agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Ikuztegia, ospitaleek funtzionatzeko ezinbesteko zerbitzua

Sei tona inguru garbitzen dira egunero Osakidetzako Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitaleko ikuztegian. 06:45etik 21:00etara, etengabe arropa zikina garbi bihurtzen du 40 pertsona inguruko talde batek desinfekzio kimikoaren bitartez: langileen uniformeak, ohe-arropak, kirofanoko pijamak, kamisoiak… Galdakao, Urduliz eta Gernikako ospitaleen lentzeriaz arduratzen da Osakidetzako zerbitzu hau.

Ez dago atsedenik ikuztegian. Etengabe pilatzen da arropa zikina ospitaleko zakuetan: izarak, ohe-atorrak, langileen uniformeak… Guztiak ospitaleak martxan jarrai dezan beharrezko elementuak eta, beraz, garbigailu industrialek atsedenik gabe biratzen dute eraikinaren harrerako solairuan. «Guk arropa guztia kontaminatua balego bezala tratatzen dugu, ez dago errore marjinarik», dio Mari Carmen Duran zerbitzuko arduradunak. «Sartzen den guztia zikina da, eta ateratzen den guztia garbi eta kimikoki desinfektatua egoten da».

Izan ere, bi eremutan banatuta dago ikuztegia: arropa zikina jasotzen den gunea eta arropa garbia ateratzen dena. Bi aldeen artean banaketa zorrotza dago. Sarbideak eta langileen mugimenduak kontrolatuta daude kutsadura gurutzaturik ez izateko.

Prozesu luzea eta eskulan handikoa
Zakuetan eta kaiola metalikoetan iristen da arropa zikina ikuztegira logeletatik, kirofanotik edota sukaldetik. Ezer baino lehen, zakuak pisatu egin behar dira; ondoren, 200 kilogramoko lau garbigailuetan sartzeko. Arropa ez da eskuz bereizten, zikin dagoen bitartean: zakutik sokaren korapiloa askatu eta zuzenean sartzen da. Horrek langileen segurtasuna bermatzen du.

«Ikuzmakinak bete eta garbiketa-zikloa egiten denean, eskuz atera behar dugu arropa guztia eta sailka banandu» dio arduradunak. Arropa garbiaren esparruan, orga handietatik bikoteka atera eta eskuz sailkatzen dituzte arropak; arropa laua alde batetik, eskuoihalak eta kamisoiak beste alde batetik eta mantak, ohe-estalkiak, zorroak eta beste azkenik. Ezinbestekoa da mota bakoitzarekin zabalik eta luzatuta pila desberdinak egitea, anabasarik ez eratzeko. Bananduta dagoenean, berriz, oraindik bustita daudela, automatikoki tolesten dira lisatu-makinen bidez. Baina tapakiak, zakuak eta ohe-atorrak, esaterako, lehorgailuetan sartzen dira, lehenik, eta toleste-makina automatikoetan, gero.

«ESKAERA HANDIA DENEAN, MAKINAREN LANA ESKUZ EGITEN DUGU PROZESUA AZKARTZEKO»

Hala ere, mendia handiegia denean, eskuek makinak ordezten dituzte berriro. «Prozesu luzea da eta eskulan asko behar izaten da arropak alde batetik bestera mugitu, zabaldu eta makinetan sartzeko. Eskaera handia denean, makinaren lana eskuz egiten dugu prozesua azkartzeko», dio Mari Carmenek.

Arropa laua eta arropa formaduna: bi mundu bereizi
Ikuztegian bi arropa mota nagusi bereizten dira: arropa laua eta arropa formaduna. Lehenengoan, oheko arropak sartzen dira: izarak, toallak, koltxak… Arropa formadunak, berriz, ospitaleko langileen uniformeak dira: kasakak, galtzak, txabusinak, bai eta ebakuntza-geletako jantziak ere. Hauek banaketa- eta kontrol-sistema digitalizatu baten bidez kudeatzen dira, garbiketa- eta banaketa-prozesu bereizietan. Uniforme bakoitzak txip bat dauka, noiz garbitzera botatzen den, noiz jasotzen den eta norena den jakiteko. Langile bakoitzaren txartelarekin lotuta dago. «Ez baduzu botatzen uniformea garbitzera, ezin duzu beste garbi bat hartu», dio Duranek.

Mari Carmen Duran, Ikuztegi Zerbitzuko arduraduna.

Gaur egun, duela urte batzuk baino askoz automatizatuagoa dago lana. Cristina Eguileor arduratzen da arropa formadunaz, eta argi du lisatu-tunelak, esaterako, abantaila asko ekarri dituela: «Lehen, lisatuko bazen, beharrezkoa zen manikiei kasakak banan-banan jantzi eta lotzea; orain, ordea, makina berriari esker, pertxan eskegi eta bata bestearen ondoren tunelean eskegi behar dira soilik». Askoz azkarragoa da.

Solairuetara banatzea
Banatzea da lanaren bigarren partea: arropa garbia ospitaleko solairu guztietara eramaten dute goizero bi langilek. Arropa formaduna beheko solairuko arropa-karruseletara eramaten da, eta langileek goizero jaso dezakete uniforme txipduna txartelarekin.

Ebakuntza geletan, ordea, arropa-mugimendua ohikoagoa izaten denez, armairu automatizatuak dituzte, eta identifikazio-txartelarekin jaso ditzakete hor ere jantziak.

Galdakao-Usansoloko, Gernika-Lumoko eta Urdulizko Alfredo Espinosa ospitaleetako arropa garbitu eta banantzeaz gainera, Barrualde-Galdakaoko ESIko 72 zentroetako jantzien koordinazioaz arduratzen da Ikuztegia.

Bi txandatan egiten dute lan: 22-24 pertsona goizez, eta hamalau inguru arratsaldez. Lan-karga ez da izaten beti konstantea, baina gorakadak oso ohikoak dira. «Gripe garaian, adibidez, bolumena izugarri igotzen da».

Ikuztegia ezinbesteko
Arlo guztien talde-lana guztiz beharrezkoa da. «Guk funtzionatuko ez bagenu, ziurrenik, ospitalea gelditu egingo litzateke», dio Duranak. Izara garbirik gabe, ez dago oherik prest. Uniformerik gabe ere ez dago asistentziarik. Arropa kirurgikorik gabe, berriz, ez dago ebakuntzarik. Beraz, ikuztegia ezinbestekoa da.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other