agenda » otsaila | HARPIDETU BULETINERA

Saaki, ospitalizazio pediatrikoa humanizatzeko robota

Osakidetzako Arabako Unibertsitate Ospitalean, Txagorritxuko lehen solairuan, proba eta bata zuri artean, lehenengo aldiz azaldu da: ez da jostailu bat, ezta bertako langilea ere; giza itxura duen robota da. Saaki du izena, eta ikerketa-proiektu pilotu baten parte da. Helburua da ospitaleratuta dauden haurren egonaldia arintzea.

Ekimenak elkartu egiten ditu berrikuntza teknologikoak eta osasun arretako humanizazioa, Osakidetzan gero eta presentzia handiagoa duten bi ildo. Jolasa, interakzioa eta ezustea darabiltza Saakik, eta horrekin lortu nahi da haurrek beldur eta antsietate gutxiago sentitzea ospitalean daudenean.

Izena ez diote ausaz ezarri zaintzeko beste modu bat irudikatzen duen robot honi. Identifikatzeko erraza izango den izen bat jarri diote, eta, aldi berean, haurtzaroari eta berrikuntzari erreferentzia egingo diona. Saki hitzak, japonieraz, «loratzea» esan nahi du, hazteari eta garatzeari estu lotuta dagoen kontzeptua. Bigarren a bat gehitu zaio adimen artifizialari egiten dion keinu gisa, baina proiektu honetan ez da adimen artifizialik erabiliko eta ez da Interneteko konexiorik egongo: Saaki tokiko eta aurrez definitutako programazioarekin funtzionatuko du, ez du lineako ikaskuntza-prozesurik izango eta ez da datuen transmisiorik egingo.

Izenak hitz-joko bat ere sortzen du, hasieran o bat jarriz gero, Osaaki ateratzen da, Osakidetzari erreferentzia eginez. Izan ere, nortasuna emanez, robota hurbilagoa eta gizatiarragoa bihurtzen da.

FUNTSEZKO TRESNA DA GAMIFIKAZIOA EDO JOSTAKUNTZA, OSPITALERATZE-ESPERIENTZIA ERAMANGARRIAGOA IZAN DADIN

Saaki proiektua Vital Fundazioak emandako laguntza batetik sortu da. Proposamenak bere ibilbidea hasi zuen Osakidetza barruan, balorazioak eta baimen-mailak igarota. Orain, Etika Batzordearen izapide aurreratuetan dago proiektua, eta aurten ikerketa-proiektu gisa AUO Txagorritxun ezartzeko aukera izango dutelakoan daude Juan Fernandez, Bioaraba Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Osasun Ikerketa Institutuaren Berrikuntza Plataformako koordinatzailea, eta Sandra Maeso Mendez, Arabako ESIko pediatra.

Proiektuak lehen erronka bat ekarri die, pediatrian erabiltzeko moduko teknologia topatzea, merkatuan dauden robot humanoide gehienak helduen itxurarekin egiten dira eta: handiak, sendoak eta haurrekin lan egiteko neurriz kanpokoak. Ikuspegi klinikotik, kontrako efektua sor lezake horrelako robot batek, hau da, beldurra edo arbuioa, jakin-mina eta lasaitasuna sortu ordez.

Arrazoi horregatik aukeratu zen Saaki. Ez da robot humanoide konbentzionala: 130 zentimetro neurtzen du eta 35 kilo ditu. Programazio guztia Bioarabako Berrikuntza Plataformako langileek egin dute. Haur baten garaieratik gertu dago, eta horrek ez du hain ikaragarria egiten; gainera, interakzio naturalagoa eta seguruagoa errazten ditu.

Elkarrizketatuak: Juan Fernandez, Berrikuntza Plataformako koordinatzailea, eta Sandra Maeso, Txagorritxuko pediatra.

Robotaren diseinuak gertutasuna helarazi nahi du: maila funtzionalean, Saaki mugitu egin daiteke, dantzatu, nahiz eta mugimendu mugatuak egin behar dituen, geletako espazioak txikiak direlako. Horrez gain, hitz egiten du, abestiak jartzen ditu eta ipuin klasikoak konta ditzake.

