agenda ยป uztaila | HARPIDETU BULETINERA

Osakidetzaren III. Euskara planaren tarteko ebaluazioan, betetze maila ertaina lortu da, % 53tik % 72ra bitartekoa

Ebaluazioan hainbat indargune nabarmendu dira: euskararen presentzia komunikazio korporatiboan, profesionalen euskalduntze-erritmoa (% 62), hizkuntza-eskakizunen sistema edo pazienteen hizkuntzaren erregistroa (% 90etik goiti). Hobetu beharreko arloak dira zuzendaritzen lidergo partekatua, plana unitate guztietara hedatzea edo euskara lan-hizkuntza gisa sustatzea.

Ebaluazioa azterketa-prozesu sakona izan da. III. Euskara Planaren helburu eta ekintza guztien betetze maila aztertu da Osakidetzako 21 zerbitzu-erakundeetan, 2025eko uztailean hasi eta 2026ko martxora arte. Helburua bikoitza izan da: planaren aurrerapen maila erakustea eta datozen 3 urteetan haren garapena areagotzeko gako nagusiak ezagutzea. Zerbitzu-erakunde bakoitzak bere ebaluazio-txostena jaso du, eta, guztiak kontuan harturik, txosten orokorra idatzi da.

Garapen maila ezberdina planeko 3 ardatzetan

Euskara Planaren betetze maila orokorra 3. urtean ERTAINA izan da, % 53tik % 72ra bitartekoa. Emaitza hori plana egituratzen duten 3 ardatz nagusietan lortutako emaitzen batez bestekoa da. Ardatz bakoitzaren aurrerapena desberdina da, ordea:

  • EUSKARAREN KUDEAKETA-SISTEMA da ardatzik garatuena, maila ertain-altua lortuta. Ardatz horretan positiboki baloratu da euskara estrategian integratuta egotea, langileen sentsibilizazioa edo hizkuntza-eskakizunen kudeaketa eta egiaztapenak. Aipatzekoa da euskara-eskakizuna duten lanpostuen ehunekoa (%59) eta lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna egiaztatu duten langileena (% 62) modu paraleloan egiten ari direla aurrera.
  • ZERBITZU HIZKUNTZArena da 2. ardatz garatuena, maila ertainarekin. Bere barnean hartzen ditu hala komunikazio korporatiboa (argitalpenak, errotulazioa, ingurune digitala…) nola erabiltzaileekiko harremanak (aurrez aurreko eta telefono bidezko arreta, dokumentazio estandarra…). Eremu honetan azpimarratzekoa da Euskadiko ia biztanle guztien lehentasunezko hizkuntza erregistratu dela dagoeneko (% 90ena baino gehiagorena), eta hori funtsezko abiapuntua da arreta pertsonalizatua eskaintzeko.
  • LAN HIZKUNTZA aurrerapen txikiena erakutsi duen ardatza da, oinarrizko mailan geldituta. Ardatz hau garatze-bidean dago eta oraindik badu hobetzeko tartea, batez ere barne-komunikazioetan, laneko baliabideetan eta euskarazko prestakuntzan.

Ingurune soziolinguistikoaren, lidergoaren eta transbertsalitatearen garrantzia

Zerbitzu-erakundeen aurrerapen mailak aztertuz gero, agerikoa da ingurune soziolinguistikoaren eragina. Puntuazio onenak erdietsi dituzten erakundeak biztanle euskaldunen kopuru handia duten eremuetan daude, eta puntuazio txikiena izan dutenak euskararen ezagutza urriagoa den eskualdeetan. Emaitzarik altuenak Donostialdeko, Barrualde-Galdakako, Debabarrenrko eta Bidasoko ESIek lortu dute, % 65etik gorako puntuazioarekin, maila aurreratutik gertu.

Hala ere, ingurune soziolinguistikoa garrantzitsua bada ere, zenbait erakundetan plana ez da garatu ingurune horren arabera espero zen bezala. Izan ere, funtsezko beste faktore batzuk ere hartu behar dira kontuan, hala nola lidergoa, plana zeharka hedatzea edo euskara normalizatzeko baliabideak.

Emaitzak lan-arloen arabera aztertuta, gerentzia eta komunikazioaren arloak zein pertsonen kudeaketakoak garapen ertain-altua dute, eta zuzendaritza ekonomikoek eta asistentzialek, berriz, oinarrizkoa. Alde horretatik, lidergo partekatuan sakontzeko beharra dago, zuzendaritza bakoitzak bere jardun-eremuan euskara normalizatzeko ardura har dezan.

Indarguneak eta etorkizuneko erronkak

Datozen urteetan aurrera egiten segitzeko oinarriak identifikatu ditu Osakidetzak:

  • Mantendu beharreko indarguneak: euskararen presentzia irudi eta komunikazio korporatiboan, hizkuntza-eskakizunen eta lehentasunen sistema, langileen euskalduntze-erritmoa, paziente bakoitzaren lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa, hizkuntza-ohiturak aldatzeko dinamikak eta Euskara Planaren laguntza- eta kontrol-egiturak.
  • Landu beharreko arloak: lidergo partekatua eta tarteko arduradunen eskutik plana zeharka hedatzea; hizkuntza-irizpideen aplikazio sistematikoa; euskarazko osasun-arretaren eskaintza aktiboa; eta euskararen sustapena lan-hizkuntza gisa (informazio-sistemetan, barne-komunikazioetan, historia klinikoan…) nahiz prestakuntzan.

Euskararen normalizazio-prozesuaren ebaluazio honen bidez, Osakidetzak bere konpromisoa berresten du bai herritarrek euren hizkuntzan kalitatezko arreta jasotzeko eskubidearekin, bai profesionalek euskaraz lan egiteko eskubidearekin.

 

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other