Plan berriak lehenengo planarekin lortutako aurrerapenak sendotu eta berdintasuna erakundearen esparru guztietara zabaltzea du helburu.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana martxan jarri ondoren, Osakidetzak beste urrats bat eman du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana (2025-2028) abian jarrita.
Berdintasunerako bigarren planak helburu zehatz batzuk ditu datozen lau urteetarako. Horien artean, erdira murriztea % 5etik gorako soldata-arrakala duten lanbide-kategorien kopurua eta emakumeen presentzia % 5 handitzea aginte- eta zuzendaritza-postuetan. Planak, halaber, erantzukidetasuna sustatu nahi du zaintza-lanetan eta genero-ikuspegia txertatzen duten ikerketak % 4 areagotu. Gainera, osasun-arretan ikuspegi hori txertatzen jarraitzea planteatzen da, laguntza-ibilbideak emakumeen eta gizonen beharrizanetara egokitzeko eta erakundeak indarkeria matxistaren prebentzioan eta detekzioan duen konpromisoa sendotzeko. Helburu horrekin, berdintasuna maila estrategikotik eguneroko jardunera eramateko, jomuga zehatzak ezarri dira.
«JAKIN DEZALA OSAKIDETZAN LAN EGITEN DUEN EDONORK BERDINTASUNERAKO II. PLANA HOR DELA ETA BADELA JAZARPENARI AURRE EGITEKO PROTOKOLO BAT»
Horrez gain, Planak Osakidetzaren egitura osoa hartzen du bere baitan, eta helburu argia dauka: Osakidetzako 42.000 langileei estrategia zein den ezagutaraztea, nola aplikatu behar den jakin dezaten eta eguneroko lanean erabiltzeko tresnak eduki ditzaten. «Osakidetzan lan egiten duen edonork bigarren plan bat dagoela jakin dezan nahi dugu, lanpostuan genero-ikuspegia txerta dezakeela jakitea» azaldu du Gotzone Miranda Partaidetza eta Berdintasun Zerbitzuko buruak.
Plana azken urteetan egindako lanaren gainean eraiki da
Bigarren plan hau ez da hutsetik sortu, azken urteetan egindako lan sakonaren gainean eraiki da. Lehenengo planarekin, Osakidetzak berdintasunarekin duen konpromisoa azpimarratu zuen 2021ean, eta, bigarren hau garatu aurretik, lehen planaren ebaluazio zehatza burutu da. Ebaluazio horren emaitzak izan dira oinarri jarduera-ildo berriak diagnostikatzeko eta diseinatzeko.
Lehenengo planak aurrerapen esanguratsuak azaleratu zituen: % 75eko betetze-maila lortu zuen, soldata-arrakala 2021ean % 17koa bazen 2024an % 14koa eta erabakiak hartzeko guneetan emakumeen presentzia, aldiz, % 64tik % 68ra igo da. Datuok benetako aurrerapena islatzen badute ere, lanketa handiagoa behar duten eremuak ere identifikatu dira. Mirandaren hitzetan: «Planak ez du etenik: lortutako aurrera pausuak sendotu eta erakundea eraldatzen jarraitzea dugu helburu».
“Berdintasunaren arloko prestakuntza iraunkorra eta nahitaezkoa izango da langile guztientzat”
Prestakuntza da bigarren planaren zutabeetako bat, erakundearen barruan genero ikuspegia txertatzeko ezinbestekoa. Langile guztiei oinarrizko prestakuntza mailakatua, iraunkorra eta nahitaezkoa eskainiko zaie, lanbide-kategoria edozein dela ere, hau da, osasun-langileei ez ezik administrazioko, kudeaketako eta beste esparru batzuetako profesionalek ere jasoko dute prestakuntza. Gainera, planak dakarrenez, trebakuntza espezifikoa jaso beharko dute erdi-mailako arduradunek eta zuzendaritza-taldeek ere, funtsezkoa baita berdintasuna antolaketaren kulturara eta taldeen eguneroko funtzionamendura eramateko. Mirandaren hitzetan, «prestakuntza iraunkorra eta nahitaezkoa izango da langile guztientzat», profesional guztiek genero-ikuspegia bere eguneroko lanean txerta dezaten.
