten hasiera izatea. Nire tesiko zuzendaria EHUko irakaslea da, eta unibertsitatetik gonbidapen bat jaso genuen. Oro har, urtez urteko lanak aurkezten dira, baina nire aurkezpenaren helburua bestelakoa zen: erakutsi nahi izan dut gradu-amaierako lan batetik hasita ikerketa-lerro ugari sor daitezkeela eta tesi bat egiteko aukera ere badagoela.
Gonbidapena jaso nuenean, asko poztu nintzen batez ere ikasleak animatzeko modua ikusi nuelako. Gogoratzen naiz gradu-amaierakoa egin nuenean nire orduko tutoreak esan zidala lan honekin jarraituz gero, urte batzuetara tesia egiteko aukera izango nuela; ikasle zabiltzanean, ohikoa da pentsatzea hori ezinezkoa dela eta zortea duten pribilegiatu batzuek soilik lortzen dutela. Eta, azken batean, horixe transmititu nahi izan diet ikasleei: ikerketaren mundua bateratu daiteke gure eguneroko lan asistentzialarekin, eta, gainera, lortutako emaitzak pazienteentzako lagungarriak dira, gure eguneroko aktibitate klinikoan asistentzia hobea eskaintzen baitugu.




