Rodrigo Artiles Uriarte Osakidetzako Euskara Zerbitzu Korporatiboko itzultzaile eta interpretea da. Azken urtean egin dituzten bilera, jardunaldi, biltzar eta ekitaldien interpretazioak ia bikoiztu egin direla aipatu du.
Zer-nolako garrantzia du interpretazioak euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko garaian?
Orain arte ezinbesteko tresna izaten ari da. Ez soilik Osakidetza eta administrazio-mailan. Agian ez dugu interpreteez hainbeste hitz egiten, baina horri esker hartu du nolabaiteko lekua eta garrantzia, ekintza komunikatiboa bermatu beharra baitzen, eta horrek eutsi dio bizirik euskarari. Euskara egunero erabiltzen da, eta, gure eremura ekarrita, presentzia ematen dio esparru formal batzuetan. Bereganatu beharreko esparruak, zalantzarik gabe, eta gure asmoa da etorkizunari begira interpretazioak ugaritzea eta jendea animatzea. Ez izatea hitzaldi bakarra, jardunaldi bakar batean, baizik eta Donostialdeko ESIak egiten duen moduan izatea: berdintasunaren inguruko jardunaldian, egitarau ia oso bat euskaraz. Bide horretan jarraitzea. Euskararen erabilera eta presentzia bermatzea dugu helburu, kalitatezko interpretazio zerbitzuaren bitartez.
Nolako ekitaldietan eskaintzen duzue interpretazio zerbitzua gaur egun? Zer da ohikoena?
Batetik, agian ez sarriena baina bai ohikoena, bilerak dira. Hilean behin egiten dituzte Osakidetzako zuzendaritzak eta sindikatuek. Horiek beti estaltzen ditugu. Gero, biltzarrak ditugu, azken urteetan indar handia hartu dutenak. Pandemiaz geroztik, 20-30 interpretazio inguru egin izan dira urtero. Iaz, berriz, 2025ean, 50etik gora. Beraz, bilakaera oso ona izan da. Nik uste dut jendeak beldurra galdu duela: ikusi du zerbitzuak funtzionatzen duela, zerbitzua behar den moduan ematen dela; profesionala dela. Erabiltzaileak pozik irteten dira.
Esango nuke orain gure lan-zamarik handiena biltzarrak eta antzeko jardunaldiak direla. Aurrera begira, orain gutxien egiten ditugunak, Osakidetzako saio kliniko orokorrak izango lirateke. Eskolak edota formakuntzak izaten dira: medikuek beste mediku batzuentzat egiten dituztenak, profesional sanitarioentzat. Euskara-planean txertatua dago formakuntza hori euskaraz bermatu behar dela eta egin izan da baten bat. Kasu horietan, ez dugu jakiten hizlariak zer esango duen zehatz-mehatz. Beraz gure zorroan dokumentazioa, gidoia, glosarioa… eduki behar ditugu; tresna horiek eskura izan behar ditugu, diskurtsoa koherentea eta naturala izan dadin. Gure zeregina hauxe izaten da: hizlari batek esaten duena beste hizkuntza batean birformulatzea erarik naturalenean komunikazio ekintza bermatzeko. Saio klinikoak, ordea, oso teknikoak dira, prestakuntza sakona eskatzen dute gure aldetik. Eta, protokolo berriarekin, hori bilatu dugu: bilera, biltzar zein saio kliniko orokorrei begira bete beharreko baldintza batzuk finkatzea, teknikoak zein funtzionalak, zerbitzuaren kalitatea bermatze aldera. Bertan sartzen dira kabina batek bete beharreko gutxieneko estandarrak, interpretazioak nola eskatu behar diren edo dokumentazioa noiz entregatu behar den. Bilera eta biltzarren kasuan, dokumentazioa hamar egun lehenago eskatzen dugu, prestatzeko astia edukitzeko. Saio klinikoen kasuan, protokolo berezi bat garatzeko eskatzen dugu. Gaiaren arabera zehazten dugu zenbat denbora behar dugun prestatzeko; hilabeteko epea ere behar liteke. Horretaz gain, espezialistekin harremanetan egotea eskatzen dugu, bai medikuekin, bai erizainekin, zalantzak argitzeko eta mamia geureganatzeko.
2013an jaio zen interpretazio-zerbitzua, nola jazo zen? Nolakoak ziren hasierako beharrak?