Lan-ingurune segurua eta errespetuzkoa bermatzea da bigarren planaren beste lehentasunetako bat. Ildo horretan, funtsezkoa da sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurre egiteko protokoloa. Lehenengo planean, kudeatutako kasuen azterketatik eta ebaluaziotik abiatuta, Osakidetzak hobekuntzak egin ditu prozedura argiagoa eta eskuragarriagoa izan dadin. Berrikuntza nagusietako bat da jarduketa-sistema sinplifikatzea, prozesuak arintzeko eta zerbitzu-erakunde bakoitzaren esku-hartzea errazteko. Horretarako, aholkularitza konfidentzialak eskainiko dira, kaltedunentzako lehen arretagune- eta laguntza-gisa jardungo dutenak. Helburua da prebentzioa indartzea, jardunbide argiak ezartzea eta edozein profesionalek jazarpen-kasuetan edo jokabide sexisten aurrean nola jokatu behar duen jakitea.
Kudeaketa-ereduaren eta sarearen garrantzia
II. Berdintasun Planaren helburuetako bat, kontzeptuak dokumentu instituzional batean gera ez daitezen, plana erakunde osora hedatzea eta erabiltzea da. Alde horretatik, helburu argia du lehenengo xedeak: plana bera aurkeztea eta sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurre egiteko protokoloa ezagutzera ematea. Barne-komunikazioko plan bat jarriko da abian langile guztiei informazioa bidali, zerbitzu-erakundeak eguneratu, eta sentsibilizazio-ekintzak gauzatzeko.
Berdintasuna Osakidetzako zerbitzu-erakunde guztietara zabaltzeko bigarren planaren hedapena kudeaketa-eredu batean oinarritzen da. Gaur egun, 21 Berdintasun Batzorde eta 25 berdintasun-erreferente arduratzen dira beren eremuan planaren ekintzak koordinatzeaz eta sustatzeaz. Profesional horiek aurreikusitako neurriak garatzeko eta ezartzeko lanaldiaren % 30eko dedikazioa dute urtean. Berdintasun Korporatiboko Unitateak koordinatzen du lan hori, planaren motor teknikoa izanik erakundeen arteko lankidetza errazten baitu. Sareko eredu horrek esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko aukera ematen du, eta Euskalitek jardunbide egokitzat hartu zuen 2023an, Osakidetzak berdintasuna modu egituratuan sustatzeko dimentsio horien erakunde gisa duen gaitasuna nabarmenduta.

Langileen inplikazioaren garrantzia
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Osakidetzaren II. Planaren arrakasta, neurri handi batean, langile guztien inplikazioaren araberakoa izango da. Berdintasuna ez da soilik estrategia instituzional bat, erakundearen eguneroko lanean txertatu behar den printzipio bat baizik. Horregatik, Osakidetzak profesionalak animatzen ditu plana ezagutzera, edukiekiko interesa piztera eta planaren garapenean parte hartzera. Berdintasuna kultura profesionalaren eta osasun-arretaren parte naturala izatea lortu nahi da.
Planaren jarraipena eta egokitzapena
Lau urteko indarraldia izango du planak, 2025 eta 2028 artean, baina ez da dokumentu itxia. Urtero, programa operatibo bat egingo da. Bertan, garatu beharreko ekintzak zehaztuko dira, eta horien betetze-mailaren jarraipena egingo da. Sistema horri esker, aurrerapenak ebaluatu eta neurri berriak sar daitezke, premiak hautematen badira, plana erakundearen errealitatera egokitzen dela bermatzeko. Mirandak azpimarratu du «bizirik» dagoen proiektu bat dela.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Osakidetzaren II. Plana
Sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari Osakidetzan aurre egiteko protokoloa




