Zigarreta elektroniko edo bapeagailuek, nikotinaz gain, beste hainbat elementu dituzte, osasunarentzat batere onuragarriak ez direnak. Honela azpimarratu du Mariluz Rodriguez Osakidetzako familia-medikuak: «Tabakoa erretzen hasteko aproposak dira».
Mariluz Rodriguez Osakidetzan tabakoaren arloan erreferentea da eta Tolosan aritzen da familia-mediku, horrez gain, Aireberriko batzordekide da (EAEn eta Nafarroan tabakoari aurre egiteko elkartea), eta SemFYCeko tabakoaren lantaldeko partaide. Bapeagailuak hona iritsi zirenetik 10-15 urte igaro dira, eta gaur egun gaia nola dagoen azaldu du.
Nola ikusten duzu zigarreta elektronikoen erabilera gaur egungo gizartean?
Gazteek asko erabiltzen dute, modernoa eta polita baita eta kolore deigarriak baititu. Estatistikek argi uzten dute: EAEko adikzioari buruzko 2023ko inkestaren arabera, 35 urte baino gutxiagoko gizonen % 20,6k kontsumitu zituzten azken urtean zigarreta elektroniko edo bapeagailuak; emakumeetan, kopurua pixka bat txikiagoa da,
% 17,1ek kontsumitu baitzuten. 35 urtetik gorakoetan kopurua asko jaisten da. Horren arriskua da, gazteek kontsumitzeko urte asko dituztela aurretik.
Osasunaren ikuspegitik, bapeatzea erretzea baino hobea dela pentsatzen dute askok. Zer esango zenuke horren inguruan?
Nik konparaketa bera egiten dut beti: zer da okerragoa, zeure burua seigarren pisutik edo laugarren pisutik behera botatzea? Biak dira txarrak. Biek dituzte albo-ondorioak. Zigarreta elektronikoen efektua epe laburrean ikusten ari gara orain, baina epe luzean ez dakigu zer ondorio izan dezakeen. Tabakoaren kasuan badakigu zer gertatzen den epe luzean eta laburrean. Esan bezala: biak dira txarrak, eta biek dituzte albo-ondorio ugari.
«KONTSUMO DUALA EGITEA OKERRAGOA DA»
Zer-nolako gaitzak ekar ditzake bapeatzeak?
Zigarreta elektroniko mota bat baino gehiago daude konposizioari dagokionez. Batzuek nikotina dute, eta gaitz kardiobaskularrak sortzen dituzte: bihotzekoak, hanketako zirkulazio-arazoak, inpotentzia… Beste bapeagailu batzuek, berriz, ez dute nikotinarik; hori dela eta, gazte askok esan izan didate «nik bapeagailuan erretzen dut, bai, baina ez du nikotinarik». Nikotinaren ordez zer daukan galdetzerakoan, batzuek kalamuaren deribatuak dituztela diote, CBDa adibidez, eta, noski, horiek kalamuaren albo-ondorioak dakarzkie.
Bapeagailu bat erabiltzean, jendeak ez du ur-lurrina arnasten, likido baten aerosola baizik, eta aerosol horrek osagai asko ditu. Azken finean, zigarreta elektroniko batek depositu bat du, non likidoa sartzen den; berotzeko makina bat du, eta makinak funtzionatzeko bateria bat. Beraz, bapeagailua erabiliz arnasten den horrek osagai hauek eduki ditzazke, besteak beste: glizerola, propilenglikola, glizerina, zaporea emaileak eta abar. Eta horiek guztiek albo-ondorioak dituzte.
Orain dela 5 urte inguru, AEBetan pneumonia baten ondorioz gazte asko hil ziren. Zein izan zen arrazoia? E bitamina azetatoa zeukan bapeagailua erabili zutela. Osagaia jan egiten baldin bada, ez dago arazorik, baina, arnasten baldin bada, biriketan solidotu egiten da, birika gogortu egiten da eta ezin izaten da arnasik hartu. Hori izan zen gazte horien pneumoniaren arrazoia, eta horregatik zendu ziren.