Bileretan euskara erabiltzeko aldarria 2013an baino lehenago eman zen; hasieran Osakidetzak enpresa bat kontratatzen zuen eta ostean, 2013an, «profesionalizatzeko» behar hori ikusi zen, lehen itzultzaile-interprete lanpostua sortuz. 2013ra arte teknikariek egiten zituzten itzulpen-lanak.
«PANDEMIAZ GEROZTIK, 20-30 INTERPRETAZIO INGURU EGIN IZAN DIRA URTERO. IAZ, BERRIZ, 2025EAN, 50ETIK GORA. BERAZ, BILAKAERA OSO ONA IZAN DA»
Garai hartan, kanpoko enpresa bat kontratatzen zen interpretazioak egiteko. Hala, orduko zerbitzuburuak ikusi zuen bazela behar bat eta behar hori betetzeko profesionalizaziora jo behar zela. Alegia, soslai jakin batzuk kontratatu behar zirela. Orduan hasi ziren itzultzaile edo interpreteak kontratatzen. Hortik aurrera, euskara-teknikariek itzulpenak egiteari utzi zioten; lehenik, zuzendaritza nagusian. 2013an, Irati Marañón sartu zen, urtebete egon zena bertan lanean. Ondoren, Ainhoa Mentxaka sartu zen, eta orain dela oso gutxira arte ibili da gurekin. Mentxaka izan da prozesu hau nolabait hastapenetik ikusi duena.
Hasiera batean, ikasketa-prozesu bat izan zen, bazen-eta zer ikasia ugari: zer egin, nola… Hasieran zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko bilerekin hasi ginen zerbitzua ematen. Gero zerbitzuen zorroa zabaltzen beste esparru batzuetara: jardunaldiak, ekitaldiak…
Nolakoa izan da bileretatik ekitaldietara pasatzeko prozesua?
Bilerak oso finkoak izaten dira, oso hermetikoak hein batean. Horregatik dago diferentzia handia ekitaldi batekin alderatuta, ekitaldietan aldagai askoz gehiago baitaude.
Prozesua izan da, alde batetik –bai erabiltzaileen eta bai eskatzaileen ikuspuntutik–, beldurra kentzea eta esatea: aukera hau bada, eta funtzionatzen du. Eta hor da gure aldetik ere trantsizio horrek ekarri duena. Ainhoak askotan esaten zuen arazoa ez zela «dokumentazioa jasotzea edo ez». Arazoa zen: «Ez dakit non interpretatu behar dudan, ez dakit nolako baldintzatan». Arazoak batez ere maila teknikoan izaten ziren. Azpiegitura zer-nolakoa zen, zer behar genuen… Eta, horri nolabait erantzuteko, ekipo eramangarri bat erosi zen, gerora berritu egin dena, baina oraindik ere baliatzen duguna. Horrek ez zaitu lotzen hainbeste kabina batera.
Hasieratik erabaki zen kabina bat jarriko zela interpretatzeko, bileretan jartzeko. Azken finean, askotan eraikinak zaharrak izaten dira, eta ez daude horretarako prestatuak. Guretzat ere garrantzitsua da baldintzak onak izatea, zerbitzu on bat emateko. Horregatik azpimarratzen dugu baldintza teknikoak onak izatearen beharra.
Nolako eragina izan du Osakidetzaren euskararen hirugarren normalizazio-planak interpretazio-zerbitzuaren garapenean?
Esango nuke eragin handia izan duela. Autonomia estatutuak dio gaztelania eta euskara direla hizkuntza ofizialak, eta horrek esparru legal hori ematen du. Gero, beste dekretu batzuen bitartez, argi utzi zen gure eskubidea dela euskara erabiltzea lantokietan ere. Baina horri gero forma eman behar zaio, eta hirugarren euskara-planak argi utzi zuen euskarak presentzia eduki behar zuela bai bileretan, bai ekitaldi formaletan, bai biltzarretan eta bai saio klinikoetan. Ulertuta eskubidea daukagula bileretan euskaraz egiteko, hori biltzarretara eramanda, norberak ere eskubidea du ponentzia bat euskaraz emateko edota entzuteko. Hirugarren planak hori bermatzen du nolabait.
Alde horretatik, bermatu behar duzu euskalduna ez denak jarraituko duela euskaraz den hitzaldi oso bat, edo bilera bat, edo dena delako bat. 2024an izan zen saiakera bat: jendaurreko ekitaldietarako protokolo antzeko bat, eta hor etorri zen, nolabait, gure esku-hartzea: gure jarduna zertxobait arautu zen, eta geroztik aurrera eraman ahal izan dira horrelako ekimenak.




