Oskar Ayerdi medikua da Osakidetzaren HIESaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren koordinatzaile nagusia. Berak azaldu du zein den gaur egun EAEn infekzio hauen egoera.
Gaur egun informazio-bonbardaketa handia dago; horregatik, garrantzizkoa da mezua modu apropos eta sentsible batean helaraztea. Datuek erakusten dutenez, gazteengan izaten dira infekzio-kasu gehienak, 20-34 urtekoengan, eta haiengana iristeko bideak ez dira lehen erabiltzen ziren berberak. Gazteek sare sozial eta informazio-iturri berriak darabiltzate, eta ezinbestekoa da haietara moldatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoan Sexu Transmisiozko Infekzioen (STI) inguruko kontzientziazioa sustatzen duten hainbat kanpaina daude, horien artean, Osakidetzak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin elkarlanean garatzen duena.
Oskar Ayerdi koordinatzaileak dio gakoa kontzientzia piztea dela, «jendeak zein arrisku dauden ulertzea eta ezusteak ekiditeko zer egin dezakeen jakitea» «Sexu Transmisiozko Infekzioak ez dira urrutiko kontua» gogorarazi du medikuak, «inguruan, zu bezalakoek harrapa ditzakete». Ayerdik dio sexua plazerarekin lotzeaz gain, osasunarekin ere lotzea funtsezkoa dela. Ildo horretan, Osakidetzako profesionalak azaldu du normaltasuna eman behar zaiola gaiari, eta gizarteak prebentzio estrategiak ezagutu beharko lituzkeela: preserbatiboak, txertoak, PrEP programa… Betiere bakoitzak behar dituen prebentzio neurriak erabili ditzan, kontuan izanda, preserbatiboa oso eraginkorra dela infekzioak ekiditeko eta ez dela ekuaziotik atera behar.
STIak gora eta GIBa ez
Datuen arabera, STI kasuek gora egin dute era ikusgarrian azken urteotan; GIB kasuek, ordea ez dute joera berdina jarraitzen. Horren zergatia ulertzeko, ordea, testuingurua ulertu beharra dago.
GIBaren aurkako estrategiek aurrerapen handiak izan dituzte bai tratamendu aldetik, bai diagnostiko aldetik, bai prebentzio aldetik. Tratamenduak hartzeko errazagoak dira orain, askoz ere eraginkorragoak dira eta albo-ondorio gutxi dute. Horri esker, askoz hobea da GIBa dutenen bizi-kalitatea eta bizi-itxaropena, horrez gain, birusa detektaezin bilakatu da. Zer esan nahi du horrek? «Nahiz eta odol-proba egin, pertsona tratamenduan baldin badago, ez dela birusaren aktibitatea agertzen, eta ez hori bakarrik, besteei GIBa transmititzea galarazten du; birusa ezgaitu egiten da, nolabait».
«PRESERBATIBOA OSO ERABILGARRIA DELA INFEKZIOAK EKIDITEKO ETA EZ DELA EKUAZIOTIK ATERA BEHAR»
Bestetik, 2020an Estatuan, abiatu zen prebentzio-programa bat dago, PrEP deitutakoa. Esposizioaren aurreko profilaxia bat da, hau da, GIBa ez dutenek jaso dezaketen tratamendu bat: nahiz eta birusa ez izan, arrisku-praktikak dituenak, prebentzioz, tratamendua jasotzen du bere burua babesteko.
Bi gako horiek kontuan hartuta, uler daiteke zergatik GIBak ez duen gora egiten, beste STIek bezala.
Azken urte hauetan jarraian ikusi den bezala, STI kasuek gora egin dute. Antisorgailu asko eta askotarikoak daude gaur egun: ahoko antisorgailuak, inplanteak, dispositiboak, hurrengo eguneko pilula, haurdunaldia eteteko beste hainbat modu… Lehen, preserbatiboak batik bat haurdunaldiak ekiditeko erabiltzen ziren, baina STI transmisioa ere eragozten zuten. Orain, beste zenbait bide daude haurdun ez gelditzeko. Kontua da STIei ateak irekitzen dizkietela.
Horiek al dira arrazoi guztiak? Ayerdik argi du ezetz. Gaur egun, sexu harremanak izateko modua aldatu da: goizago hasten dira, dibertsitate sexuala askeagoa da, gero eta normalagoa da sexukide bat baino gehiago izatea, bikotekide egonkorrak beranduago edukitzen dira, esploratzea normalagoa da (sexu berdinekoekin eta ezberdinekoekin). Pertsonak ezagutzeko aplikazioak erabiltzea ere ohikoa da, eta azkenaldian gurera etortzen ari den chemsex-a ere hor da (drogen kontsumoa eta sexu-harreman luzeak batzen dituena).
Faktore horiek guztiak kontuan hartuta, uler daiteke zergatik egin duten gora STI-kasuek eta zergatik dauden bere horretan GIB-kasuak. Hala eta guztiz ere, Ayerdik azpimarratu duenez, gizartean gero eta kontzientzia handiagoa dago probak egitearen inguruan, eta horregatik, Osakidetzak ere, eskariari erantzunez, gero eta proba gehiago egiten ditu urtean. Dena den, nahiz eta GIB-kasuak ez areagotu, Ayerdik dio orain artekoarekin jarraitu beharra dagoela, are gehiago, indartu beharra dagoela. Erronka oreka bilatzea da: sexu-kalitate ona izatea, gozatzea, eta probetxua ateratzea aurrerapen horiei guztiei, osasunaren alderdia bistatik galdu gabe. «Ez dugu jendea beldur izan dadin nahi, ardura edukitzea nahi dugu: tratamendua badago, gauzak ondo egitea badago, baina hobe da aurretik neurriak hartzea».
EAEko probintzia bakoitzean, STI kontsulta bat dago gutxienez eta STIen azterketa egiteko, GIB-proba egiteko, zalantzak argitzeko… aukera dago. Ez da beharrezkoa familia-medikuarekin hitz egitea kontsulta horietara bertaratzeko, zuzenean deitu daiteke hitzordua eskatzeko. «Horrela pentsatu zen, erraztasuna emateko, izan ere pertsona askori sexuaren inguruan hitz egitea kosta egiten zaio», argitu du Ayerdik.
Inpaktu soziala eta erakundeak
Osakidetzaz gain, gobernuz kanpoko erakundeek ere zeregin garrantzitsua dute, ez soilik prebentzioan, baita diagnostikoan, bizi-kalitatean, jarraipenean nahiz estigmaren eta diskriminazioaren aurka egiteko garaian ere. Ayerdik dioenez, ezinbestekoa da erakundeekin elkarlanean aritzea, haiek ere lehen lerroan baitaude.
STIak dituzten pertsonentzat lagungarria eta aberasgarria da erakunde batera joatea eta bide berdina egin duen pertsona bat ezagutzea: «Horra hor zergatik egiten dugun lan erakundeekin, komunikazio lanak eta proiektuak partekatu ahal izateko».
Jakina da, oraindik ere, estigma eta diskriminazioa jasaten dituztela STIak dituztenek. Tratamenduen aldetik, aurrerapenak izan diren arren, beldurrak hor jarraitzen du, eta beldurrak gorrotoa dakar; ezagutzen ez dena urruti eduki nahi delako. GIBa edukitzeak ez du garai batean bezain inpaktu handia osasun aldetik, birusa kontrolpean eduki daitekeelako, baina, sozialki, sufritu egiten da oraindik ere. Horregatik, estigmei aurre egiteko, oso garrantzitsua da elkarteek barrura eta kanpora begira egiten duten lana.