Haurren ospitalizazioa humanizatzeko beharra ez da auzi teorikoa soilik, profesionalen zein familien beharra da: probak edo tratamenduak alde batera utzita, zailena itxaroten egotea izaten da. Aspertu egiten dira, eta, gainera, hasieran batez ere, ziurgabetasuna sumatzen dute. Beldurra eta antsietatea sortzen dira une horietan. Gurasoek ere ez dute jakiten ziur zer gertatuko den, eta haurrek askotan ez dituzte prozedurak ulertzen. Proba medikoak ume bati azaltzea ez da erraza, eta batzuetan mezua galdu egiten da urduritasunaren, imajinazioaren eta beldurraren artean.

Hortik sortu zen ustekabeko elementu bat sartzeko ideia, errutina hautsi eta arreta desbideratzeko. Funtsezko tresna da gamifikazioa edo jostakuntza, ospitaleratze-esperientzia eramangarriagoa izan dadin.

Robota eta proiektuaren funtzionamendua
Saaki ez da soilik tresna ludiko bat: planteatu da ikerketa-proiektu gisa ezartzea AUO Txagorritxuko Pediatria-solairuan. Bi fasetan egingo da azterketa: lehenik, talde esperimental batekin eta, ondoren, kontrol-talde batekin. Hiru egunez jarraian robotarekin elkarreraginean aritzean datza interbentzioa.

Parte hartzeko, pazienteek 4 eta 13 urte bitartean izan behar dute: ospitaleratzeak gutxienez hiru egun iraun behar du, eta ez dute arrisku infekzioso larririk izan behar; izan ere, interbentzio horretan, talde klinikotik kanpo dauden langileek parte hartuko dute (robota zaintzen dutenak, hain zuzen ere). Lehenengo egunean, proiektua azalduko zaie bai haurrari eta bai gurasoei edo legezko tutoreei. Umeak parte hartu nahi badu, baimen informatu bat sinatzeko eskatuko zaie gurasoei edo tutoreari. Handik aurrera, haurraren egoera emozionalaren neurketa egingo dute, aurpegi-eskala sinple bat baliatuz —kolorezko aurpegitxoak baliatuz momentuan nola sentitzen diren galdetuko zaie haurrei.

Lehenengo neurketa horren ondoren, saio ludiko bat egingo du haurrak Saakirekin. Hamar minutu ingurukoa, euskaraz edo gaztelaniaz. Saakik paziente bakoitzaren interesetara egokituko du saioa: abestiak, jolasak edo elkarrizketa laburrak. Ordubeteren buruan, berriz egingo diote neurketa emozionala: epe laburreko efektua ebaluatzeko. Eskema bera izango da ondorengo bi egunetan ere: hamar minutuko saioa eta ordubete beranduago neurketa emozionala.

Inpaktu emozionalaz gain, azterketak robotaren onarpen-maila ere neurtuko du, beste galdetegi baten bidez. Ulermenaren, elkarreraginerako erraztasunaren eta hurbiltasun-pertzepzioaren inguruko galderak egingo zaizkio. Haurren kasuan, gurasoek erantzungo dute. Helburua da Saakiren erabilgarritasun klinikoaren egiazko ebidentzia lortzea.

Proiektua segurtasun eta etika klinikoko irizpide zorrotzekin dago diseinatuta. Saakik ez du inolako datu sentikorrik jasoko: pazientearen jaiotza-urtea eta sexua soilik erregistratuko ditu. Alabaina, azterlanaren informazioa datu-base anonimizatuan kudeatuko da. Programazioa Bioarabako Berrikuntza Plataformak egin duenez, segurtasun osoa dago informazioa ez dela bilduta geldituko eta, are gehiago, jasotako informazio gutxi hori ez dela zabalduko. Bestalde, robotak ez du jokatzen modu autonomoan: sistema kontrolatu baten moduan funtzionatzen du, hau da, «txotxongilo» teknologiko baten moduan, Fernandezen hitzetan.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other