Horrez guztiaz gain, zigarreta elektronikoek metalak dituzte baterian. Bateria horrek kromoa, beruna eta beste ditu, eta horiek ere arnastu egiten dira. Bestalde, kontsumo duala ere egiten da, hau da, bai tabakoa erretzea eta bai bapeagailuak erabiltzea. Kontsumo duala bata eta bestea soilik kontsumitzea baino okerragoa da. Hortaz, hobe da bietako bat bakarrik kontsumitzea, biak kontsumitzea baino, biak tartekatuz arnasteko arazo larriagoak sortzen baitira.
Zein albo-ondorio sortzen ditu nikotinak?
Arazo kardiobaskularrak ez ezik, nikotina pozoi perfektua dela esan ohi dut askotan, hasieran hartzen denean ez delako ezer nabaritzen. Kontsumoak jarraitzean eta mendekotasuna agertzean antzematen dira albo-ondorioak. Gainera, orain nikotina poltsak ere badira. Poltsatxo horiek ahoan sartzean, desegin egiten dira pixkanaka, nikotina askatuz. Horrek kerik ere ez du, baina nikotina berdin-berdin kontsumitzen da —edo gehiago, substantziaren kontzentrazioa handiagoa da eta—. Horrez gain, poltsa irentsiz gero, urdailera iristen da, eta intoxikazio larria eragin dezake.
Tabakoak, zigarreta tradizionalak, zapore txarra dauka, baina bapeagailuek askotariko zaporeak dituzte. Horrek gazteak erakartzen ditu, aipatutako nikotina poltsek bezala, horiek ere zaporeak baitituzte. Mendekotasuna sortzeko osagai guztiak dituzte.
Bapeatzea tabakoa erretzearen aurreko pausoa da?
Zigarreta elektroniko modernoak orain dela 20 urte inguru sortu ziren tabakoa erretzeari uzten laguntzeko asmoarekin; gero eta nikotina gutxiago kontsumituta, nikotinarekiko dependentziatik askatzeko. Baina, orain, badakigu bapeagailuak ez duela helburua behar bezala betetzen. Jendeak erretzeari uzten dio, baina tresna hauen mende geratzen da; beraz, hori ez da soluzioa.
Erakargarriak direnez, kontrako efektua eragiten dute askotan. Gazteak bapeagailuekin hasi, eta ondoren tabakoa kontsumitzen hasten dira. Bapeagailuak erretzen hasteko bide erakusle dira gaur egun.
Legediak bapeagailuen erabilera eta salmenta jasotzen du?
Estatuko legean, zigarreta elektronikoa eta tabakoa ez daude maila berean: diskoteketan saltzen dira, jaiak antolatzen dira zigarreta elektronikoen erabilera bultzatzeko… EAEn, berriz, bapeagailuak eta tabakoa parekatzen dituen lehenetariko legea daukagu. Hari esker, bapeagailuak eta tabakoa maila berean jarri dira, kerik gabeko guneetan ere ezin dira erabili zigarreta elektronikoak: tabernetan, eskoletan…
Guraso batek erraz antzeman dezake seme-alabek bapeatzen ote duten?
Tabakoarekin baino zailagoa da, bapeagailu askok ez baitute kerik botatzen; beraz, ez da antzematen arropan itsasten den usain hori. Haiekin hitz egin behar da, azaldu behar zaie ez direla batere onuragarriak. Nerabezaroan askotan ez da ikusten epe luzera izan ditzakeen ondorioak. Hori dela eta, gazteei azaldu egin behar zaie, eta azaltzen duenak argi izan behar du bapeagailuak erabiltzea arriskutsua dela. Jende askok uste du zigarreta elektronikoak ez direla kaltegarriak, seguruagoak direla. Baina ez da hala; jendearen kontzientzia piztu behar da kaltegarriak direla ikustarazteko.




